iruñea - Nola piztu zen frankismoaren kontrako kontzientzia Iruñerrian sortutako langile mugimenduaren baitan, diktaduraren bigarren erdialdean? Galdera honi erantzutera bideratu zuen bere doktorego-tesia Nerea Pérez Ibarrolak eta orain tesi hartan oinarrituta egin duen lana argitaratu du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak, Langileria berri baten eraketa. Iruñerria 1956-1976 izenburupean.
Egileak atzo Nafarroako Museoan egindako aurkezpenean argitu zuen bezala, argitalpena ez da langile-mugimenduaren historia, baizik eta mugimendu horretan parte hartu zuten langileen historia. “Langile horiek identitate komun eta partekatua hartu zuten. Prozesu baten historia da hemen agertzen dena”.
Langileen nortasun komun horrek taldean aritzera eraman zituen egileak azaldu moduan, batetik, bizimodua eta lana hobe-tzeko, eta bestetik, diktadura-garaiari amaiera emateko, erregimena desagerraraziz gero bizimodu hobea izango zutelako.
Hainbat agertoki aztertzen dira liburuan: fabrikak eta langile-auzoak, elkarte apostolikoak eta langile-mugimendua, alderdi politikoak eta 1960ko hamarkadaren amaierako eta 1970eko hamarkadaren hasierako grebak... Pérezek subjetu politiko gisa hartzen du langile klasea, haren istorioetan arreta jarriz eta bilakaera bat erakutsiz: langile nortasuna izatetik, frankismoaren aurkako borroka izatera igaro zen mugimendua.
Egileak urteak eman ditu gai honen inguruan ikertzen eta askotarikoak izan dira erabili dituen iturriak: bibliografiak, dokumentalak, hemerotekak... Baita langile mugimendu horren parte izan zirenen ahozko testigantzak ere: “Mugimendu desberdinetan parte hartu zuten 46 pertsona elkarrizketatu ditut. Maila desberdinetako jendea izan da aukeratu dudana, ez halabeharrez militante edo liderrak, baita mugimenduetako arlo desberdinetan parte hartu zutenak ere”.
Roldán Jimeno, Kultura saileko Argitalpen Batzordeko zuzendariak erran bezala, “memoria historikoari ekarpen handia egiten dion lana” da Pérezena, “gaia errelato historikotik kanpo gelditu den ikuspegi berri batetik lantzen duelako”. - M.M.P.