Bere bizia arriskuan jarri, eta ehunka pertsonena salbatu zuen; Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerriko gobernuekin; Bilbon armaz betetako hamazazpi itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean; Franco akabatzear egon zen? Lezo Urreiztieta (Santurtzi, 1907- Baiona, 1981), XVI. mendeko pirata bat izan zen, okerrez 1907. urtean jaioa.

Bada, XX. mendea zeharkatu zuen pertsona atipiko honen bizitza pantaila handira ekarri du Josu Martinez zuzendari bilbotarrak (Bilbo, 1986). Eta ez edonola: Lezo Urreiztietak berak kontatuko digu bere istorioa, hil eta 40 urtera. Nola? Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarraren magnetofonoaz baliatuta. Izan ere, 1975 eta 1978 urteen artean Ugaldek Lezori egin zion 35 orduko elkarrizketa hartu du ardatz Martinezek Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala egiteko. Aukeraketa eta edizio lan handia izan du, 35 orduko grabazioak ordu bateko dokumentalean laburbildu baititu Martinezek: “Lezoren bizitzak pelikula baterako baino, telesail luze baterako emango lukeela esan didate dokumentala ikusi dutenek”, kontatu du zuzendariak.

Urreztietaren ahotsa Lezo ezagutu zutenei egindako elkarrizketekin uztartu ditu Martinezek, bere bizitzan izan zituen bi emazteen semeei egindakoak, kasu. Iñaki Goioaga (Sabino Arana Fundazioa), Luis Sala, (Indalecio Prieto Fundazioa) eta Iñaki Egaña (Euskal Memoria Fundazioa) historialarien testigantzak ere jaso ditu dokumentalean. Lezoren ahots pasarteak laguntzeko Adur Larrearen marrazkiak, artxiboko irudiak eta Joserra Senperenaren musika bizia erabili ditu zuzendariak.

Ezohiko kontrabandista Produktuen kontrabandoarekin hasi bazen ere, laster ekin zion pertsonen kontrabandoari, ehunka pertsonen bizia salbatuz. Hala egin zuen 1934ko urriko iraultzan, sozialisten alde, baita urte batzuk geroago ere Asturiasen, Luancon, 11 urtez erregimen frankistaren kontra mendietan iraun zuten gerrillariak handik atera eta erbestera eramateko lan egin baitzuen. Gerra Zibilean Bizkaiak frankisten aurrean tinko iraun bazuen ere, Lezori esker ere izan zen hein batean, bera arduratu baitzen atzerritik Bilbora armaz betetako 17 itsasontzi ekartzeaz. Frantziara alde egin behar izan zuen gero, eta handik Franko hiltzen saiatu zen. Mexikoko erbestean, ordea, Lezok dio (grabazioetan) Euskal Herri independentea Guadalupeko irlan sortzeko eztabaidak izan zituela garai hartako Lazaro Cardenas presidentearekin. “Dokumentalean Euskal Herriko historiari buruzko pasarte ezezagunak kontatzen dira , Lezoren beraren bizitzak ere Euskal Herriaren historia kontatzen baitu”, dio Josu Martinezek.

Zinema esperientzia berritzailea Martinezek argi du Urreiztietak ez duela oraindik kontatu beharreko dena kontatu: “Bere bizitzaren gainean gauza asko daude deskubritzeko, dokumentalak ez baitu guztia azaltzen. Material oso interesgarria dugu esku artean jendartearekin konpartitzeko”, gehitu du. Horregatik, Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalaren aurkezpen birari kolore berezi bat erantsi nahi izan dio Martinezek eta filma proiektatzeaz aparte “zinema esperientzia berritzaile bat” proposatu die ikus-entzuleei: “Pertsonaiak gehiagorako ematen duenez, argitaratu gabeko eduki gehiago eramango ditugu emanaldietara. Dokumentalaren egileak izango gara bertan, jakin-minez gelditu den ikusleari Lezori buruzko jakintza helarazteko”. Proiektua “Lezoren azken bidaia” bezala definitu du zuzendariak, “Lezo nor izan zen, zer eta zergatik egin zuen gehiago eta hobeto ikas dezagun”.

Internet bidez ere balio erantsia gehitu diote dokumentalari, “transmedia-bidaia” bat asmatuz. Jainkoakezditbarkatzen.eus webgunenan sartu eta Urreiztietaren bizilekuak izan zirenak bisitatu daitezke, mapa baten bidez. Argazkien bidez, berriz, haren bizitza ezagutu zutenen lekukotasunak. Lezo modu ludikoan ezagutzeko beste aukera bat.

Zita bereziak Dokumentala lehen aldiz Donostiako XX. Zinemaldian aurkeztu bazuten ere, azaro bukaeran iritsi da Euskal Herriko zinema aretoetara. Hazparnen ekin diote bidaiari eta Santurtzin ere izan dira, Lezoren sorterrian, bere senideekin batera. Aurrera begira hamaika ikuskizun dituzte itxita, urtarrila bukaerara arte behintzat. Horietako bat Luancon, 1948an gerrillari sozialistei ihes egiten lagundu zien toki berean. Gerrillari horien senideak izango omen dira bertan. “Memoria lanetan jarraitzeko” aurkezpen bira izango da Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalarena.