Beren burua berreraiki nahi duten hiru pertsonaiari buruzko literatura proiektua” aurkeztu zuen Miren Amurizak (Berriz, 1990) duela bi urte Igartza literatura bekara, eta baita irabazi ere. Bidean, pertsonaia horietako bat gailendu da: Sabina, Amurizak idatzi duen lehen nobelaren protagonista. Adineko emakumea da Sabina, baina berriztarrak ez du amonaren figura estereotipatua sortu: “80 urteko emakume guztiak ez dira amamak, denek ez dituzte bilobak, eta hala direnak ere, ez dira nahitaez goxoak”, dio idazleak. Bere esanetan, “gizonezkoen mundu batean bere burua legitimatu behar izan duen adineko andre baten istorioa” da Basa (Elkar, 2019).
Zer esan nahi duzu ‘Basa’ hitzarekin?
Euskaraz hainbat adiera dituen hitza da basa, eta nik horiek guztiekin jokatu nahi izan dut. Gazteleraz salvaje edo silvestre esatea ez da gauza bera. Euskaraz bai, basak biei egiten die erreferentzia. Alde batetik, etxekotu gabe edo menderakaitza den izakia izendatzeko erabiltzen dugu; bestetik, mendian edo basoan naturalki hazten dena adierazteko ere erabiltzen dugu. Basa izaki biolentoa izan daiteke, eta lupetza ere basa da. Uste dut adiera hauek guztiak oso ondo laburbiltzen dutela nobelako protagonistaren izaera, baserri ingurunea, familia arteko harremanak eta istorioan zehar nabarmentzen den giroa.
Sabinaren inguruan ardaztu duzu istorioa. Nor da Sabina?
Bizitzak asko zaildu duen adineko andre eskarmentatua da Sabina, baserri batean hazi eta bizi dena. Gizonezkoen mundu batean bere burua legitimatu behar izan du Sabinak, eta mundu horretan lekua egiteko botereari heldu dio. Ondokoei men egin beharrean, bere bataila propioak libratu ditu eta botere horri eusteko besteekin gogortasunez aritzea beste erremediorik ez du izan. Emakume autonomoa izan da betidanik eta, zahartzarora iritsita, kostatzen ari zaio onartzea bere ahalmenak urrituz doazela. Hala ere, autonomia horregatik borrokatzen jarraituko du, azkenengo momentura arte.
Emakume indartsua dela erakutsi du Sabinak. Senarra hil ostean, baserria gobernatzeko kapaza, eta azkenaldian Henry koinatua zaintzen dabil. Adinak, baina, ez du barkatzen.
Ez du bere ahulezia onartzen, ez zahartzeagatik beragatik, baizik eta horrek ekarriko dion autoritate galeragatik. Nik ez ditut 80 urte eta ez dakit zer sentitzen den, baina adin horretako andre asko izan ditut inguruan eta suposatzen dut gogorra izan behar duela. Alde batetik, zuk zeuk ikustea zure gaitasunak urrituz doazela, fisikoki ahulago zaudela eta zure burua ez dagoela nahi duzun bezain ondo eta argi. Bestetik, gogorra izan behar du ere belaunaldi gazteagoek automatikoki nola deslegitimatzen zaituzten ikusteak. Zaharra izateagatik, zure iri-tziak gutxiago baloratzen dituztela, alegia. “Zer dio zahar honek?”. Talka horretan bizi da Sabina: badaki ahulago dagoela, ingurukoek deslegitimatzen dutela, eta horrek sutu egiten du.
Sabina bezalako emakumeak ezagutu dituzu?
Baserriari eta lurrari oso lotuta ibili naiz txikitatik eta emakume baserritar asko izan ditut inguruan. Batengan baino gehiagorengan ikusi ditut Sabinak dituen ezaugarri ezberdinak eta argi dut adineko emakumearen figura oso pertsonaia estereotipatua dela. Amamaren irudiarekin lotzen dugu gehienetan eta 80 urteko andre guztiak ez dira amamak, ez dituzte bilobak, eta hala direnak ere ez dira nahitaez goxoak eta besteen zaintzarako emanak. Izaeran baino, pertsona hauen errepresentazioan dago kontua.
Azalarekin behintzat, adineko emakumearen ezohiko errepresentazioa egin duzu.
Besterik ez bada, harritu egiten zara azala ikustean. Emakume bat basurde baten buruarekin. Sabinaren izaerarekin eta atzetik datorren guztiarekin bat egiten duela uste dut. Basurdea oso animalia basa da, baserri inguruan oso pertsegitua izan dena. Ehiztaria beti ibili da basurdearen atzetik, eta basurdeak txikizioak sortzen ditu maiz landa inguruetan. Basurdeak zapaltzen dituen lurretan lurrikara txikiak sor-tzen dituela esan daiteke, eta hala gertatzen da Sabinarekin ere.
