- Santa Maria Katedrala Fundazioak erloju historikoaren makineria eta barruko txirrina instalatu ditu tenpluaren elizpearen gainean dagoen aretoan. Elementu horiek bisita gidatuen dibulgazio-ibilbidearen parte izango dira. Izan ere, bi piezak duela gutxi sartu dira katedraleko objektu historikoen eta artelanen katalogo zabalean, eta bisitariek horrelako eraikinetan ikusteko zaila den elementu bat ezagu-tzeko aukera dute.
"Erlojuaren makineria, XIX. mendean datatua eta Fundazioak jabe-tzan eskuratua, Elorriagako dorretik berreskuratu eta Oscar Achaerandiok zaharberritu du. XIX. mendearen bigarren erdialdean Santa Mariako kanpandorretik orduak eman zituen makineria bera denik ziurtasun osoz esaterik ez dagoen arren, adituak bat datoz esatean berreskuratutako pieza egile berak -Francisco de Paula Abaituak- eta estilo berarekin egin zuela. Eta garai berekoa da, zalantzarik gabe", adierazi zuten atzo katedraletik. Ildo horretan, aipatutako iturriek azaldu dutenez, Elorriagako Udalak Oscar Achaerandiori eman zion erlojuaren mantenua. Duela lau urte, mekanikariak pieza erosi eta bere tailerrean zaharberritzea erabaki zuen: "Elementu horren berreskuratzearen historia, lanbidez mekanikaria den eta antzinako objektuak zaharberritzeko zaletasuna duen Oscar Achaerandiorekin erlazionatuta dago. Bera bizi den Elorriagako Udalak, dorreko erloju zaharraren mantentze lanak egiteko enkargua eman zion -sei egunean behin mekanismoari eskuz eragin behar zitzaion-", adierazi eta erantsi zuten: "Udalak 1921ean erosi zuen erlojua, eta oso hondatuta zegoen. 2016an, Achaerandiok pieza erostea eta bere tailerrean zaharberritzea erabaki zuen. Orain, makineria katedralera itzuli da, baina ez orduak emateko, bisitariek horrelako mekanismoen konplexutasuna eta edertasuna ezagutu dezaten baizik".
Zaharberritze lan horiez gain, erlojuaren barne-tinbrea ere katedralera itzuli da. Tinbre hori Gasteizko Udalaren esku zegoen, udal artxiboan gordeta hain zuzen, baina, azkenean, Udalak Katedralari laga-tzea onartu du. Katedralaren kideen hitzetan, "erlojuaren barruko txirrina ere katedralera itzuli da, Gasteizko Udalak Santa Maria Katedrala Fundazioaren alde gordailuan lagatzea onartu ondoren. XX. mendearen amaieran kendu zen pieza hori jatorrizko lekutik, Udal Artxibora eramateko, eta han zegoen ikusgai ordutik. Zaharberritze lana, Hermanos Suescun erloju-egileek egin dute".
Gaur egun, txirrina berreskuratu ondoren, katedraletik erlojuaren makineriaren ondoan jartzea erabaki dute. Izan ere, garai batean kanpai-hotsen ordu ukitu berberak erreproduzitzea zen bere eginkizuna. "Txirrina erlojuaren makineriaren ondoan, Elizpearen gaineko gelan, eta organoaren atzean zegoen, eta bazuen berezitasun bat: ordu eta erdien tokearekin batera, zegokion ordu osoaren zenbakia ematen zuen. Bere funtzioa, tenplu barruan, kanpaiek jotzen zituzten ordu osoen, laurdenen eta erdien tokeak erreproduzitzea zen", nabarmendu dute.
Azkenik, Santa Maria katedraletik beren zoriona eta poztasuna erakutsi dute bi piezak berriz ere han edukitzeagatik eta elkartu ahal izateagatik. Diotenez, bi pieza horiek balio historikoa ematen diote katedralari, herritarrek bertan egiten dituzten bisitak aberasteaz gain: "Bi pieza horiek gehituta, Santa Maria Katedrala Fundazioak aberastu egiten du Obretan eta irekita proiektuaren dibulgazio-eskaintza, eta bisitarien eskura jartzen ditu ikusteko errazak izan ohi ez diren interes eta balio historiko handiko elementuak", ondorioztatu dute.
Santa Maria katedralak ehunka bisita jasotzen ditu urtean. Hala ere, gaur egungo osasun-egoera dela eta, zentro honek herritar guztiei gomendatzen die hitzordua har-tzeko, bisitak bermatu ahal izateko. Aldez aurreko hitzordu hori bertan duten web orrian ere egin daiteke. Hala ere, erreserba-sistema horretan ez da on line eran ordaindu beharrik, bisitaldian plaza bermatu besterik ez du egiten.