Iazko maiatzean aurkeztu zuen Pentsatzeko txokoa bere lehen gaztetxoentzako liburua Nerea Arrienek (Lekeitio, 1976). Urte eta erdiren ostean, bi lan berri dakartza esku artean: Hiru-tter helduentzako eleberria eta Atrapa Eguna, gaztetxoei zuzenduta. XXXIV. Lizardi saria irabazteaz gain, Pentsatzeko Txokoa liburuak “idazten jarraitzeko konfiantza nahikoa” eman zion Arrieni, eta horren fruitu dira orain Erein argitaletxearekin kaleratutako bi lanak, egileak aipatu duenez.

Hirutter eleberriarekin helduen literaturara egin du jauzia Arrienek. Liburu berritzailea da egitura aldetik; izan ere, irakurlea sare sozialen munduan kokatzen du. Hain zuzen, pertsonen arteko harremanak, sare sozialak eta haien atzean ezkutatzen direnak hartu ditu hizpide egileak helduen-tzako bere lehen eleberrian. Atal laburrez osatzen da eleberria, “twitterreko hari bat izango balitz bezala”, eta horrek “dinamikotasuna eta bizkortasuna” ematen dizkiola uste du Arrienek.

ERPIN UGARI Ines, Gari eta Martin dira nobelako protagonistak. Euren arteko harreman gorabeheratsuak kudeatzeko moduaz mintzo da liburua eta baita euren intimitateaz ere. “Liburuaren ardatza sarean partekatzen den bideo bat da. Sareak zentzu bikoitza izango du, pertsonaiak aramu birtualaren zain, bertan eroriko direlako”. Horrela, hasiera batean hiruki forma zuen sareak laukiaren forma hartuko du denborarekin, laukia pentagonoa bihurtuko da gero? “Azkenerako, kontatu ezin diren erpinez betetako poligono bat osatu arte”, eman du jakitera egileak.

Albiste batek bultzatu zuen Arrien Hirutter idaztera. Italiako neska batek bere buruaz beste egin zuen oraintsu, sarean partekatutako sexuzko bideo batean bera ager-tzen zelako. Hortik abiatuta, “bizilagunaren inkisidore bilakatu den garai batez” idatzi nahi izan du egileak. “Ondokoaren bizitzaz elika-tzen den indibiduoaz; gero, sare sozialetan salaketa jartzen duenaz. Sorginak bideoetan erretzen dituzte orain eta inkisidoreak mugikorraren atzean ezkutatzen dira. Pospoloak botoiak dira eta identitatea kolektiboa. Hortxe dago adorea eta koldarkeria. Nork nor den ez dakien interfazean”, azaldu du idazleak.

Atrapa Eguna liburuan berriz, gaur egungo gaztetxoen mundura egiten du jauzi Arrienek, eta Manex aukeratu du horretarako. Tabletari begira pasatzen ditu orduak protagonistak, tresna hori apurtzen den arte. Une horretan, bere aitonak eguna atrapatzea lortzen duenean, tablet berria erosiko diola agintzen dio, baina Manexek nekez asmatuko du zer egin behar duen helburu hori lortzeko.

ISTORIO NOSTALGIKOA “Nostalgia puntu bat” du istorio honek Arrienentzat, izan ere, “aitonak eta haren lagunek buzo urdina kendu gabe eta txikitoa eskuan, atrapa eguna! oihukatzen ziguten kai gaineko tabernatik”, kontatu du lekeitiarrak. “Guk esaldi horrek zer esan nahi zuen asmatu ezinik egiten genuen eskolarako bidea. Batek erlojuak geldituz atrapatzen zuen, besteak eguzkia salabardoarekin harrapa-tzen zuen? Berandu asmatu dugu Carpe Diem gisako esamolde horren esanahia”, aitortu du idazleak.

“Neskatila hura neure seme-alabengan ikusten dut orain”, dio Arrienek. “Tabletarekin bizitzak barra-barra harrapatzera ohitutako belaunaldia da gaur egungo umeena. Zer suposatzen du ume hauen-tzat denborak? Nola azaldu hauei bizitza bakarra dela? Zentzu horretan, Atrapa eguna vintage istorio bat da, esaldi zahar bat, belaunaldi berri baten baitan”.

Arrienen ustez, “teknologiaren garaiak kultura bisuala inposatu digu. Argazkiak egin, selfieak han eta hemen partekatu... Bisualki mundua harrapatu nahi dugu, baina ez da gauza bera mundua harrapatzea edo munduak harrapa gai-tzan”, zehaztu du. Bizitzak jendea kolonizatzeko daukan ahalmenaz hitz egin nahi izan du bi liburuetan. Bestalde, sare sozialen “despertsonalizazioari” buelta bat ematen ere saiatu da. “Sareetan bideratzen diren interakzio poligonal infinituak minimora murriztu ditut Hirutterren. Hirukiarekin geratu naiz eta hirukiaren kontaktua aztertu dut, sakondu, pertsonaia bakoi-tza biluztu arte. Ñabardurez jabetu, sotiltasuna bilatu eta sareetako kontaktu laburra infinituraino luzatu dut pertsonaien alde intimoenera heldu arte”.