z da erraza kultura sortzea eta, gainera, euskaraz egitea, hizkuntza horri Araban indarra emateko. Horregatik, Batera bezalako deialdiek bultzada ematen diete Arabako ekintzaile eta gazte guztiei. Azken deialdi honetan, Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdiak Loa, loa lagunak, Poliedro Vol. 1 eta Larrugorritan proiektuak aukeratu ditu laguntza jasotzeko.

Maider Lasa, Eñaut Zubizarreta eta Ane Nafarrate, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteak dira lan aukeratuen egileak. Hilabete eman zuten crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen, Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkariaren hitzetan "beren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa" dela-eta. Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko Lasak, Zubizarretak eta Nafarretek, Arriolak eta Botasek deialdiko antolatzaileen, hots, Oihanederren, Gauekoak programaren, Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza jaso dute. Hiru proiektuen sortzaileek proiektu aurreratuak dituzte jada, eta beren lanetan duten ilusioa kontatu dute DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkari honetan. Adibidez, Maider Lasaren kasua da (Loa, Loa Lagunak). Bere asmoa ekitaldi artistiko eszeniko bat egitea da, barnean disko bat grabatzea abesti bakoitzari lotutako bideoekin eta kontzertu formatu batean. Gainera, kanta sexualak izango dira. "Lo kantak umetan entzuten ditugun abesti mota jakin batzuk dira, amaren bularrarekin eta magalarekin lotuak, babes eta segurtasun sentsazioa iradokitzen digutenak. Gehienetan nagusi egiten garen heinean entzuteari uzten diogu eta bularra segurtasun espazio bat izatetik espazio sexual batean bilakatzen da, eremu tabu, konfliktibo eta izkutatu beharrekoa bihurtuz. Hausnarketa hau egin ondoren, honako hau etorri zitzaidan burura: Zergatik ez ditut egiten helduentzako lo kanta sexualak?", galdetu zion bere buruari. "Sexualitatea gaur egun, oraindik ere, zailtasun eta blokeo ugariren iturri da askorentzat, eta sexuheziketa eta lanketa osasuntsua ez dago oso normalizatua eta edonorren esku. Tabua izaten jarraitzen duen gaia da eta gure egunerokotasunean oso presente duguna, gure osotasunaren osagaia den energia garrantzitsua baita energia sexuala, energia sortzailea, bitala. Ikertu eta baztertuta dugun energia hau kanporatzea, ikusgarritasuna emate, lantzea, garbitzea, mugitzea eta ezagutzea da proiektu honen helburua eta nahia musika eta adierazpen artistiko baten bitartez", erantsi du. Diskoak zazpi abesti izango ditu, ekitaldian segueruenik hamar bat egongo dira jolas eszenikoekin lotuak. "Ez da izango etxera iritsi eta fondo moduan jarriko duzun diska bat. Eszenan pentsatuta daude, interesgarria da entzutea irudimenak konposizio bat sortzera eramaten zaituelako", nabarmentzen du. Maider Lasak hasieratik izan zuen argi proiektu hori, eta beka lortzeko ahalegina egiteko aukera iruditu zitzaion. "Proiektuaren ideia aspalditik nuen buruan baina gauzatzeko momentua ez zen iristen".

