donostia - Bilboko San Franzisko auzoan kokatu da berriro ere Jon Arretxe idazlea, Toure izeneko igarle-detektibe afrikarraren istorioekin jarraitzeko, kasu honetan Sator loka-tzak plazaratu baitu, sail honetako bosgarren nobela. Honekin, Toureren saga alde batera utziko du idazle basauritarrak denboraldi batez, aurrerago jarraituko duela uste badu ere.
Protagonistak hainbat arazo bizi ostean eta Afrikara bidalia izan eta gero, Euskal Herrian da berriro eta kasu honetan, etorkina poliziaren txibato bilakatuko da, eta hiltzaile bezala ere erabiliko dute. “Toure eta bere lagunek ahal dutena egingo dute egoera horretatik ihes egiteko eta euren printzipioei eusten saiatuko dira”, azaldu zuen idazleak liburuaren aurkezpenean, eta “botereak egiten duena” erakusten saiatu dela gaineratu zuen, poliziaren txibato batzuk mehatxuen bidez funtzionatzen dutela azalduz. Hala ere, beste hainbat gertaera ere badaude Ereinek kaleratutako liburuan: “Protagonistak argitu beharko du, adibidez, nork margotu dituen auzoko kamerak, ezkutuan delituak egiteko”, aipatu zuen Arretxek. Beste istorio gogor batzuk ere sartu ditu, auzoan bertan ikusitako gauza errealak, eta hipster edo modernoek ere presentzia dute azken eleberri honetan, errealitatean ere auzo hau konkistatzen ari baitira.
Aurreko liburuak oso gogorrak izan zirenez, hemen lehenengo liburuetan zegoen umore hura berreskuratzen saiatu da Onceko itsu baten pertsonaiarekin eta honek Tourerekin osatzen duen bikotea oso komikoa da, bere ustetan.
Bost nobelen ondoren, bere pertsonaia nagusian aldaketa mordoa nabaritu ditu egileak. “Sortu nuenean, ohiko detektibearen kontrako zerbait egiten saiatu nintzen, eta nire esperimentua etorkin baten pertsonaia sortzea izan zen, bizirik dirauena, ahal duen moduan”, aipatu zuen. Hasiera batean etorkin gizajo bat zen idazlearen ustetan, baina bere alde pikaroa atera zuen, dirua lortzeko edozer gauza egiten. “Hala ere, bere balioen alde borrokatzen du, horrek maitagarri egiten du eta uste dut horregatik maite duela jendeak”, adierazi zuen.
Auzoa eta bere bilakaera ezagu-tzeko ere aproposak dira Arretxeren nobela hauek, cabaret giroa zuenetik drogaren sarrerarekin bihurtu zena erakusten baitu. Sator lokatzak idazteko, aurrekoetan bezala, San Franziskoko etxe batera joan zen idazlea, horrek asko laguntzen baitio. “Liburu erdia auzoak berak ida-tzi du”, onartu zuen Arretxek, benetako egoera asko topatu baititu, erabilgarri egin zaizkionak. “Bertako liburutegian ere orduak igaro ditut, oso pertsonaia bitxiak baitaude eta bakoitzak nahi duena egiten baitu”, gaineratu zuen. Bere ustetan, auzo hau oso egokia zen istorio hauek kokatzeko, bidaia bat bezala baita San Franziskora joatea. “Bertara joatea ia Afrikara joatea bezalakoa da, baina Asia eta Latinoamerikako gauzak ere baditu”, azaldu zuen Arretxek, erabili duen testuinguruari dagokionez.
Orain, Toure eta bere istorioak alde batera utziko ditu idazleak denbora batez, baina beste proiektu ba-tzuk ditu buruan, guztiak nobela beltzaren inguruan. “Oso oso gustura sentitzen naiz estilo horren barruan”, onartu zuen idazleak, bere ibilbidea bidaia-narrazioekin hasi zuenak. Irakurle bezala gusta-tzen zaio, baina baita idazle bezala ere, gehienbat, genero horretako idazleak jende “normala edo sanoa” direla uste baitu, bera bezalakoak. “Beste genero batzuetako idazleak, artearen munduan galtzen dira ba-tzuetan, baina normalean, nobela beltza idazten dutenak ez dira horrelakoak izaten”, azpimarratu zuen.
Normalean gaztelaniazko bertsioa euskarakoarekin batera ateratzen badu ere, oraingoan hilabete batzuk beranduago aterako dela aurreratu zuen idazleak.