Emakumea historian kokatzeko helburuarekin sortu du #FemRights erakusketa Irantzu Lekuek (Gasteiz, 1987). Jasandako bortizkeriak eta ezarritako estereotipoak salatzeko, hausnarketarako gunea izateko eta ikusezin izan diren emakumeak mahai-gaineratzeko obren bilduma dugu ikusgai Montehermoso kulturgunean, urtarrilaren 13ra arte.

“Askotariko biolentziak izan dira, gu ikusarazteko saiakerak ere askotarikoak izaten dira, horregatik, aurpegi asko dituen egoera bat islatzeko, forma, material eta tresna desberdinen bidez landu nahi izandut proiektu hau”, azaldu du Irantzu Lekue sortzaileak.

Hainbat elementu edo kontzepturi egiten die erreferentzia Lekuek: “kristalezko sabaia, estereotipoak edota indarkeria matxista landu nahi genituen. Emakumeok pairatzen dugun egoerara itzuli nahi izan dut, artearen bidez ekarpen bat egin”. Horrela ba, emakumeen eskubideen urraketa jorratzen du Lekuek hainbat instalazio, eskultura, performance eta ikus-entzunezko sorkuntzen bidez. Artista gasteiztarrak aitortu duenez, ez da nolanahiko lana izan, egitasmoa lau hilabetetan zehar garatu dutelako. “Luzea izan da, Montehermoso Jauregiko lehen solairu osoa hartzen duen erakusketak hilabete hauetako lana islatzen du”.

BOST ARETO

Bost aretotan banatuta dago Irantzu Lekueren obra osoa: Lehenengoak -FemRIGHTS izenekoa- sei pieza handiz osatutako mikro horma irudia jasotzen du. Hamabi metrotako lana da eta oinarria “parte-har-tze dinamika bidez” eta proiektu honetarako propio sortu dutela nabarmendu du sortzaileak.

Bigarren aretoan Heroi anonimoak izeneko arte instalazioa dago ikusgai. Historian emakumezko erreferenteen faltaz hausnartzeko gonbita egiten da atal honetan. Ikusleak hamarnaka libururekin egingo du topo eta betaurreko batzuen bidez, liburu horietan ida-tzita dauden emakumeen izenak ikusi ahal izango ditu. “Niretzat oso berezia izan da arte instalazio hau. Oso pozik nago emaitzarekin”, aitortu du artista gasteiztarrak.

Ikusezintasuna artelana da hirugarrena. Lan honek hainbat emakumeren esperientzia traumatikoak edo eskubide-urraketak azaleratzen ditu, lekukotzen bidez.

Ondoan, Esku-bidea izeneko lana dago eta, bertan, 200 esku zuriren gainean, ikus-entzunezko bat ikusteko aukera dago. “Esku-bideek laguntza eskatzen dute, aldarrikapen ilarak sortzen dituzte, eta justizia bideak eraikitzen dituzte, emakumeekiko errespetua, askatasuna, bizitzeko eskubidea eta segurtasuna eska-tzeko”, dio Lekuek.

Txikitatik: Estereotipoak izeneko lanak, bere aldetik, Irati Jimenez idazle bizkaitarraren testu bat du oinarri. Gizarte garaikidea panpinetan eta, bereziki, Barbie-tan nola islatzen duen aztertu nahi izan du artistak. Panpina hauek hainbat lanbide irudikatzen dituzte, denak ala denak emakumeen estereotipoei lotuak. Obra honek kontra-posizioa osatzen du eta azken hamarkadetan panpina horiei egotzitako estereotipoak azaleratzen ditu, eta baita gaur egun panpinek duten helburuetan izan diren aldaketak eta haien bilakaera ere.

Ahaldundu zaitez! izenburua duen artelanean berriz, ikuslearen parte hartze aktiboak bilatu ditu sortzaileak. Gizartearen inposizioaren aurrean, gizakiek hartzen duten joerari buruzko hausnarketarako proposamena egiten du Lekuek bertan. “Ate batek emakumearen askatzea islatzen duen gela batera eramango ditu ikusleak. Batzuk ausartuko dira atea zabaltzen, beste batzuk berriz, ez”.

