Michelek eta bere lagunek musika banda bat daukate. Gazte gambiarrak hotelez hotel aritzen dira melodia tradizionalak eta rocka fusionatzen. “Turistentzako kontzertuak egiten ditugu eta irabazitako diruarekin disko bat atera nahi dugu”, adierazi du gazteak. Musika Jo eta Barre Egin taldea sei pertsonek osatzen dute. Denak dira txikitako lagunak. Ikuskizunetan, gainera, lau dan-tzari batzen zaizkie.

Michel Gambiako kostaldean jaio zen, musikariz beteriko familia handi batean: “Aitak hiru emazte ditu. Hemen aski errotuta dago poligamia, beraz, 25 anai-arreba gara guztira”. Micheli txiki-txikitatik erakutsi zioten mandinka musika: “Ohitura historikoak belaunaldiz belaunaldi mantendu ditugu. Harpa tradizionala jotzen dut eta turistei izugarri gustatzen zaie”. Afrika mendebaldean nagusi den talde etnikoa da mandinka.

Musikariak eta bere lagunek jende andana mugitzen dute dantzara. Europako iparraldetik etorritako bisitariek biziki maite dituzte musika banda ganbiarrak. Izan ere, turismoa da Gambiako iturri ekonomikorik oparoena. Afrikako estaturik txikienak geografia kuriosoa du, bada, Gambia izena duen ibaiaren inguruan finkatu ditu mugak. Mihi itxura duen herrialde estua kakahuetearen produkzioagatik egin da famatu. Baina kostalde tropikala da Gambiaren benetako harribitxia. Kilometro luzeko hondartzetan luxuzko hotelak eta komunitate hippiak tarteka-tzen dira.

Musikak txoko guztiak betetzen ditu: “Reaggea da Gambiako benetako erregea”, dio Michelek irribarretsu. Gazteak ere rasta ile luzeak ditu: “Herrialde txiki honetan pisu handia du rastafari kulturak. Jamaikarrek uste dute Gambiako eta Ghanako esklaboen oinordekoak direla”.

Hain zuzen, Gambiakoa zen Kunta Kinte esklaboa. Roots (1976) nobelarekin famatu egin zuen Alex Haley idazleak. Kunta Kinte bere herrixkatik kanpo bahitu zuten XVIII. mendean, eta ontzi batean eraman zuten Ameriketara. Nobelan azaltzen da Kintek ez zuela inoiz onartu amerikarrek eman zioten izena (Toby) eta beti aldarrikatu zuela bere jatorri afrikarra. Hori hala, pertsonaia historikoaren izena hartu du esklaboen salerosketarako erabiltzen zen irla ganbiarrak.

REGGAE KULTURA

Sustraiak aurki-tzeko ahaleginean, agian, jamaikarrek rastafari mugimendua ekarri dute Gambiara. “Gure filosofiak zera dio: Munduan zehar indarrez sakabanatutako esklabo afrikarren oinordeko guztiak etxera bueltan eramango ditugula”. Zalantzarik gabe, reggae musikak, rasta erlijioak eta marihuanak lotura estua dute Afrikako herrialderik txikienean. “Bob Marleyek esaten zuen legez, marihuana gauza naturala da. Biblia-n aipa-tzen da gizakiak belarra erre behar duela Jainkoarekin komunika-tzeko. Marihuana erretzen duzunean zure burua benetan ezagu-tzen duzu. Belarrak ispiluaren aurrean jartzen zaitu eta gauza txar guztiak erakusten dizkizu”, irizten dio Michelek.

Baina Britainia Handiko kolonia ohiak 22 urteko diktadura pairatu du. “Orain hasi gara burua altxa-tzen”, nabarmendu du gazte musikariak, “iaz Yahya Jammeh diktadorea bota genuen eta demokrazia besarkatu”, azaldu du Michelek. Hala ere, arazo askok bere horretan jarraitzen dute. Pobreziak alde egitera bultzatu ditu gazte asko: “Gehienek Mediterraneoko ibilbide arriskutsua hartu dute Europara iristeko. Urte luzez ez da esperantzarik izan Gambian”.

Halarik ere, Michelek eta bere lagunek etxean geratzea erabaki dute: “Gambiaren berpiztearen protagonista izan nahi dugu”, esan du ilusioz. Eta musika da, agian, pizkunde xume horren ezaugarririk nagusiena. Hala uste du behintzat Michelek: “Europara joan zaizkigun lagunek esan digute han ez dela dena urre kolorekoa. Guk lortu dugu musikaren bidez oraina eraikitzea”. Gazte gambiarrak erabaki du tradizio kulturalei eutsiz haziko dituela belaunaldi berriak. “Aurki mandinka soinuak irakasteko eskola bat ireki nahi dugu”, adierazi du irribarretsu. Ikuskizunak aurrera jarraitu behar du.