Larrugorritanen taldeak ere sentitu zuen hau zela bere aukera telesail bat mimo gehiagorekin egin ahal izateko. "Proiektu gaztea da Larrugorritan, gazteek gazteentzat sortutako proiektua da eta errealista izanik oso zaila da zerotik horrelako proiektu bat aurrera eramatea. Hasieran, izugarrizko bultzada izan genuen Donostiako Tabakalerako 2deo deialdiaren laguntzarekin, baina ez zen nahikoa izan. Ane gasteiztarra izanik, berak proposatu zuen Batera Kultur Proiektuaren deialdia eta bi aldiz pentsatu gabe parte hartzea erabaki genuen. Aukera bikaina zela iruditu zitzaigun", kontatzen dute. Eta parte hartzetik irabazleak izatera. Proiektu honetan gaur egungo gazteen problematikaz hitz egiten duen seriea egingo dute. "Argi izan dugu gure kezkak, zalantzak eta problematikak ondo azaltzeko gure eta gure inguruko esperientzietan oinarritzea ezinbestekoa dela. Istorio honetarako, tabuak puskatu eta zentsura eta autozentsura alde batera utzi nahi izan ditugu. Emakumeon ahotsak nabarmentzea eta genero ikuspuntu batetik kontaketa garatzea ezinbestekoa izan da. Bost kidez osatutako lagun talde batek emakume eta gizonezkoen mitoak apurtuko ditu Larrugorritanen", esan eta erantsi dute: "Larrugorritanekin euskal fikzioan gure tokitxoa egin nahi dugu. Orokorrean gaur egungo gazteak ez gara identifikatuta sentitzen Euskal Herrian ekoizten den fikzioarekin. Hortaz, proiektuaren beste helburuetako bat gazteek euskal fikzioaren kontsumoa bultzatzea da. Normalean pantaila aurrean ikusten ez diren egoerak ikusgai egin eta 22 urteko protagonisten bitartez gazteon identifikazioa sustatu nahi dugu. Gainera, lan talde teknikoa gehienbat emakumez osatuta dago; oso garrantzitsua izan da departamendu buru gehienak emakumez osatuta egotea. Orain arte iritsi ez diren postu horietara eraman nahi izan ditugu emakumeak".

Eñaut Zubizarretaren PoliedroVol.1 proiektuak biolontxeloa gaur egungo musiketara egokituko du. Horretarako, proiektua bi zatitan bereiztuko du: alde batetik, forma eta kolore anitzetako 19 abestiz osatutako diskoa egingo du. Biolontxeloarekin beste musika bat egitea posible dela ikusarazi nahi du modu honetan Zubizarretak. Eta bestetik, eta hari beretik tiraka, gaurko eta biharko txelista, biolinista etabarrak lengoaia berri hauetan hezi nahi ditu eta horretarako metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat ere argitaratuko du proiektu honen baitan. "2019. urteko udan hasi zen proiektuaren germena lantzen. Bidea zaila izan da, proiektu oso handia da (19 abesti, partiturak, metodologia, saiakera€) eta bakarkakoa gainera. Ez da bakarrik lana egin behar duzula, hori txinaurri lanarekin eta determinazioarekin aurrera ateratzea posible da, baina finantziazioa beste kontu bat da. Finantziazio iturri bila ibili naiz orduz geroztik. Oihanederrek eskaintzen dituen deialdiak gertutik jarraitu izan ditut azken urteotan, eta Batera deialdiak Gasteiz eta Arabaz gain Euskal Herri mailako irabazle bat izango zuela ikusi nuenean proiektua idatziz garatu, txukun jarri eta parte hartzea erabaki nuen", dio. "Irudi jakin bat duen instrumentua da txeloa, eta orokorrean igurtzizko sokazko instrumentu guztiak. Hala ere, munduan zehar bide berri pila bat zabaltzen ari da jendea, 2018an Kolonian izandako New Directions Cello Festivalen ikusi ahal izan nuen bezala. Txeloarekin denetarik egin daiteke, intrumentu oso poliedrikoa da eta nik ere musika ezberdin asko jo eta entzun izan ditut". Horregatik, "bion elkargune bat sortu nuen proiektu honekin, eta flamenkoa, stonerra, metal aedo DnB aurki ditzakezu diska honetan, besteak beste. Horrek inplizituki dakar barneratutako jakintza guztiak komunitatean zabaltzea, erakustea txeloak musika klasikotik kanpo ere baduela tokia; baina batez ere, gaurko eta biharko txelista, biolinista, etabar lengoaia berrietan formatzea", erantsi du.

Oihanederren, Gauekoak

programaren, Laboral Kutxaren eta

Vital Fundazioaren

laguntza jaso dute

Komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza

jaso dute, baita kanpaina osatzeko 2.000na euro ere

'Loa, loa lagunak', 'Poliedro Vol. 1' eta 'Larrugorritan 'proiektuen

crowdfunding kanpainak, Batera, abian