Jatorrizko bekatua artelanak ixten du #FemRights erakusketa. “Sagar gorri eta distiratsuz beteriko kupula batek emakumeari egozten zaizkion azalekotasun, edertasun estereotipo, mendetasun eta loturari buruz hausnartzera eramango gaitu”, azaldu du Lekuek. Aldi berean, elikadurari eta gaur egun jatorrizkoaren eta artifizialaren artean dagoen dualtasunari buruzko gogoeta ere piztuko du.

GIZARTE ERALDAKETA

Unesco Etxearekin elkarlanean sortutako erakusketa da #FemRights, baina lehenengo harria beste proiektu batean lanean zebilela jarri zuen Lekuek. “Pasa den martxoan izan zen. Sei euskal artista, denak emakumeak, Genevara joan ginen, Nazio Batuetara. Bost egun igaro genituen bertan. Elssie Ansareo artista plastikoa, Irene Basilio Intxausti kultur kudeatzailea, Leire Martinez Artemisa guneko sortzaile eta PortuArte egitasmoaren sustatzailea, Jone Otero arte eszenikoetatik datorrena, Arrate Velasco kultur teknikaria, eta ni neu”, kontatu du Lekuek.

Beraien egunerokotasunean eraldaketa soziala gazteekin lantzeagatik aukeratu zituzten artista hauek. “Nire kasuan, egunerokotasunean horma irudiak egiten ditut eta nire lanei gizarte eraldaketaren perspektiba txertatzeko izan zitzaidan baliagarria bidaia”, kontatu du Lekuek. Handik hilabete batzuetara, Gasteizko deialdia ikusi zuten eta elkarrekin aurkeztea erabaki zuten. Lanean buru-belarri hasi eta horren emaitza dira Montehermoso Kulturgunean egun hauetan ikusgai dauden obrak.

Lekuek adierazi duenez, erakusketa harrera ona izaten ari da: “oso pozik nago emaitzarekin. Jendeak oso ondo hartu du. Aurkezpen egunean jendetza etorri zen eta Montehermoso Jauregitik esan digutenaren arabera, ordutik hona harrera ona izaten ari da. Sortzaileok beti ari gara egiten ditugun lanek duten inpaktua neurtzen, baina gainera, egitasmo honek izan duena neurtzeko beste elementu batzuk ere baditugu. Lau hilabetez gauzatu dugunez, kalean aritu gara, normalean artea egiteko erabiltzen ez diren esparruetan. Horregatik, oso pozik nago. Elkarlanean aritu garelako, auzo elkarteekin eta hainbat eragile eta pertsonarekin. Erakusketak barruak mugitzea lortu duela esaten didatenean, helburua lortu dugula sentitzen dut. Zerbait sentiarazi badugu eta ikuslea parte-hartzaile bihurtu badugu, ondo aritu garen seinale”.

BISITA GIDATUAK

Erakusketa sakonago ezagutzeko asmoarekin, bisita gidatuak ere antolatu dituzte. “Aurkezpen egunean, adibidez, bost aldiz egin behar izan genituen, bi zeudelako programatuta, baina berehala bete zirelako biak”, dio Lekuek. Hurrengo bisita urtarrilaren 10ean egingo dute, goizeko 11:00etan (gaztelaniaz) eta 11:30ean (euskaraz). Talde handientzako bisitak erreserbatzeko aukera ere badago, Montehermoso Jauregira deituta.

Momentuz birarik aurreikusten ez duten arren, #FemRights erakusketa Euskal Herriko beste hiri eta herrietara eraman nahiko luketela aitortu du Lekuek eta, horregatik, udal eta erakundeei deia luzatu nahi izan die. “Sinesgaitza da, baina gure munduan, sarritan, zailena ez da erakusketa produzitzea, erakusketa hori beste herri, hiri edo herrialdeetara mugitzea baizik. Aukera gutxi dago, horrelako obrak hartu ditzaketen espazio gutxi. Pena da, proposamen asko sortu eta behin erakutsi ostean, sortzaileok gorde egin behar izaten ditugulako”.