Mikel Laboa plazagizona zela argi asko utzi zuen bere ibilbide luzean, baina orain, hil eta hamar urte eta gero, plaza ere badu Antiguan. Frontoiaren ondoan zegoen Gorgatxo izeneko plaza, abeslariaren izena du atzo bertan ospatu zen ekitaldiaz geroztik. Laboaren alarguna, Mari Sol Bastida, eta seme-alabekin batera, Udaleko ordezkariak eta auzoko hamarnaka lagun hurbildu ziren atzo eguerdian bizilagunek eskatutako aldaketa egia bihurtzeko.
Goiza Gaskuña plazan hasi zen kalejirarekin, Mikel Laboaren abestiak gogoan zituztela. Frontoi ondoko ekitaldia 12.30tan hasi zen. Hamarnaka lagun gerturatu ziren eta entzundako hitzen artean, Laboa “erraldoi bat” zela, “artista handi bat, eta besteak beste, erakutsi diguna modernidadearen bidea tradizioan dagoela” azpimarratu zuten.
Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek ere oholtza gainera igotzeko aukera izan zuten, Iñaki Salvador pianojole eta Ainara Ortegak bezala. Ziurrenik hau izan zen goizeko momentu zirraragarriena, eskeini zituzten lau lanek nabarmen hunkitu baitzuten Laboaren alarguna.
Donostiako alkateak, Eneko Goia, Laboaren ibilbidea eta euskal kulturan izan zuen garrantzia nabarmendu zuen Bastida berak, bere alaba Agurtzane eta ilobarekin batera plaka bistan utzi baino lehen.
Luberri abesbatzaren eskutik, Txoria-txori abestiarekin itxi zuten ekitaldia eta horrela hainbat denboraz egindako eskaera egi bihurtu zen, duela hamar urte Laboa hil zen egun berean.
Azken hilabeteetan hemeretzi eragilek egin dute lan egitasmoa aurrera eramateko Donostiako Udalarekin batera, tartean, Antiguotarrak elkartea, Basoetxea, Istingorra, Izurun, Jakintza atletismo taldea, Jauregi, Sansustene eta Txirain. Hain justu, bazkaria azken elkarte honetan ospatu zuten egunari amaiera borobila emanez. - DNA