- Gasteizek sorkuntza koreografikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Oraingo honetan, Antzoki Nagusiaren eskutik iritsi zen apustua, atzo Atalak Koreografia-sorkuntzaren mugaz gaindiko sarea aurkeztu baitzuen.

Arabako lurraldean, Atalak sareak Gasteizko Antzoki Sarea eta Idoia Zabaleta buru duen Azala ditu bazkide. Jose Uruñuela Dantza kontserbatorioa ere laguntzaile du. "Etengabe aldatzen ari den errealitate baten aurrean, Atalak lanean jarraitzen du, bere burua berrasmatzen eta sektorearen erronkei erantzuten. Inoiz baino gehiago uste dugu beharrezkoa dela Akitania-Euskadi Nafarroa Euroeskualdean koreografia-sorkuntza aktibatzea eta indartzea. Eta sare hau horretan ari da lanean", azaldu zuten atzo Atala saretik. "Pandemian zehar, Gasteizko Antzoki Sareak, Azalak, José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak eta tokiko koreografoek, Atalak Sareko bazkide eta laguntzaileekin batera, topaketak eta bilerak egin dituzte online, koreografia-sorkuntza bultzatzeko helburuarekin. Ez zen unerik onena elkartze fisikorako eta mugimendurako, baina bai esperimentaziorako eta laborategiko lanerako. Horrela, Atalak komunitateekin konektatzen eta sarea sortzen jarraitu du", gaineratu zuten.

Atalak-en aurkezpenean Marta Monfort Ayestaran (Antzoki Nagusiakoa), Fernando Saez de Ugarte (Dantzaz-eko zuzendaria) eta Laida Aldaz (koreografoa) izan ziren. Marta Monfortek azaldu zuen bezala, Atalak sareak dantza garaikidearen sektorerako aukerak sortu nahi ditu, eta horretarako bi asteko esperimentazio-laborategiak eskaintzen dizkie Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko koreografoei, nagusiki lurralde horretatik datozen zortzi eta 14 dantzariz osatutako talde batekin lankidetzan arituz. "Gainera, ekoizpen egoitzak ere eskaintzen zaizkie Atalak Sarearekin harremanetan egon diren koreografo euro-erregionalei, ekoizpen horiek birarazteko aukerarekin", zehaztu zuen. Azkenik, Atalak Sareak ere hainbat ekintza eta bitartekaritza-tresna egiten ditu sormen-prozesu horiek guztiak lurraldearekin erlazionatu ahal izateko, erakunde elkartuen eta sareak sortzen dituen ekintzen bidez.

"Laster, irailaren 16an, Laida Aldazen laborategiaren aurkezpena egingo dugu Felix Petite Antzokian", azaldu du Marta Monfortek. Helburua Atalak Sarera ateratzen diren ekoizpen berriak Gasteizko programazioan "etorkizun hurbilean" jaso ahal izatea da. "Harantzago, tokiko koreografoekin egiten den lana gehitu behar da, hala nola Larrua Proiektua, iaz sorkuntza-laborategi bat egin zuena eta datorren urtean produkzio-egoitza batekin jarraituko duena. Baita Zuriñe Benaventerena ere, 2021ean bere laborategia egingo duena". Denis Santacana, Laida Aldaz eta Eneko Gil dira aurten koreografo gonbidatuak. Ekoizpen-egonaldiari dagokionez, Carmen Larraz nafarrak gidatuko du Atalak 2020. Dantzaz da mugaz gaindiko sare horren buru, eta honako hauek biltzen ditu sareak: Gasteizko Antzoki Sarea, CCN Malandain Ballet Biarritz, Baluarte Fundazioa, Tabacalera eta Gipuzkoako Dantzagunea, eta laguntzaileen sare gero eta zabalagoa, hala nola Gasteizko Udal Kontserbatorioa, Dantzerti, Baiona-Biarrizko Kontserbatorioa, SGAE fundazioa, La Fundición eta Azala.

Atalak ekimenaren barruan, Site Specific Ciudad en Creación aurkeztuko du Laida Aldaz koreografoak hilaren 16an, aste hauetan Felix Petite antzokian garatzen ari den laborategia. Leku horretan bertan izango da, arratsaldeko zortzietan. Ingurunearen behaketan oinarritzen da proposamena, sorkuntza-jarduerarako inspirazio gisa. Hiriaren konposizio espaziala aintzat hartzen du Aldazek non, nola eta zer sortu nahi duen erabakitzeko, eta material koreografikoaren errealitatea espazio eta leku desberdinekin trukatzen, proposamen koreografikoak ohiko espazio eszenikotik kanporatuz. "Diziplina anitzeko artistatzat daukat nire burua, ez koreografotzat bakarrik. Diziplina desberdinak lantzen ditut, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta dantza, baina nire benetako prestakuntza dantzaria izan da, eta diziplina horiek guztiak dantzara eramateko joera izan dut", azpimarratu zuen Laida Aldezek. "Espazio jakin batera eramaten da estudioan sortutako dantza eta espazio zehatz horri atxikitzen saiatzen da. Eraldatu egiten den dantza da, eta malgutasuna behar da", gaineratu zuen.

Laida Aldaz hainbat artista eta konpainiarekin lan egin du, hala nola David Zambrano, Julyen Hamilton, Enclave Dance Company, Cacao Bleu eta Zoo Dance company besteak beste. Gaur egun, bere pieza propioak sortzeaz gain, Zinetika zinema eta dantza jaialdiko zuzendaria da, eta —Carmen Larraz eta Marta Coronadorekin batera— La Faktoria zentro koreografikoa zuzentzen du, Nafarroan.

"Espazio jakin batera eramaten da estudioan sortutako dantza eta atxikitzen saiatzen da"

"Diziplina anitzeko artistatzat daukat nire burua, ez koreografotzat bakarrik"

Koreografa