DONOSTIA. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren azken bost edizioetako parte hartzaileek, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinemagileek, Espainiako lurraldeetako zinemagileek eta atzerriko zuzendariek beren proiektuak aurkez ditzakete. Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin sustatze duten programa.

Ikusmira Berriak programa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da, eta 20.000 euroko diru laguntza ematen du aukeratutako proiektuen artean banatzeko. Era berean, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskaintzen ditu sari gisa, film labur baten postprodukziorako (10.500 euroan balioztatua) eta film luze baten postprodukziorako (35.000 euroan balioztatua).

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 5ean bukatuko da. Egonaldien betekizunak eta baldintzak programaren web orrian zehaztuta daude (www.ikusmiraberriak.eu). Ekainean jakinaraziko da zein diren aukeratutako lau proiektuak.

Bere arduradunek gogoratu dutenez, Ikusmira Berriak programak sei asteko egonaldia eskaintzen du. Lehenengo lau asteetan, errealizadoreek Tabakalerako Sortzaileen Gunean garatzen dituzte beren proiektuak, hainbat profesionalen aholkuak eta tailerrak jasotzen dituzten bitartean.

Egonaldiaren bosgarren astean "pitching" saioa prestatzen dute, hau da, egonaldiaren azken astean Donostia Zinemaldiaren esparruan proiektua industriako profesionalei aurkezteko saioa. Egoiliarrek beren proiektuetan elkarlanean aritzeko interesa duten profesionalekin hitzorduak ezartzeko aukera izango dute, eta, gainera, zinemaldiarn emanaldietara eta industria jardueretara joateko akreditazioa izango dute.

PROIEKTUAK

Ikusmira Berriak programako lehen hiru edizioetan aukeratutako hiru proiektu amaituta daude jada, eta Donostia Zinemaldian eman ziren aurkeztera: Pablo Alvarezen "El extraño", Leo Calice eta Gerhard Tremlen "Calipatria" eta Tamyka Smithen "Gwendolyn Green" film laburrak 2016ko eta 2017ko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu ziren. Aurten, lehen edizioko bi film luzeren estreinaldia aurreikusi dute: "Trote", Xacio Bañok zuzendua, eta "Muga deitzen da Pausoa", Maider Oleagarena; biak ala biak postprodukzio fasean daude jadanik.

Gainera, Tándem Entertainment eta Lastor Media ekoiztetxeek Mikel Gurrearen "Suro" ekoitziko dute. Proiektu hori Bartzelonako L'Alternativa del Festival de Cinema Independent jaialdiko profesionalen jardunaldietarako, MEDIA Cataluñaren Sources2 lantegirako eta Sam Spiegel Film Lab-erako hautatua izan da; uztailera arte azken horrekin jarraituko du garapen lanetan.

Halaber, Kiro Russoren "Loba" proiektuak Mar del Platako zinemaldiaren LoboLABen lehen saria irabazi zuen, hau da, Argentinako 100.000 peso (6.000 euro). Aitor eta Amaia Merinoren "Fantasía" lanak Doxa Producciones etxearen babesa du, eta International Documentary Film Festival Amsterdam jaialdian aurkeztu zen.

Azken edizioko proiektuei dagokienez, "Eles Transportan a Morte", Samuel M. Delgado eta Helena Gironena, Filmika Galaika eta El Viaje Films ekoiztetxeek ekoitziko dute elkarrekin; Julia Pesce "Aguila de Papel" proiektua garatzeko lanetan ari da; Leonardo van Dijl zuzendariaren "Stephanie filmak" De Wereldvrede ekoiztetxearen babesa jaso du, eta Maider Fernandez Iriarteren "Las letras de Jordi" proiektuak REC Grabaketa Estudioaren postprodukzio saria jaso eta Sr. y Sra. etxeak ekoitziko du.