Mikaztasuna suma-tzen da bere poema askotan” dio Beñat Sarasolak Munduko Poesia Kaieren 30.a den honen hitzaurrean. Eta hala da, baina erantsi du: “Dena den, bere maitasun poemak izan dira ezagunenak, bereziki Poemas de Amor-ekoak (Maitasun poemak), zeina Onettiri -maitale izan zuenekoari- eskaini zion (lehenengo edizioan). Erraietara zuzenean sartzen diren poemak dira, lehen eta bigarren pertsona soilen bidez onduak. Jada ez poema, adibidez, amodio haustura bati egindako poema zirraragarrienetako bat dugu”.
Pendulua bezala dabil Idea Vilariño (Montevideo, 1920-2009). Garazi Arrula Ruizek bere itzulpen bikainean ez dio kendu bat ere indarrik, ez dio kendu bat ere zaurgarritasunik. Uruguayko 45eko belaunaldiko idazlea izan zen Onetti, Benedetti, Vitale, Falco? horiekin guztiekin batera, kritiko garratzak eta sortzaile bikainak denak. Literatura kritikan zein saiakeran -Shakespearek ez zeukan misteriorik beretzat- gailendu zenetako bat izan zen gainera Idea Vilariño. Eta bere herriaren gogoan betikoturik, A una paloma, Daniel Vigliettiren musikarekin eta La canción y el poema, Alfredo Zitarrosaren melodiarekin.
“Munstro bi ginen” zioen Idea Vilariñok Juan Carlos Onettirekin zeukan hartu-emanaren inguruan. Gozo hasi omen zen, okertu ere bai arean, eta gero aztarna mingots baten antzera zabaldu zen bizitzan, obran: “Min hau sutsu nire paretak erretzen,/ nire gauak ahitzen haren gar gorian,/ min hau oihu zarrastatu bat nola,/ ilargi suntsitua./ Min hau, nire bizia, agonia hau./ Min hau, gorputz nirea”.
Liburura ekarritako poema hauek motzak eta intentsoak dira gehienak, nahiz arnasa luzeko zenbait ere tartekatu dituen antologistak. Berba bakoitza dute horregatik klabea, eta irakurketa bilakatzen da emozioen gora-behera ia elektriko bat, ia tristea, ia alaia. Batez ere poema berantiarrenetan (antologia honetara ekarritakoen artean Bart, 1990ekoa) igartzen da joera metafisiko bat ere, sinpletasunaren xerka dabilenaren soiltasuna: “Bart nire ametsen artean/ eskutada bat errauts/ zurekin amodioa egin/ nuen bare eta gozo/ zurekin hainbeste dela/ hainbeste hilda zaudela”.
Vilariñoren poesia artifiziorik gabea da, neurtua eta sotila. Berba bat bestea baino altuago esan barik, gai sozialak zein sentimentalak izan, dena daroa poetak egiaren arlora: konfesio antzeko bat bihur-tzen da literatura. Eta, era berean, irudimenaren garrantziaz ere badaki, badaki zeinen beharrezko den amestea: “Egunotako batean/ txantxak amaituko dira/ eta hori guztia/ iruzur hori/ jostailu festa hori/ txotxongilo zikinak/ pailazoak/ izanen ziren bizia”.
Liburua irakurriz ohartu naiz zeinen zabalik uzten dituen maiz poemak, zeinen esanahi aberatsak har ditzakeen edozein piezak. Ahotsa du originala, eta edan arren klasikoetatik edo gura izan arren metrika jakin bati jarraitu, azkenean Vilariñok poesiari libre uzten dio bide berriak urratzen, Charles Baudelaireren erretratu bati begira diotso: “Zu ere bai/ sasikume hori/ zu ere hil zinen/ ni bizi naizen bezala/ bakar bakarrik munduan/ deus gabe/ abandonatua/ zure armazoi gaixoan/ zure traza faltsuan”.