Dantza, musika... nazioarteko herrialde guztiek elkar ulertzeko hizkuntza dela esan genezake. Eta hala islatu zuen Escamot català musikari eta dantzari taldeak, kataluniatik etorritakoa, Landako gunearen kanpoko zelaigunean.
Sardanak, zazpi jauzi, belgikako dantzak, greziakoak, Israelekoak? mugimendu unibertsalek gidatzen zuten haien gorputza, eta baita hara hurbildu ziren Azokako bisitarienak ere. Euskal dantzen erakusketa eta gero, haien txanda heldu zen, hamarnaka pertsona haien dantzaldira bat egitea lortuz.
Taldeko kidea den Eugeniak adierazten duenez, Escamoten helburua argia da: “Musikariek haien instrumentuak jotzen dituzten bitartean jendea dantzatzera animatzea nahi dugu”, izan ere, bere taldekide den Miquelek azaltzen duenez, dantzatzen dutena “ez da ikusia izateko dantza bat, plaza dantza da, dantza parte-hartzailea”.
Durangon izatea ez da kasualitate hutsa, izan ere taldekideen adierazten dutenez, orain dela lau urte hasi zuten iniziatiba hau, abenduko zubian Euskadiko eta Nafarroako hainbat herritik ibilbide bat eginez. Aurten, Iruñean, Altsasun, Zarau- tzen, Durangoko Azokan... hainbat lekutatik igaro dira, nazioarteko dantza horiek bazter guztietatik ezagutzera emanez.
Koreografia guztia prestatuta dagoela eman dezakeen arren, inprobizazioa da minutu horietan gailentzen dena, izan ere urtero taldea osatzen duten kideak aldatzen doazenez ez dute elkarrekin askotan jo. Mikelek, taldeko kide Iruñearraren arabera: “Taldearen gauzarik politena taldekideak etengabe aldatzen doazela da, ez dute ezta musikariek ere kointziditzen, horregatik inprobizazio bat dela esan genezake hein handi batean”.
Oraingoan 26 pertsona abiatu dute bost egunetako bidaia, zapi horiak identifikatzeko erabiltzen dituztelarik, hori baita haien artean talde bat osatzen dutenaren sinbolo bakarra. Mikelek azaltzen duenez, “euskal dantzetan ez bezala, ez goaz uniformatuta eta ez da erakustaldi dantza bat, baizik eta dantzak parte-hartzaile bat”. Horregatik, haien helburu nagusia “dantza mota hau ezagutzera ematea da. Frantzian eta Katalunian adibidez mota honetako dantzen jaialdiak egiten dira”. Izan ere, folk musika hori Euskal Herritik kanpo, askoz arrakasta handiagoa dute.
Durangoko euskal dantza taldeak, Krikistinek, zabaldu zien bideaz baliatuta, plaza erdian kokatu ziren erabat ezberdina den eskaintza kaleratuz. Hasieran Plateruenan izatea hitzartuta zegoen arren, kalean geratzea erabaki zuten, aurreko taldearen testigua jasoz. Bertan, akordeoi diatonikoa, biolina, ttun-ttuna, kitarra, pandereta, txirula...denek jarri zituzten dantzan taldekideak eta baita bertaratzera ausartu ziren euskaldun bisitariak ere. Aitzakiarik ez dago Mikelen arabera, izan ere pausoak oso errazak dira, “edonork egiteko modukoak”.
Abenduko zubian plazetatik dan- tzatzen ibiltzeko asmoz egindako iniziatiba gisa hasi zenak, gero eta jarraitzaile gehiago ditu, hainbat herrietan bidea zabaltzea lortuz.
Argi dagoena da, talde honek erakusten duen bezala, Durangoko Azokan euskal kultura ardatz nagusia den arren, nazioarteko kultura guztiek dutela lekua, izan ere, dantza eta musika hizkuntza unibertsalak dira, gizabanako orok ulertu eta elkar komunikatzeko erabiltzen dituena.