Gernika - Urriko Azken Asteleheneko ekitaldi erakargarrienetako bat gaztaren enkantea dela ezin daiteke ukatu. Eta are gehiago Marko bezalako dinamizatzaile batek aurkezten badu. Urtero Merkurion kokatutako eszenatokiaren oholtzara igotzen da Jose Antonio Bastegieta, Gernikako Calzada egoitzara bideratzen den diru kopurua ahalik eta altuena izateko helburuarekin.
Eta atzo ez zen desberdina izan. Lehenengo, gazta onenak zeintzuk ziren jakitera eman, lehenengoa Aguiñiga arabarra eta bigarrena Galarretako Azkarra, eta ring-ean dena ematen hasi zen Marko. Hasieran bigarren gazta erosteko animo gehiegirik ez zegoela eman arren, 200 eurotara salmentan jarritako gazta azkenean Kortezubiko Lesika Jatetxeak, publikoaren artean “zonaldeko jatetxerik onena” zela entzun ondoren, 400 euro eskaini zituen gazta erdi hori bereganatzeko.
Eta publikoak espero zuen momentua heldu zen azkenean. Gernikako urre gorriarengatik -Markok hala deitzen dio urriko Azken Asteleheneko gazta onenari- lehiatzen hasi ziren. Hasierako prezioa 500 eurotan ezarri bazen ere, momentu horretatik aurrera etengabeko gorakada sufritu zuen prezioak. 600 euro, 1.200, 2.000, 4.000... Antojo taberna, Bilboko Porrue, Pacharán Zoco... ez zuten amore ematen, eta indartsu mantentzen ziren gazta onena lortzeko lehian. 4.800, 4.900... Prezioa ez zen gelditzen. Gainera, Markok oholtzatik gogorarazi zuenez, Euskal Herriko mugetatik haratago heldu da Urriko Azken Asteleheneho azoka, izan ere Melbourneko France-Soir jatetxea enkantean oso presente-eta parte-hartzaile- egon zen atzokoan.
Azken txanpan gainera, beste parte-hartzaile batzuk sartu ziren, preziorik altuena eskaini zuten Pacharán Zoco, Lesika edota Ondarruko Su ta Argi jatetxeekin lehian. Plazan zegoen bero ia aguantaezina egon arren, lehiakideek, eta baita bertaratu ziren dozenaka ikusleak hortik aldentzeko gaztaren irabazlea nor zen jakitera eman behar zen.
Pasa den urtean gaztaren prezioa 5.607 eurokoa izan bazen, enkantearen azken hamar minutuetan kopuru hori gainditu egin zuten, 6.200, 6.500 Lesikak eskainia; eta azkenean 6.600 euro Pacharán Zocok eskaini zuen... nahiz eta emozioak eraginda Bastegietak Lesikak gazta etxera eramango zuela esan...
Markok enkantearen azken hitzak esan zituen: “Aguiñigako gazta 6.600 euroren truke batera, 6.600 bira, seguru zaudete? 6.600 hirutara... Gernikako Urriko Azken Asteleheneko enkante tradizionalean gaztarik onena Pacharán Zoco nafartarrentzat!”.