donostia - 500 urte bete dira aurten Juan Sebastián Elcano munduari bira ematen hasi zenetik eta, horren harira, Elkano 500 Fundazioak Getaria eta Sevilla arteko itsas ibilaldia antolatu du belaontzian, munduaren inguruko lehen birari lotuta, gaurkotasuna duten gaiei buruzko hausnarketa egiteko. “Itsas zeharkaldia baino gehiago, hausnarketa prozesu bat izango da”, azpimarratu zuen Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek atzo Donostiako Euskal Itsas Museoan egin zen ekimenaren aurkezpenean (dokumental bat ere egingo dute).

Espedizioa irailaren 15ean, igandea, abiatuko da Getariako portutik 17.30ean eta urriaren 11ra arte iraungo du. Hamabi metroko luzera duen Pottoka belaontzian egingo dute lau etapatan. “Belaontziak barruan lotako zakuak uzteko tokia du, sukalde bat, komun txiki bat eta egongela moduko bat”, azaldu zuen kapitain lanetan arituko den Unai Basurkok.

Irurzunek adierazi zuenez, itsasoak eta nabigazioak baldintza “egokiak” sortuko dituzte egungo gizartea eta orain dela 500 urteko gertakariak lotzen dituzten gaien hausnarketa egiteko. Horrela, euskaldunek itsasoarekin duten harremana landuko dute, itsasoa eta iraunkortasuna, zientzia eta teknologiaren eragina gizartearen garapenean eta kultura aniztasuna zein mundializazioa. Eztabaiden dinamizatzaile lanetan Xabier Urresti argazkilari eta Hondarribiako patroia arituko da. Egingo dituzten etapa horietan arlo profesional oso desberdinetako 16 tripulatzailek hartuko dute parte guztira.

etapak Belaontziak 1.000 itsas milia egingo ditu itsas zeharkaldian. Lehenengo etapa Getaria eta A Coruña artean egingo da irailaren 15etik 21era eta Cueton (Santander) egingo dute geldialdia. Bertan jaio zen Juan de Santander itsasmutila eta duela 500 urteko espedizioan ontziratu ziren hiru kantabriarretatik Elcanorekin itzuli zen bakarra izan zen.

Lehen etapa honetan tripulaziokideak June Ansoleaga, EITBko meteorologoa; Charo Tribis-Arrospe, irakasle erretiratua; Jose Mari Larramendi, antropologo eta Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kidea; eta Ana de Lara, itsas biologoa izango dira.

Bigarren etapa irailaren 22tik 28ra egingo dute Coruñatik Portugalgo Cascais herrira. 1522an Victoria on-tzian Sevillara bizirik itzuli ziren 18 lagunetatik, Diego Carmena marinela eta Vasco Gomez Gallego on-tzimutila Galiziako herri horretakoak ziren.

Txanda horretan, tripulaziokideak izango dira Daniela Garreton, artista eta Panthalassa taldeko kidea; Joseba Argiñano sukaldaria; National Geographiceko Emma Lira kazetaria eta Adrián Lamas, Afrikako proiektuen kudeatzailea Mundukide elkartean.

Hirugarren etapa Cascais eta Portugal hegoaldean dagoen Portimao hiriaren artekoa izango da. Etapa horretan Unai Basurko kapitainaren lekua Gonzalo Terceñok ordezkatuko du eta berarekin batera bidaiatuko dutenak Vértices plataformako Mari Paz Montesinos; Ekai Txapartegi, EHUko Filosofia irakaslea; Alejandro F. Aldasoro, idazlea eta bi aldiz Euskadi Literatura Sarietako finalista eta Virginia Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomoa izango dira. “Nire aitona Enriquerengandik jaso nuen astronomiarekiko interesa, berak eguzkiak, izarrak eta sestantea erabiltzen baitzituen itsasoan orientatzeko. Aitona Juanek munduko hainbat portutatik bidalitako postalak gordetzen ditut oraindik”, oroitu zuen Garcia astronomoak.

Azkenik, laugarren etapan berriro Basurko izango da kapitaina eta urriaren 5etik Portimaotik Sevillarako bidaia egingo dute urriaren 11ra arte, Sanlúcar de Barramedan geldialdia egin ostean.

Espedizioari amaiera emango diotenak Iban Ayesta filosofoa, Manuel Parodi historialaria eta Felipe Apalategui kultura kudeatzailea eta Peyo Lizarazu surflaria izango dira. “Fundazioaren lana oso garrantzi-tsua iruditzen zait Elcanoren espedizioak utzi zituen mezuak indar-tzeko”, esan zuen Lizarazuk aurkezpenean.