Gaztea da Martin Bidaur, baina literaturaren munduan aspaldi eman zituen lehen urratsak. Itu Bandako sortzaileetako bat da. Talde hau 2013an sortu zuten, euskaraz idazten duten gazteentzako plaza izateko helburuarekin. Literaturaren gaineko lau fanzine argitaratu zituzten izen horren pean. 2015eko udazkenean berriz, Lekore literatura aldizkaria argitaratzen hasi ziren eta gaur egun urtean hiru zenbaki plazaratzen dituzte. Bere lehen poema liburua da Itzulera (Susa)

Oso liburu intimoa eta pertsonala da ‘Itzulera’. Zerk eraman zaitu horrelako liburu bat idaztera?

Nire baitatik idatzi izan dut gehienbat orain arte, eta horren emaitza da liburu hau ere.

Zer esan nahi du itzulerak zuretzako?

Itzulerak esan nahi du, adibidez, fisikoki lekuetara itzultzea edo, bestela, oroitzapenen edo nostalgiaren bidez iraganera itzultzea. Batzuetan, iruditu dakiguke, krisi existen-tzialen aurrean, egoera idealizatu batera itzultzea konponbide bakarra dela. Liburuan behin eta berriz azaltzen da egiaz atzera itzultzearen nahi eta ezinaren arazoa.

Suizidioa, heriotza, ihes egitearen ideia, desagertzearena? liburuan oso presente dauden kontzeptuak dira.

Idazterakoan bakoitzak ditu bere joerak edo obsesioak, horiexek izan dira nireak azken urteotan. Egia da ikuspuntu fatalista eta depresiboa nagusi dela poemetan, ez-izatearekiko lilura nerabea, bizitza tristearen adierazgarri moduan, beharbada. Baina uste dut ez dela horretan geratzen eta badagoela hori guztia gainditzeko nahia; azken ataletan, batez ere

Eta zergatik jaso dituzu horrelako egoera gordinak liburu baten?

Ezinegonak eramanda idatzi dudala esango nuke, idatzi beharra sentitu dut, eta idatzi nahia. Barruan neukana ateratzen saiatu naiz, ahalik eta era zuzenenean baina iradokizunetarako tartea utziz.

Fikziorako lekurik egon al da?

Bai, noski. Poemak osatzeko gertakariak, bizipenak, gomutak eta paisaiak moldatu ditut, elkarrekin nahastu, denboran eta espazioan lekualdatu eta baita sortu ere? Ametsak eta bestelako elementuak ere badaude.

Zer suposatu du zuretzako horren liburu gogorra idazteak? Idazle ba-tzuek terapeutikoa dela diote. Hori izan al da zure kasua?

Prozesu terapeutiko baten bitartean sortutako liburua da, eta zen-tzu horretan niretzako balio terapeutikoa izan du liburuaren idazketak. Bertan ageri diren gauza asko kanporatu behar nituela uste dut, nolabait onartu eta gainditu ahal izateko.

Nork bere burua onartzetik datorren identitate bilaketaren hasiera da liburua. Halaxe dio sinopsiak.

Halaxe dela esango nuke, bai. Identitate bilaketa bat dago liburuaren joan-etorri guztien oinarrian, eta bilaketa hori zentzua hartzen hasten da norbere burua onartzean.

Poesia aukeratu duzu zure sentimendu sakonenak adierazteko. Zergatik?

Erosoen sentitu naizen formatua delako jo dut poesiara; ez dut esango poemak idaztea automatikoki ateratzen zaidala, ez delako egia, baina idazten hasi nintzenetik poesiarako joera izan dut.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen poema horiek argitaratzea?

Aspalditik poema sorta bat bilduta nuen eta Susa-koei bidaltzeko konbentzitu ninduen lagun batek. Argitaletxekoek baiezkoa eman zidaten eta lanean hasi ginen, esku artean daukagun liburua borobiltzeko.

Itu Bandaren eta ‘Lekore’ aldizkariaren sortzaileetako bat zara eta taldeko lehena liburu bat idazten. Nola hartu dute liburua bera eta zure lehen lana argitaratzeko ideia?

Sekulako babesa ematen du halako talde baten parte izateak. Haiekin testuak konpartitzeak eta aldizkarirako idazteak ere erraztu du nire-tzat Itzulera argitaratzeko pausoa ematea. Liburuaren prozesuan zehar haien laguntza ere izan dut, oso eskertuta nago. Lehena izan banaiz ere, espero dut azkena ez izatea eta laster euren liburuak ere esku artean izatea.

Eta zuretzat zelako esperientzia izan da liburu bat argitaratzea?

Esperientzia arraroa da, baina polita. Testua finkatu bitartean hamaika irakurketa, zuzenketa eta berridazketa egin ditugu; hasierakoaren aski desberdina da bertsio bukatua, inguruan izan dudan jendeari esker liburua izugarri hazi dela uste dut. Gainera, ideia edo hitz izatetik objektu izatera igarotzen da liburua, hainbat aletan inprimatu eta bana-tzen dute. Liburu denda batera joan eta Itzulera bertan ikusteak egin dit inpresio handiena, jada ez da nire liburua, inoiz izan baldin bada, irakurleena da orain.

Ba al duzu beste proiekturen bat buruan?

Liburua inprentara bidalitakoan beste gauza batzuk idazten hasi nin-tzen, eta horretan jarraitzen dut, baina ikasturtea ere hasi da, Lekoren ere ari gara lanean? Gauza bakoi-tzak bere denbora behar du eta oraingoz Itzulera aurkezteko lanetan daukat jarrita arreta.