Hitzak, hitzak eta hitzak. Xabier Lete hil zenetik hamar urte bete dira gaur. Oiartzuarra ertz askoko gizona zen eta, horregatik, bere figurari eta obrari errepaso bat ematearren NOTICIAS DE GIPUZKOA Alex Gurrutxagarekin kontaktuan jarri da, Leteren pentsamolde eta obra aztertuko dituen hiztegi txiki bat sortzeko asmoarekin. Gurrutxaga Literaturan doktorea da eta bere tesia Xalbadorren heriotzean lanaren bilakaeran oinarritu zuen. Alberdaniak, gainera zarauztar honen Xabier Leteren poetika; aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat ikerketa lanaren bertsio laburtua liburu dibulgatibo moduan kaleratu zuen orain dela ez asko, Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria izenburupean.

Hiztegi honek, noski, hitzaurre bat behar du, hain zuzen ere, kontzeptu guztiak bere barnean laburbiltzen dituen gizakia definitzeko. Nor zen Xabier Lete? "Bera ulertu nahi baldin badugu, funtsezkoa da ulertzea beste artista guztien artean nabarmentzen duena, artista askotarikoa izan zela", esan du Gurrutxagak. Poeta, kantaria, bertsozalea, antzerkigilea, saiakera-idazlea, Zeruko Argia eta Muga aldizkarietan ere idatzi zuen... Letek diziplina asko jorratu zituen. Bera baino kantari "hobeak" bazeuden; baita, "ziurrenik", letragile eta poeta "hobeak" ere. "Baina ez dakit baden inor hain espektro zabalik landu duenik, ezta hain eraginkorra denik esparru bakoitzean", azaldu du ikertzaileak. Bide horretan, artista "osoena" izatera iritsi zen, "kortse" eta "generoen mugei" ihes egiten ziena gainera. Halere, moduren batean definitu beharko bagenu, berak bere burua ikusi zuen moduan egin beharko genuke, hau da, "poeta" gisa.

Xabier Lete 1944. urteko apirilaren 5ean sortu zen Oiartzunen. 1960ko hamarkadaren hasieran Lartaun antzerki taldean ibili zen. Bere kantagintzaren eta poesiaren hastapenak, aldiz, hamarraldi horren erdikoak dira -kantari gisa, urte askotan Antton Valverde pianista eta Lourdes Iriondo izan zituen bidaide-. Egunetik egunera orduen gurpilean bere lehen poema liburua izan zen, 1968an kaleratutakoa.

Ez Dok Amairuko kide izan zen eta politika munduan ere lanean aritu zen. Hain zuzen ere, 80ko hamarkadan kargu politikoak izan zituen Foru Aldundian -Imanol Muruarekin Kultura diputatu izendatu zuten 1985ean; aurreko legealdian, aldiz, Kultura zuzendari izan zen-. Halaber, ETArekiko oso kritikoa izan zen eta 33en Manifestua sinatu zuen 1980. urtean, Muga aldizkariaren orbitan zebiltzan beste 32 pentsalarirekin batera.

Zoritxarrez, hamarkada horretan bere azken urteak baldintzatuko zituen digestio-aparatuan gaixotasun kroniko bat pairatzen hasi zen. Gerora, gaixotasunak bere plaza-lana baldintzatu zuen.

Jarraian, Leteren ertz esanguratsuenak laburbiltzen dituzten hamaika hitz bildu ditugu:

Artista

Leteren ustez, artistak, horrela kontsideratuak izateko, "diziplina askotan" aritu behar dira.

Bertsolaritza

Gurrutxagak argi utzi nahi duen lehen gauza da Lete ez zela inoiz bertsolaria izan, "bertsolaritza klasikoa zen interesatzen zitzaiona". "Ez dirudi bertsolaritza garaikidearekiko hainbeste interesik zuenik", aipatu du.

Plazagizonekiko miresmena Berrehun urtez bertsotan zazpi diskoko bilduman ikus daiteke; "izugarrizko altxorra da". Bertan, Letek Xenpelar, Bilintx, Elizanburu, Etxahun, Otaño, Txirrita, Basarri, Uztapide, Xalbador eta Lazkao Txikiren bertsoak bildu eta doinua jarri zien.