Amama gaixo goxorik ez, beraz.
Adineko emakumearen beste eredu bat proposatu nahi izan diet irakurleei. Alegia, amona estereotipatuaren roletik edaten ez duen emakumea. Baserriari eta lurrari oso lotuta egon den pertsona baten bizipena da Sabinarena, beste mundu ikuskera batetik dator, baina egungo gizartean pil-pilean dauden problematika asko gorpuzten ditu. Horiek guztiak nire inguruan bizi dudan errealitatearen argazkirik fidelenarekin kontatzen saiatu naiz.
Zaintza lanarena, adibidez.
Zaintzaz aritzen gara askotan, baina niretzako interesgarriagoa da aztertzea horren azpian dauden botere korrelazioen egituraketa. Sabina eta bere koinatu Henryren arteko harremana, adibidez. Sabinak bere zaintzapean dauka Henry eta aldi berean Henryk Sabina behar du bizitzeko. Nire galdera da, nork behar du nor? Alegia, Sabinak Henry zaintzen du eta horrek menpekotasun egoera batera darama, baina, bestetik, boterea edukitzeko modu bat ere bada berarentzako. Hau da, Sabinak badaki Henryk nahi eta nahi ez bera behar duela. Soka-tira moduko batean bizi dira biak: tiraka ari dira alde batetik eta bestetik, sokak erre egiten die, baina badakite beste aldekoa jausten denean bestea ere eroriko dela.
Atzerrira lanera joandakoa da Henry, Estatu Batuetara, eta 30 urte eta gero, etxera itzuli da.
Gure inguruan asko dira Ameriketara artzain joandakoak, Henry bezala. Asko han geratu ziren eta beste asko etxera bueltatu ziren. Gure herriaren iragan hurbilari egindako keinua da: gu ere joan ginen, orain beste asko datozen bezala. Henryk deserrotze bat bizi izan zuen eta orain etxean da berriz. Konturatu da berak utzi zuena eta aurkitu duena bi baserri eta bi ingurune oso diferente direla. Sabinak eta Henryk ez dute elkar ezagutzen baina behartuta daude elkarbizitza aurrera eramatera.
Nolakoa da seme-alabek Sabinarekin duten harremana?
Karmelek hartu du amaren zaintzaren pisurik handiena. Karmeleren arreba, Estherrek, ez du amarekiko erantzukizunik hartu eta bere neba Josebak ikuspuntu ezberdina proposatzen du: nahiago du ama zahar etxe batera eraman, eta lehenetsi egiten du bere familiaren zaintza eta ardura amarenaren gainetik. Jasangarriagoa iruditzen zaio ama zahar etxe batera eramatea. Karmeleren posizioa, ordea, oso bestelakoa da: ardura hori haiei dagokiela uste du eta bera da zaintza lana egiteko prest azaltzen den bakarra. Etxe askotan dauden eztabaidak dira hauek.
Nolakoa izan da eleberriaren idazketa prozesua?
Aitortu beharra daukat, hasiera batean nire gaitasunak baino anbizio handiagoko prozesua neukala buruan, eta oinak lurrera ekarri behar izan ditut. Asko laburtu dut istorioa eta pertsonaia asko kendu ditut. Trama soildu eta kontatu nahi nuen horretan jarri dut arreta. Dena osorik idatzi eta gero geruzaka joan naiz osatzen, pertsonaien matizak eta zehaztapenak fintzen. Urtebete eman dut horretan. Ez dut akziozko nobela bat idatzi, giro nobela bat baino, pertsonaien izaeran eta euren arteko harremanetan jarri dut arreta.
Bereziki zaindutako hizkuntza erabili duzu.
Ahalegindu naiz ahalik eta informazio gehien ematen ahalik eta modu diferenteenetan, eta horretarako hizkuntzaz baliatu naiz. Batuaz idatzi arren, mendebaldeko euskararen berbak landu ditut. Hizkuntzarekin asko goza-tzen dut nik, eta oraingoan ere gozatu dut berbak, egokierak eta erritmoak aurkitzen.
Liburua idazten ari zinela bi bertso txapelketetan parte hartu duzu: Euskal Herrikoan eta Bizkaikoan. Zer moduz moldatu zara?
Beste lanbide batzuetan ari diren idazle ba-tzuei ere gertatuko zaie: bi gorputzaldi eta buru-era oso ezberdinak dira. Bertsoa eta idaztea. Goiz osoa idazten pasa ondoren, arratsaldean etxetik irten eta kolpetik ehun lagunen aurrean bertsotan jartzea ez zait batere erraza suertatu. Idazteak bakardadea eskatzen du eta bestela ere nik bakartzeko joera hori badut. Idazteko konfort eremu hori sortzea, beraz, erraza izan da niretzat. Zailagoa izan da hortik irten eta jende aurrean aritzeak eskatzen duen energia hori askatzea. Honetan ere ikasi dugu zerbait.