durango- Terexa Lekumberri, Euskal kulturaren elkartearen ondarea zerbitzuko arduradunak min-tzoak.eus ataria aurkeztu du Durangoko Azokako Kabi@n. Iparraldeko ahozko tradizioaren garrantziaz jabeturik, ikus-entzunezko elkarrizketen bitartez iparraldeko ahozko ondarearen irudi orokor bat egitea, lekukotasun hori eskuragarri izatea eta zabaltzea nahi dute ekimen honen bidez.

Zer topatuko du publikoak Min-tzoak atari honetan?

-Webgunean aurkituko dute Euskal kultur erakundeak (EKE) 2007tik 2016ra arte bildu dituen ahozko lekukotasun guztiak. Hamar urte hauetan aritu dira adinetako jendeen memoria biltzen eta beraz, hori agertuko da. Atari honetan ere, ahotsak.com-ek Iparraldean filmatu dituen pertsonen lekukotasunak agertuko dira, haiek aritu direlako iparraldean. Eta azkenik, ahozko bilketan ari diren elkarte, irrati, herriko etxe edo edozeinen lana ipiniko dugu, gutxienez jende horrek guztiak aukera izango dute paltaforma horretan beren lana ezagutzera emateko.

Zeintzuk dira ekimen hone helburuak?

-Iparraldeko ahozko memoriaren bilgune handi bat izan dadin nahi dugu. 2007tik 2009ra filmatu ditugun lekukotasun guztiak ipiniko ditugu. Aurrerago egingo ditugunak ere joango gara hor ipintzen.

Zeren arabera aukeratzen duzue grabatuko dituzuen elkarrizketak?

-Metodologia bat jarraitzen dugu. 2007an hasi ginen eta ezarri genuen esperientzia piloto bat hamar lekukoekin Amikuze aldean. Bertan, hiru fronteko plana abian jarri genuen: bilketa-, artxibatze-, eta hedapen- metodologiak, hain zuzen. Hau da, saiatzen gara dena biltzen, artxibatzen eta ezagutarazten.

Nola hasi zineten?

-Bilketari dagokionez, lurraldeka hasi ginen. Proiektu hori abiatu zen Goi Nafarroan -ahozko bilketan ari zen Iruñeko Eusko Kultur Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa-. Hala, haiek eskatu ziguten, EKE-ri, Goi Nafarroan eramaten zuten ahozko bilketa hori guk Behe Nafarroan ere egitea, Nafarroa osoa estaltzeko asmotan. Amikuze aldean hasi ginen eta gero Garazi Baigorrirekin jarraitu; horiek izan dira lehenengo hiru urtetan aztertutakoak. Gero, 2010etik aurrera, elkarte ba-tzuek hala eskatuta, gaika ordenatu genuen informazioa. Hala nola, itsasoa, arrantza, espartigintza... Baina lurraldeka izatea nahi genuen ere. Batzorde bat daukagu aditua dena eta elkarrekin ikusten ditugu gai edo azpigai garrantzitsuenak, baita eramaile izan daitezkeen lekuko zerrenda bat osatzen dugu ere. Ondoren, lehendabiziko harremana nik egiten dut, aurre bisita bat izaten da, lekukoa ezagutzeko eta azkenik, elkarrizketa egiten dugu. Hamar urte egin ditugu eta tenorea bada lan horri begirada bat botatzeko, eduki eta metodologia aldetik, zerbait hobetze aldera.

Ahozko ondare hori galtzearen beldur zarete?

-Egia da gauza batzuk bildu behar direla ez daitezen ahantzi. Izan ere, pertsona batzuk hiltzean, altxor hori galtzen da. Baina guretzat ez da arrazoi bakarra. Orain gogoeta egiten ari gara transmisioari buruz. Gure galdera da: guk biltzen dugun ahozko ondare horrek zer oihartzun du gaurko jendeetan? Horretarako abiatu dugu gogoeta espazio bat, ahozko bilketarekin lotu duguna. Hori egiten dugu iparraldeko artistekin eta sortzaileekin, ikusteko haiek nola janzten diren ondare hortaz. Eta abiatu ordez iraganetik, oraina dugu abiapuntu. Hau da, egun egiten diren gauza guztietan non dago ondarea? Pentsatzen dugu iraganetik hartuko dugun zerbait dela eta hori ez da horrela. Gauzak galtzen dira, jendeak ez baitu interesik. Beraz, nahi dugu ideia hori aurreratu, erran nahi baita ondarea ez dela bakarrik jasotzen dugun zerbait, baizik eta guk geuk eraikitzen dugula gure kabuz, iraganetik hautatu duguna berreskura-tzen edo birziklatzen. Beraz, gogoeta sail hori ireki dugu zentzu gehiago emateko transmisio horri.

Eta oihartzun hori lortzeko gaur eguneko erraminta bat erabili duzue: Internet.

-Hori da. Ondarea ikusten eta en-tzuten ahal duzu, zure arbasoek zer bizi zuten jakin. Baina interesgarriagoa da jakitea ondare horrekin zer egiten dugun guk. EKE-n badugu kultura eta ondare sail bat. Bi sail horien artean zubi lana egin nahi dugu.