- Koronabirusak bete-betean jo ditu kultur ekitaldi guztiak eta bizirik irautea ez da erraza izan, baina, zorionez, lortzen ari da. Arabako bertsozale elkarteak, ahalegin handiz eta zailtasun dosi batekin ere, duen programazioarekin aurrera egitea lortzen ari du, eta berrogeialdian ere, bertsolaritzaren alde lan egiten jarraitu izan du. Izan ere, gaur Bertsoa Bizi Gaztearen finala ospatuko dute, online formatuan bada ere.

"Aurtengoan ez dugu azken urteetan bezala Bertsoa Bizi Gazte lagun arteko egun pasa moduan ospatzerik izango. Baina lehiaketa online formatura egokitu da eta finala aurrera egingo du", iragarri du Arabako bertsozale elkarteko kide Uxue Ceriok. Hala, urritik martxora, Bertsoa Bizi Gazte proiektuak bere bidea egin du bigarren hezkuntzako ikasleekin, eta gaur bere helmugara iritsiko da. "Parte hartu duten taldeek bideoklib bat egin dute eta gaur da bideo hauen finala", zehaztu du Uxue Ceriok. Aurtengo edizio honetan Arabako leku ezberdinetatik, (Gasteiz, Agurain, Aramaio, Mendialdea, Zuia eta Zalduondotik, hain zuzen ere) zortzi lan aurkeztu dira; sei bideoklip modalitatean eta beste bi lan zuzeneko grabazio modalitatean. Zortzi talde horietatik lau finalista bihurtuko dira, bat publikoaren erabakiz, adibidez, edo bideorik originalena izateagatik. Hori bai, laurek sari bera jasoko dute. "Oso pozik gaude aurten izandako parte-hartzearekin. Iaz ere zortzi talde aurkeztu ziren eta duela bi hamabost bat talde inguru. Baina iazko parte-hartze kopuru bera mantendu dugu, bizi garen egoeran egonda gainera, eta oso pozik gaude", adierazi du poztasunez Ceriok.

Final honetaz gain, Arabako bertsozale elkartea ere bere proiektu guztien lanean murgilduta dago. Aldaketak eginez edo ekitaldi batzuen datak atzeratuz, baina ahalegin berarekin lan eginez jarraitzen dute. Adibidez, eta ikastetxeetan ematen dituzten klasei dagokienez, elkarte honek online jarraitu du aurrera martxan duten proiektuarekin. "Arabako bertso-eskolek ez dute etenik izan berrogeialdian, haur, heldu zein gazteak jo ta ke aritu dira pantailatik pantailara, etxetik etxera, gaiak jarri eta bertsotan erantzunak landuz. Ikasleekin egiten dugun lanari eutsi diogu, baina etxetik. Ekintzak edo bertsogintza bidaltzen dizkiegu eta beraiek egiten dituzte", nabarmendu du. Hala ere, lan hori online formatuan egiteak ahalegin handiagoa eskatzen du haientzat; izan ere, ikasleei ematen dieten arreta jada ez da gelan bezain taldekoa, ikasle bakoitzarekin ere banakako lana egiten baitute. "Horrela lan egitea ahalegin handiagoa izan da guretzat, azkenean ikasleekin banakako lanorduak eskatzen ditu, ikasle bakoitzarekin banaka edo talde txikietan bertsoa sortzeko eta egin beharreko lana egiteko. Gainera, irakasleok tutoreekin koordinatzen ari gara eta horretarako, noski, ahalegin eta koordinazio handiagoa behar da. Izan ere, normalean gu eskolara joaten gara, eta ikasleek momentuan sortzen dute. Baina orain etxean sortu behar dute, eta ez da lan egiteko modu bera", azpimarratu eta erantsi du: "Halere, hori izan da aurkitu dugun modurik egokiena gure lanarekin jarraitu ahal izateko eta dena bertan behera utzi beharrik ez izateko. Beraz, pozik eta zoriontsu gaude, ahalegin handiagoa egiten ari gara, baina lanean jarraitzen dugu, bizi dugun egoera gorabehera".

"Bertso saioen plazak hortxe gelditu zaizkigu; agenda gabe. Alegia, Euskal Herria mailan hasi dira bertso saio batzuk grabatzen eta bertsoa.eus bidez zabaltzen, baina Araba mailan ez gara horretan hasi momentuz. Ez ditugu gauzak bertan behera utzi, baina atzeratu ditugu udara pasatuz. Ikusiko dugu zer gertatzen den uda heltzen denean", azaldu du Uxuek. Adibidez, atzeratutako proiektu eta ekintzen artean barnetegiak daude. Euskal Herri osoko haur eta gazteek hartzen dute parte Bertso Udalekuetan; euskalki aniztasuna da, hain zuzen, udalekuon ezaugarrietako bat. Bertsolariekin zuzeneko harremana izaten dute parte-hartzaileek. Txanda bakoitzean bertso afaria egiten da, eta gaztetxoek aukera dute beren erreferente direnekin hitz egiteko eta bertsotan jarduteko. Hezitzaileak, zuzendari, begirale zein sukaldariak, bertso mundukoak eta aisialdian esperientzia dutenak dira. Lantaldeak prestaketa saioa egiten du udalekuetan hasi baino aste batzuk lehenago. Barnetegietan izaten da haurrek gehien gozatzen duten lekuetako bat, baina aurten irailera arte atzeratu beharko da gozamen hori, eta egungo egoerak erabakiko du egin daitezkeen ala ez.

Eta elkarte honetatik konfinamandua atseginagoa egiteko, lehiaketa erakargarri bat ere jarri zuten martxan, baina zortzi asteren ondoren, aste honetan azkena izango da. Joko honetan bertsolaritzari buruzko 10 galdera proposatzen ziren eta 10ak asmatzen zituzten parte hartzaileen artean emergentzi egoeratarako kitaren zozketan sartzen ziren.

"Arabako bertso-eskolek ez dute etenik izan berrogeialdian, haur, heldu zein gazteak jo ta ke aritu dira etxetik etxera"

Bertsoa Bizi Gazte bere helmugara iritsiko da gaur; finalerako zortzi lan aurkeztu dira eta lau bihurtuko dira irabazle