Bilbo - Liburuen irakurketa eta zinemara joatea dira Euskal Autonomia Erkidegoan kultura praktika zabalduenak biztanleriaren artean. Hala islatzen du Kultur Behatokiak egindako ia 4.000 elkarrizketaren emaitzak biltzen dituen ikerketa batek. Modu horretan, EAEko parte-hartze kulturalari buruzko inkestaren datuak, 2008an jasotakoekin konparatzea ahalbidetzen du.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Joxean Muñoz sailburuordeak atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, biztanleen %74ak azken urtean libururen bat irakurri du, ia %70a gutxienez behin zinemara joan da eta %58ak, musika entzuten du egunero.

Oro har, atzo azaldu zutenez, parte-hartze kulturalaren bilakaera positiboa izan da; gorakada nagusiak antzerkiari, kontzertuei eta baita dantza ikuskizunei eragiten dietelarik, guztira portzentajezko hogei puntu baino gehiago. Izan ere, 2008an antzerkira %22a joaten zen bitartean, iaz biztanleriaren %46a joan zen antzezlanen bat ikustera. Kontzertuei dagokienez, gorakada nabarmena izan da ere, orain dela hamar urte %17a joaten zen bitartean, 2018an %40ra igo zen. Azkenik, dantza ikuskizunetarako asistentziak portzentajezko 21,3 puntutan egin du gora.

Bestalde, aztertu diren hamabi kultur praktiketatik, beherakada nagusienak hiru arlotan eman dira: egunkarien irakurketan (9 puntu gutxiago), aldizkarienean eta baita arte galerietara joateko ohituran izan dira, azken honetan hiru puntu jaitsi delarik asistentzia.

Horrenbestez, Kultura Behatokiak egindako ikerketaren datuek euskaldunek kultura estimatzen dutela ondorioztatzen dute, hamarreko eskalan, kultura-jardueretan parte-hartzeak duen garrantzia, 7,3ko puntutan kokatzen baitute. Gainera, Zupiriak atzo aditzera eman zuenez, ikasketa mailak eragin zuzena dauka kultur jardueren balorazioan; zenbat eta maila altuagoa izan, balio gehiago ematen zaio kulturari. Gainera, euskal hiztunek eta baita emakumezkoek ere gizonek baino balorazio gehiago ematen diote kulturari ikerketaren arabera. Gailentzekoa da ere azken urtean Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %40tik %50era, museotara, antzerkira edota liburutegira joan direla, behin gutxienez.

Zupiriak atzo plazaratutako datuen artean, kezkagarrienetako bat euskarazko liburuen irakurketari dagokiona da. Izan ere, duela hamar urteko datua mantendu egin da, %14,2ean kokatzen delarik. Zupiriaren aburuz, “kezkagarria eta aztertu beharreko arloa da irakurketarena”; hala ere, euskarazko kasua isolatua ez dela defendatu zuen, beste hizkuntzetan ere gauza bera gertatzen baita.

Bestalde, datu positibo gisa aurkeztu zuen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen ezagutzaren bilakaera. Azken hamar urteetan %29,4tik %36,1era igaro baita. Euskarazko antzezlanak ikustera joatea laukoiztu egin da, eta gora egin du ere euskarazko musikaren kontsumoak. Datuak argi islatzen du: euskaldunen %82k euskaraz en-tzuten du musika.

Egunkariak Egunkarien irakurketak behera egin duen arren, EAEko biztanleen %77,4ak astean behin baino gehiagotan egunkaria irakurtzen duela aitortzen du. Hala ere, azken hamar urteetan kontsumoa ia por-tzenatajezko hamar puntu jaitsi da. Adizkariek berriz, presentzia txikiagoa dute (%33), eta aldatu egiten da maiztasuna; izan ere, asteroko maiztasuna (%25,7), edo hilerokoa (%16) da ohikoena.

Gailentzekoa da ere kultura praktika digitalei dagokion azterketari, izan ere Interneten erabilera ohikoena albisteak, egunkariak eta aldizkariak irakurketa baita. Guztira, erabiltzen duten biztanleen ehunekoa, 84ean kokatzen baita.

Hala ere, “Internetek kulturarekin harreman zuzena duela islatzen du ikerketak”. Esaterako, %43 eta %49 artean kokatzen da kultura-edukiko eta sarbide edo deskarga praktikak biltzen dituen ehunekoa. Gainera, ehuneko altu batek zuzeneko ikuskizunetarako ticketak erosteko erabiltzen dute sarea.