Estudioko proiektu gisa jaio zen Hostoak taldea. Izan ere, etxeko estudioan grabatu zituen Olmo Cascallerrek instrumentu gehienak. Baina, Estepako otsoa estreinako lana behin kaleratuta, proiektuaren potentzialaz ohartu zen eta aspaldi ezagutzen zituen kideei lana zuzenekora eramateko proposatu zien. “Kide guztiek entsegu lokal bera erabiltzen genuen, banda ezberdinetan, hori bai”, kontatu du Cascallerrek, Hostoak proiektuaren bultzatzaileak. Horrela, duela bi urte hasi ziren Live in Iturriotz proiektua lantzen.

Hasieratik argi izan zuten zer egin nahi zuten: “Diskoak pelikularik gabe, edo pelikulak CDaren diseinurik gabe ez zuen zentzurik izango, kontzeptua horrela garatu baitugu, espresio desberdinak uztartuz”, argitu du Cascarrellek.

Izenburuari men eginez, diskoa zuzenean grabatu du Hostoak taldeak, paraje natural batean, Oiar-tzuneko Iturriotz auzoan, hain zuzen ere. Abesti bakoitzeko eskuz egindako ilustrazio bat topa daiteke artelan txiki bat den diskoaren kutxan. Proiektu osoa auzolanaren emaitza izan dela azpimarratu du Cascallerrek: “Nire ideiak azaltzen joan nin-tzen, lehenik, bandari, gero zuzendari eta operadoreei. Denon inplikazioaz erditutako proiektua da, arte espresio anitz batzen dituena”, nabarmendu du. Izan ere, crowdfunding-aren formula ere erabili dute, “oso emaitza onekin”.

HESSE OINARRIAN

Diskoan zehar Hermann Hesse-ren Der Steppenwolf (Estepako otsoa) liburua musikatzen dute, baita liburuko pertsonaiak ere, tokiak eta erreferentziak nonnahi topa daitezke diskoan. Abestiek eta horiekin batera doazen ilustrazioek liburu horretako pasarteak islatzen dituzte, bien arteko lotura eginda. “Estepako Otsoa liburuan helduen jarrera burgesa kritikatzen du Hessek”, dio Cascallerrek. Hain zuzen, ideia hori ardatz ardatz hartu dute Hostoak taldeko kideek hainbat abestitan.

Ez da hori, baina, zabaldu nahi izan duten mezu bakarra, abeslariaren esanetan. “Hessek askoz gauza gehiago garatzen ditu, bere intelektualismoa (eta era berean bizitzarekiko ezjakintasuna), bere barrenean zeuden demonio askoren exorzismoa eta onarpena...”. Liburuak, 90 urte izan arren, gaurkotasun osoa duela azpimarratu du Cascallerrek: “Protagonista garai artean galduta zegoen, I. eta II. mundu gerren artean aldatzen ari zen gizarte batean eta, nolabait, gu ere horrela gaude orain: informazioz jositako gizarte honetan, baina ezer jakin gabe”.

Zuzenekoetan, irudiak

Hasi berria du Hostoak taldeak kontzertu bira. Zuzenekotan ere irudiz atontzen dituzte abestiak (aretoaren baldintzen baitan jasota dago), baita proiekzio eta irudi animatuen bitartez laguntzen ere. “Gure argi teknikariak egindako eszenografiak ematen dio ikuslegoari proiektuaren bere benetako neurria. Ez da soinua bakarrik landu duguna, zentzumen esperientzia anitza baizik”, dio Cascallarrek. Haien eskaintza ezohikoa eta desberdina izan arren, en-tzuleeen erantzunarekin “oso pozik” daudela aitortu du. Hizkuntzari dagokionez, diskoko kantuen erdiak euskaraz landu dituzte, beste erdiak ingelesez.

Banda berria izan arren, musika munduan eskarmentu handikoak dira Hostoak taldeko kideak: Iraitz Montalban, baxua; Alvaro Hermida, gitarra eta ahotsak; Joxan Gonzalez Arruti, bateria; Ekaitz B. Azpeitia, gitarra; eta, azkenik, Olmo Cascaller, gitarra eta ahotsak, dira taldekideak. Abestien sorkuntza prozesuan Cascaller bera izan da protagonista. “Nahikoa konpositore totala naiz, taldekideei abestiak erabat eginak eraman nizkien”, kontatu du. Hitzak, berriz, Ekaitzekin moldatu ditu.

Soinu aldetik, Live in Iturriotz bere aurrekaria baino lan “askoz kohesionatua” dela dio abeslariak, “denborak eta talde lanak lagunduta”, bere esanetan. “Alt Rock progresiboa” egiten dutela diote, etiketak gustuko ez badituzte ere. “Nire adn musikala azaltzen saiatu naiz konposizioetan. Ez musikari gisa soilik, gehien bat musika zale gisa. Baina, finean, taula gainean bost musikari gara, guri entzutea gustatuko litzaiguken musika egiten, besterik ez”, argitu du Cascallerrek.

Hainbat herrietan aritu dira zuzenean dagoeneko, Gasteizen eta Lezon, besteak beste. Hurrengo emanaldia Gernikako Iparragirre aretoan izango dute, maiatzaren 19an, Zea Mays taldearekin batera.