BILBO. BBK-k jakinarazi duenez, Juanjo Respaldizak, Jurgi Fuentesek eta Miriam Juaristik osatuko dute epaimahaia. Txapelketan parte hartu duten guztiek diru kopuru bat eta egiaztagiri gisako garaikurra jasoko dute. Gainera, epaimahaiak sari berezia emango dio bizkaiera onena erabiltzen duenari. Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Txapelketaren 25. urteurrena ospatzeko, Iratxe Ibarra markinarrak, lehiaketako lehen edizioko finalistak, bertso batzuk kantatuko ditu berak lehiaketan izandako esperientzia kontatuz.

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Txapelketa joan zen martxoaren 8an hasi zen Arratzun. Guztira 48 bertsolari lehiatu dira, zortzi taldetan banatuta, bakoitzean seina bertsolarirekin. Taldeak Arratia, Busturialdea, Durango, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta eskualdeen ordezkariak izan dira, eta taldeak osatzeko kontuan izan da parte hartzaileen adina. Talde bakoitzeko sei bertsolariak bi multzotan banatu dira, adinaren arabera: lehen taldean 18 urte artekoak, eta bigarrenean 18-24 urtekoak.

Lehiaketan lau sailkapen saio egin dira: Arratzun (martxoaren 8an), Igorren (martxoaren 14an), Sopelan (martxoaren 15ean) eta Markina-Xemeinen (martxoaren 21ean). Finalaurrekoak Zalla eta Durangon izan ziren, martxoaren 22an eta 28an, hurrenez hurren. Txapelketaren antolaketan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak lagundu dute.

BBK-k antolatzen duen Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketa 1992an jokatu zen lehenengo aldiz, bertsolaritza gazteen artean sustatzeko asmoz. Ekintza hau euskara eta euskal kultura bultzatzeko BBK-k hasieratik egindako apustuan sartzen da. "Izan ere, BBK-k garrantzi berezia ematen die Euskadiko berezko kultur eta hizkuntza adierazpideak bultzatzeko lagungarri diren jarduerei", adierazi du.