Modu berean, bertsolaritzak Leteren kantagintzan eta poesian "inpronta handia" izan zuen. Baina ez bertsolaritzak bakarrik, "orokorrean, euskarazko ahozko tradizioak garrantzi handia izan zuen". Halere, beste tradizioak ere kontuan hartu zituen. Adibidez, oiartzuarra Barojaren oso irakurle fidela zen eta "maitasun" hori ulertu egin behar da ahozko tradizio horiekiko "atxikimendu eta estimazio" gisa.

Existentzialismoa

Korronte filosofiko honen pisua "zentrala" izan zen oiartzuarraren pentsamoldean, bereziki, 60ko eta 70eko hamarkadetan. Atzean zeuden Albert Camus eta Jean Paul Sarteren moduko pentsalariak eta, hain zuzen ere, filosofo existentzialistek oinarria eskaini zioten protesta kantuari eta poesia sozialari.

Urteak aurrera joan ahala, existentzialismoak pisua galdu zuen, baina Leterengan "sedimentua" utzi zuen heinean, federa itzultzen saiatu zenean "arrazionalki materialista zela" izaten jarraitu zuen, berak esanda.

Ez Dok Amairu

"Oinarri kultural bat" eman zion Ez Dok Amairuk Euskal Herriari. 1965. urtean sortua, 1972an desegin zen taldea. Lourdes Iriondo, Artze anaiak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi dira taldeko izenik esanguratsuenak, Leterekin batera, noski. Halere, azken horrek "ia menturaz" taldekide izan zela zioen eta nahiz eta "aski garrantzitsua izan bere garaian", denborarekin "nostalgiarik gabe" begiratzen ziola Ez Dok Amairuri aitortu zuen.

Gurrutxagaren esanetan, Europa mailan Ez Dok Amairu "kultur fenomeno esanguratsua izan zen". "Taldeak momentu batean kanalizatu egin zuen Euskal Herriak zuen sentipen bat. Bozgoragailu bat izan zen sentimendu, bizipen eta amets askorentzat". Euskal gizarteari "duintasuna" eman zion "ispilu" bat izan zen; "bere elementu kulturalez harro egoten" erakutsi zion. "Ez dakit gure historian horrelako beste kasurik baden; ez dut uste", esan du ikertzaileak.

Horretan guztian, Lete figura "fundamentala" izan zen, kantari gisa 1966tik, baina partaide moduan 1965etik. "Oso bat" joan ziren Ez Dok Amairuren asmo kulturalak, artistak zituenekin. Baina taldeak bere "autonomia" kolokan ikusi zuenean hasi ziren arazoak. "Besteak beste, Ez Dok Amairun krisia sortu baldin bazen, izan zen politika hasi zenean kultur esparrua inbaditzen edo kontrolatzen saiatzen", dio, eta Leteren moduan, beste artista askok ere, "artea esparru independientea" izan behar zuela aldarrikatu zutela.

Fedea

"Lete fededun zen edo ez, hori bai dela eztabaida polita. Halere, ni ez naiz erantzun bat ematera ausartzen", onartu du, barrez, Gurrutxagak. Dena den, "saiatu, saiatu zen". Ez hori bakarrik, argudiatu ere, argudiatu egiten zuen. 1980ko hamarkadan hilzorian egon ondoren, gaixotasunaren "sufrimendua" etorri zitzaion.

Testuinguru horretan zioen "filosofia materialistek" -beste gauzen artean, hil ondoren hutsa besterik ez dagoela diote- ez dutela heriotzaren atean bizi dena "kontsolatzen". Horregatik, bizitzan aurrera egiteko "beste zerbait" behar zuela aldarrikatu zuen eta, horrela, arrazionalki argudiatu egin zuen nola fedeak "itxaropenean eta kontsolamenduan" lagundu egiten zion.

