Durango - Biok elkar ulertzekoan, esperantza hori ez dut lapurtu nahi, zutunik nago mundu ezberdinen artean... Zu zara eguzkia margozten didana... Niretzat ortzadarra gauean eraikiz.
Hala hasten da Auritz laino eder hori proiektu musiko literarioko abestietako bat. Mikel Bizar buru dela, Ugaitz, autismoa duen ume baten, eta Monikaren, bere amaren, istorioa konta- tzen du, liburuan Auritz eta Maren izenekin ordezkatuta. Modu horretan, autismoari buruz informazioa helarazi eta hura ikustarazteko helburuz, baina “gure xumetasunetik, medikuntzan ez gara sartuko, gizartean eta bere amak egunero bizi duena kontatzeko sortu dugu proiektua”.
Izan ere, Bizarrek adierazten duen bezala helburua autismoa zer den azaltzea da, modu horretan haiei bidea errazteko, izan ere ulertu beharra dago “pertsona guztiak bezala bakoitza ezberdina dela, gaitasun ezberdinak dituela”. Eta horregatik, nahiz eta Ugaitz protagonista izan, autismoa duten beste ume batzuen istorioak kontatzen dira ere. Caseyren, Las Vegaseko ume baten, kasua esate baterako.
18 urtez Apnabin (autismoa duten pertsonen senideen elkartean) lan egin ostean, musika eta lana uztar- tzen zituen proiektua bat abiarazi nahi izan zuen Bizarrek eta horregatik liburua idatzi eta atal bakoitzarekin erlazionatutako abestiak sortu ditu, modu horretan atal bakoitzak kanta bat izanez. “Istorioa asmatu dugu baina gehienbat Ugaitzen amaren istorioan zentratuz. Bera da esfortsu guztia egiten duena, bidea lantzen duena, bidea zabaltzen diona. Amak semearen bizitza errazteko zelan borrokatu duen azaltzen dugu”.
Baina beste batzuetan kasu oso gogorrak daudela gaineratzen du ere. Hala ere, “umeak pozik bizi dira, arazoak inguruko pertsonenak dira. Aurreiritziak besteek diztuzte”.
Ezjakintasuna da autismoaren inguruan gailentzen dena. Izan ere, Mikel Bizarrek adierazten duenez,“autismoarena beti ikusten dugu oso borrosoa, kanpotik ikusten dugu baina ez dakigu barruan zer dagoen. Hala ere, askotan lainoan sartuta egotea ikaragarria da, isiltasuna, bakea?”, eta hori da hain zuzen ere Auritz, laino eder hori titulua jartzearen arrazoia.
Gainera, jadanik liburua eta diskoa Durangoko Azokan salmentan jarri duten arren, gaur izango da aurkezpen ofiziala, 17.00etan Areto Nagusian, Kultura guztion eskura izeneko solasaldian. Gainera, ez da hemen amaituko, zuzeneko ugaritan joko dituzte eta diskoaren kanta guztiak, mezua puntu ezberdinetara helaraziz, eta autismoa duten pertsonen eta familien bidea apurka-apurka zabalduz.