BILBO. Gazte haiei eskaintzen zaie omenaldia In Memoriam. La quinta del biberón antzezlanean, Lluís Pasqualek sortu eta zuzentzen duen eta La Kompanyia Lliurek eskainiko duen muntaketa indartsu eta zirraragarrian. Aste honetan gozatu ahal izango dugu Arriaga Antzokian, ostiralean, martxoaren 31n eta larunbatean, apirilaren 1ean, biak ere arratsaldeko 20:00etan.

Sei antzezlek, horietatik lau La Kompanyia Lliureko kideak, emanaldian zuzenean jotzen duten lau musikarik lagunduta, Gerra Zibilaren azken uneetara eramango gaituen istorioa defendatuko dute agertokian. 1938. urtearen erdialdean, egoera etsigarria zen Errepublikarentzat. Fronteak eroriz zihoazen eta gero eta borrokalari gehiago behar ziren. Hori dela eta, agintari errepublikanoek 30.000 gazte inguru erabiltzea erabaki zuten. Federica Montseny ministro anarkistak adierazi zuen bezala, hain gazteak zirenez, oraindik ere “biberoia har zezaketen”.

Hortik etorri zitzaien izena. “Biberoiaren kintak” gerrako borrokaldi garrantzitsuenetan eta erabakigarrienetan hartu zuen parte, Jaramako guduan, Belchiteko odoltsuan edo errepublikanoen erresistentziari amaiera eman zion Ebroko borrokaldi erabakigarrian. Bizirik irautea lortu zutenek zahartzarora heltzeko aukera izan zuten, baina ordaindutako prezioa oso altua izan zen, hildako eta zauritu kopuruari dagokionez, horrek eurentzat eta euren familientzat dakartzan ondorio guztiekin.

La Kompanyia Lliure

2013/14 denboraldian abian jarri zen proiektua zortzi antzezlek, lau neskak eta lau mutilek, osatzen dute gaur egun, guztiak ere 20 eta 30 urte artekoak, 2016ko martxoan modu batera edo bestera Lliurerekin eta bere zuzendaritza artistikoarekin erlazionatutako 9 profesionalek osatutako epaimahaiak aukeratutakoak, lanez betetako hiru asteren eta azken emanaldiaren ondoren. In Memoriam da konpainia gazte horrek agertokira eraman duen lehenengo lana, katalanez hasieran eta gaztelaniaz ondoren. Hori izango da Arriaga Antzokian ikusiko dugun bertsioa.