Ildo honetatik, Gurrutxagak, Literaturan aditua den heinean, beste gai bat mahaigaineratu du, hain zuzen ere "fedeak konponente estetiko oso garrantzitsua duela" eta gogora ekarri du Lete asko hunkitzen zela, adibidez, musika erlijiosoarekin. "Ez dut esango konponente nagusia denik, baina ez dezagun ahaztu erlijioaren zabalkundea pertsonak hunkitzeko pentsatuta dauden elementu estetikoei oso lotuta dagoela", nabarmendu du, eta kontu estetiko horiek "garrantzitsuak" direla Leteren obran; hainbesteraino, azken garaietako bere poesiak "de facto kutsu erlijiosoa" hartu zuela.

Gaixotasuna

Bere gaixotasunaren ondorioz, Letek eguneroko bizitza "oso baldintzatua" izan zuen -elikatzeko sistema berezi bat zuen-. Ebakuntza asko jasan zituen azken bi hamarkadetan, eta hil aurreko garaietan urtero hiruzpalau aldiz ospitaleratzen zuten. Zentzu horretan, edozertarako, errezitaldietarako kasu, "antolamendu behar berezi bat" izatera behartzen zuen. Modu berean, edozein esfortzu handik "digestio arazoak eta kiloak galtzea" ekartzen zion.

Hori horrela izanda, Gurrutxagak azpimarratu egin du Letek gaixotasunaren inguruan izan zuen "diskrezioa". "Nik dakidala, pare bat aldiz edo kontatu zuen zerbait publikoki, baina oso-oso gutxi. Eta hori gizartearekiko hautu etiko batekin erlazionaturik dago, bere gaixotasunarekin erlazionaturiko kontuak ez friboloki, ez modu noblean ere komentatzeko garaian", azaldu du. Horiek kontatuta, uste zuen zabaltzen zuen ideia izango zela "bera sufritzen ari zela eta besteak ez". "Paradoxikoki askotan esaten da Lete iluna zela, baina gauza batzuk ezkutatu egiten zituen, bera publikoan zegoenean eraikitzaileagoa izaten lagundu egiten ziolako", gehitu du.

Kantagintza

Poesia eta kantagintza bi "esparru oso independenteak" zirela argi zuen arren, nahastu egiten dira. Gurrutxagak berak "zaila ikusten du" bata non hasi eta bestea non bukatzen den: "Bere obra hartzen baldin badugu, kantu bihurtzen diren poemak aurkituko ditugu. Modu berean, diskoetan eta poema-liburuetan argitaratzen dituen letrak ditugu. Bestalde, badaude zenbait kantu bakarrik kantu moduan argitaratu zituenak... Badaude oso garbi kantuak direnak eta gauza bera gertatzen da poesiarekin. Baina, badago erdian oso esparru zabala, zailtasunez mugatu daitekeena".

Dena dela, Letek "oso garbi" izan zuen beti "kantagintza oso bitarteko ona zela poesia, artea eta ideia filosofiko eta etikoak zabaltzeko". Kantari moduan, "oso ezberdina" zela esaten zuten 60ko eta 70eko hamarkadetan: "Kantari hau oso poeta da, esaten zuten. Eta hori horrela zen, beste kantariek ez zuten zerbait zuelako".

Lourdes Iriondo

"Hasieran ez zirudien ezer gertatuko zenik baina (...) enamoratu egin ginen, gauzak horrela dira, ezta?", dio Letek Lourdes Iriondorekin izan zuen erlazio erromantikoari buruz Mujika Iraolak bildutako (Auto)biografian. Aurten, Lete hil zenetik hamar urte betetzen dira, eta Iriondo zendu zenetik hamabost urte pasa dira.

Gurrutxagak azaldu du Iriondok Leterengan "lilura sortu zuela". Euskal Joan Baez moduan ezaguna, 1965 eta 1966an bitartean prentsan oso ezagun egin zen. Letek berak "komunikabideetatik" ezagutu zuen eta, gerora, Ez Dok Amairun idazkari lanetan ibili zelako.

"Lourdes Iriondo da euskal kanta berriaren sorrerako ahots nagusienetakoa", aipatu du Literaturan doktoreak Aberriaren poeta kantaria obran. Donostiarra "neurriko" kantaria izanik, bide bat ireki zuen bere lan musikalarekin eta, baita ere, haur literaturan egin zuen lanarekin. 1978an, berriz, kantagintza egin zuen.

