Durango - “Orain dela 20 urte oso autore gutxi etortzen ginen, bi edo hiru besterik ez. Nik sei ale sinatu nituen, sei lagunentzako”. Hala deskribatzen ditu Toti Martínez de Lezeak bere Azokako lehenengo urteak. Gaur egun berriz, aldaketa nabaria dela aitortzen du idazleak: “Urtero urtero ikusten dugu nola handitu den dena, Landako gunea, argitaletxeak, musikariak, idazleak... Orain idazle asko daude. Gainera, urtero gazte gehiago datoz eta oso ezberdinak dira euren artean, oso interesgarria da hori. Autore berriak, gazteak...”. Hori da hain zuzen ere Ugai- tzen kasua, 26 urteko idazleak stand batean autore gisa etortzeak zer suposatzen duen ezagutu zuena, atzo izan baitzen Tximeletak bizkarrean, bere lehenengo nobelaren, aurkezpena Ahotsenea gunean.
Toti Martínez de Lezeak berriz, hogei urtez literaturaren munduan murgilduta egon eta gero, esperien- tzia eta publiko handia bereganatuta ditu jadanik, bere stand-ean egunero sortzen diren ilarak ikustea besterik ez dago.
Biek haien esperientzia elkarbana- tzen dute, txanponaren bi aldeak islatuz: batek Azoka “erakusleiho” gisa ikusita, eta besteak, publikoarekin harremana izateko bide gisa, denen- tzat baitago lekua Azokan.
“Hasiberrientzat zaila da”, dio Totik. “Jendeak, nor da hau? Zer egin du? Galdetzen dio bere buruari autore berri horiek ikustean”. Hala ere, ba-tzuk kuriositateaz etorriko direla adierazten du, eta “zurekin hitz egingo dute, istorioa nola hasi duzun galdetzeko... horrela hasi gara denak. Gaztea zara, 26 urte besterik ez dituzu”, adierazten dio Totik idazle gazteari. Ugaitzek ere, literaturan lehenengo pausoak ematean, autore handien ondoan egotea abantaila bezala ikusten du, izan ere “idazle handiak ondoan izanez, hor ikusten zaituzte eta nor zaren ez dakitenez, kuriositate sortzen zaie. Eskaparate bezala funtzionatzen du honek”, aitortzen du idazle berriak.
Gainera, bi hamarkadetako lanak ematen dion esperientziaz baliatuta, Totik nobela bat bukatzean hurrengoa erdi egina egon behar duela adierazten du. “Inspiraziorik ez dago, poetentzat da hori, lana da behar dena”. Hala ere, Ugaitz bezalako autore batentzat, egoera zaila da hori, izan ere idazleak adierazten duen bezala, “egunean zehar ez dut denbora askorik”, doktorego tesi batean murgilduta dago eta 26 urteko gaztea.
Beste alde batetik, bien artean aurkitu daitekeen beste ezberdintasun bat nobelak sortzeko ematen duten denbora da. Ugaitzek adierazten duenez, “ia bost urte eman ditut nobela hau sortzeko”, Totik berriz, berak ere bost eman dituela dio barrezka, baina bost hilabete. Izan ere, autore esperientziadunak adierazten duen bezala, eguneroko zor- tzi orduko lana da idaztearena, lanean aurkitzen bait dira ideiak, “inspirazioa ez du Espiritu Santuak ekartzen, lanean egon behar da”. Hori izan zen hain zuzen ere haren iraganeko lana, itzultzailearena, uzteko arrazoia. Bata edo bestea aukeratzeko unea heldu zenean, argi eta garbi eduki zuen Martínez de Lezeak literatura zela bere hautua, “askoz politagoa” baita bere hitzetan. Gainera, publikoaren babesa zuen, haren hirugarren nobela argitaratu zuenean egin baitzuen hautu hori.
Ugaitz berriz, apurka-apurka literaturan bere bidea egiten hasiko da, lehenengo nobela argitaratu eta hurrengoa hasita du eta. Baliteke hurrengo urtean ere bi autoreak Azokan berriro elkar ikustea, bakoitzak bere publikoa izanda eta jendeari istorio ezberdinak eskaintzen dizkietela.