Lete eta Iriondo ezkondu egin ziren "elkarrekin ateratzen hasi eta handik bi urtera"; halere, gorabehera asko izan zituzten erlazio horretan. 70eko hamarkadan elkarrekin abestu zuten, baita Antton Valverde eta Pantxoa eta Peiorekin ere. "Letek zioen erlazioan hiru fase pasa zituztela: hasierako lilura moduko bat, nola halako krisiak eta, azkenik, sufritu eta desleialtasunak bizi ondoren, oreka batera iritsi ziren eta, nolabait, egindako gauzen gainetik egotera pasa ziren. Moduren batean, elkarri leial izatera pasa ziren. Hori, esango nuke, azken urteetan landu zutela, jada, biak gaixo zeudela", sakondu du adituak.

Erlaziotik kanpo, Leteren obran, bere azkeneko poema liburuan, nabaria da Lourdes Iriondoren figura zentrala dela, atal oso bat "hila den maiteari eskainitako" poemak direlako, Iriondo zuzenean eta espresuki aipatzen ez duen arren: "Ez dira hain konkretuak, poemak unibertsalagoak dira, baina isilpean dagoen figura hori Lourdes Iriondo da".

Poesia

Obra argitaratuari erreparatuta, Lete denbora gehiago izan zen poeta kantari baino. Lehenago hasi zen idazten, kantatzen baino eta utzi ere, geroago utzi zion. Halere, kantagintzarekin gertatzen den moduan, nahiz eta esparru "independenteak" izan, poesiak ere bere kantagintza "markatu egiten du bere izaera". "Hasiera-hasieratik Lete kantariarengan jendeak ikusten duena da ze poeta den; hori kuriosoa da", dio Aberriaren poeta kantariaren egileak. Bere poesiak ere bilakaera izan zuen. Hastapenetan, poesia sozialari ekin zion eta, denborarekin, "intimistagoa" bilakatzen hasi zen.

Politika

70. hamarkadan euskal gizarteak bizi izan zuen hummus politikoaren parte ere izan zen Lete. Artista oiartzuarra, beste jende askoren moduan, frankismoaren azken urteetan sortutako "urgentzia politikoari" erantzun egin zion "oso modu intensoan". Zentzu horretan ulertzen du Gurrutxagak hurrengo hamarkadan Letek politika instituzionala probatu izana.

Halere, "irakinaldi" hori hozten joan zen. Abertzaletasunari eta kulturgintzaren esparruari dagokionean, "iraunkorragoa eta sakonagoa da" bere interesa. Hasierako lanetan, jada, badaude aldarrikapen politiko zuzenik ez daukaten baina aberriarekiko atxikimendu garbia daukaten piezak. Horien artean kokatu behar dira, esaterako, Nafarroa arragoa edo Altzateko jaun, ezhoiko protesta kantuak direnak, aldarri politikorik gabeak. Halere, "mami bat badute", Letek lurraldeari, hizkuntzari, izate kultural bati dion atxikimendua erakusten duena.

"Politikak benetan nazkatzen eta gaixotzen duenean, hori da irauten duena", azaldu du, eta oiartzuarrak berak zioen zerbait gaineratu du: "Niri Caro Baroja kabitzen den Euskal Herri bat interesatzen zait". Ikuspegi kulturalak bilatzen zituen modu "integratzaileak" lortzeko aukera ematen zion.

Tradizioa

Xabier Leteren obran, bereziki azken urteetan, "kultur tradizioaren pisua erabatekoa da"; kultura, beti ere "mundua habitatzeko modu" gisa ulertuta. Artistaren letretan behin eta berriz leitmotiv gisa Euskal Herriari lotutako elementu kultural eta identitarioak agertzen dira: "Azken urteetan aberria bizitzeko modu bat formulatu zuen, non zentrala zen kultur tradizioa, hizkuntza, kantu zaharrak, bertsoak, ipuinak... Elementu horiek guztiek osatzen dute Leteren kokagune fisiko eta mentala".