Iruñeko IKAko Arturo Campion euskaltegian egiten du lan Sagrario Alemanek (Etxaleku, Nafarroa, 1952) eta hango gela batean mintzatu zaigu. Gogoa, ekintza eta konpromisoa agerikoak dira bere hitzetan, euskarari buruz hitz egitean.
Etxalekun jaio zinen eta euskaraz hazi zinen. Herri euskalduna jarraitzen du izaten Etxalekuk?
Betidanik etxean euskaraz hitz egin dut, eta herrian ere. Zortea izan dut, eta euskara ikasteko ez dut beste batzuek egin behar izan duten ahalegin hori egin behar izan. Nik orain kakotxa jarriko nioke Etxalekuri. Herria “euskalduna” da baina, zoritxarrez, jende asko dago euskaraz ez dakiena. Erdara etxe guztietara sartzen da orain. Gainera, bizitza bera ez da herrian bertan egiten, kanpora ateratzen dira herritar asko.
Aspaldikoa da zure hizkuntzarekiko kezka?
Zorionez, txiki-txikitatik etxean hori bizi izan dugu. Aita oso euskaltzalea zen eta oso kon-tzientziatua zegoen. Adibidez, beti saiatzen zen euskarazko liburuak irakur genitzan eta idaztera ere bultzatzen gintuen. Euskaraz ari-tzen ginen eta beti esaten zigun gure hizkuntza euskara zela. Kezka izaten zuen, frantsesa eta gaztelera ate joka zeudelako. Hortaz, hizkuntzarekiko maitasun eta kezka hori barnean genuen. Askotan esaten zigun: “Norbaitek irri egiten badizue erdaraz zerbait gaizki egin duzuelako, esaten ahal diozue seguru aski berak hizkuntza bakarra dakiela eta zuek biren jabe zaretela”.
Farmazia ikasi zenuen, baina helduen euskalduntze eta alfabetatze lanean hasi zinen 1970ko hamarkadan. Zergatik?
Noizbait pentsat nuen laborategiren batean lan egitea baina zeharo harrapatuta nengoen. Gehiegi gustatzen zitzaidan, eta gustatzen zait, helduen euskalduntzea, eta horretan jarraitzea erabaki nuen. Ahizpa bat Nafarroako hirugarren andereñoa izan zen, ikastolan. Eta anaia bat helduen euskalduntzean hasi zen. Alde horretatik, euskaltzaletasun hori bizitu dut txikitatik eta inguruan. Handik gutxira hasi nintzen ni; gazte hasi nintzen euskara irakasten.
Garai horretan oraindik ez zegoen euskaltegirik?
Euskaltzaindiaren bidez, nolabait alfabetatze taldeak eta gau eskola batzuk sortu ziren Iruñean. Euskara batuaren lehenengo arauak atera zirenean izan zen hori, 1968. urtean. Horren inguruan sortu ziren taldeak, batik bat alfabetatzekoak, baina baita euskalduntzekoak ere. Hasieran ez zegoen lokal propiorik eta beste norbaiten lokaletan ematen ziren gau eskolak. Esan dezakegu Iruñean batzuk etorkizunari begirako ikuspegia izan zutela eta lokalak alokatzen hasi ziren, klaseak emateko. Nafarroako lehenengo ikastola sortzen ibilitako jendea, ikastolan seme-alabak zituztenak, unibertsitateko jendea... Mugimendu horiek bat egin zuten eta lokalak alokatu zituzten 1972an, euskara klaseak emateko bakarrik izan zedin toki hori. Euskal Herriko lehenengo euskaltegia horrela sortu zen, euskaltegia modu honetan ulerturik, noski. Arturo Campion euskaltegia. Donostiako Ilazki euskaltegia ere garai horretakoa da.
Garai horretan, euskaltegiak euskara eskolak emateko tokiak baino zerbait gehiago ziren?
Bai, erreferentzia puntuak ziren. Ikastola bezala, Arturo Campion erreferentzia zen. Euskarazko edozein konturako euskaltegira jotzen zuen jendeak. Itzulpen bat edota ekitaldi baterako dantzariak nahi zituztenean ere gure atea jotzen zuten. Garai horretan gazte asko zegoen eta mugimendu polita sortu zen euskararen inguruan. Indarra hartu zuen mugimenduak eta euskaltegia erreferentzia zen euskara ikasteari zegokionean.
Urte horietan sortu zen Zaldiko Maldiko kultur elkartea ere, eta bertan ibili zinen. Iruñeak behar al zuen euskaltzaleentzat toki bat?
Urte batzuk pasatu ziren eta bai, horrelako elkarte bat sortzeko beharra ikusi genuen. Erabileraren kezka genuen. Euskaltegiak, batez ere, hiztunak sortzera jo zuen eta Zaldiko Maldikok hizkuntzaren erabilerari erantzuten zion. Hau da, behar zen euskaraz hitz egiteko gune bat. Dena den, euskaltegiaren inguruko kaleetan nabaritzen zen euskal giroa. Euskarazko kultur ekitaldiak eskaini ditu elkarteak hasiera-hasieratik. Garai horretan, Iruñeko auzoetan zabaltzen hasi zen helduen euskalduntzea eta euskaltegi gehiago sortu ziren. Alor guztietan mugimendua handitzen joan zen: Euskalerria irratia, Egunkaria sortzen, Karrikiri elkartea...
Iruñean, Arturo Campionen egin duzu ia ibilbide osoa irakasle bezala, baina Sakanan eta Erriberan ere egonaldiak egin dituzu. Zer moduzko esperientziak izan ziren?
Arturo Campionen hasi nintzen, baina ikasketak direla eta Valentziara eta Madrilera joan nintzen. Madrilen ere eman nituen euskarazko klaseak. Ikasketak amaituta, Campionera berriro itzultzean, Erriberan pertsona bat behar zutela eta nire burua aurkeztu nuen. Lodosan eta Andosillan urtebete eman nuen eta beste bi Sakanan. Iruñera itzuli nintzen, eta ordutik Arturo Campion euskaltegian egon naiz. Biderik luzeena bertan egin dut.
Nola ikusi zenuen euskararen egoera Erriberan?
Esperientzia berezia eta desberdina bizi izan nuen Erriberan. Iruñean inoiz gertatu ez zaidana gertatu zitzaidan han. Bai eta ez esateko buruarekin keinua egin behar nuen. Batzuentzat hori pentsaezina da, baina hitz horiek ez zekizkiten Erriberan. Batez ere Andosillan; uste dut Lodosan harreman handiago zutela euskararekin. Gau eskoletara etortzen ez zirenek galdetzen zidaten ea Donostiakoa nintzen. Ez zuten ongi lotzen Nafarroakoa izatea eta euskara jakitea, berria zen batzuentzat. Horrez gain, oso gustura egon nintzen eta oso ongi tratatu ninduten.
Egun ez da horrelakorik
gertatzen Erriberan?
Badago jende franko euskaraz mintzatzen dena. Kontuan izan behar dugu orain ikastola dagoela eta horrek lagundu du. Euskaldun gehiago eta mugimendu gehiago ikusten dut. Inoiz ez nuen jarrera txarrik sumatu euskararen inguruan, baina bai ezjakintasuna. Ukatu eta ezkutatu nahi izan delako Nafarroako errealitate bat toki askotan. Zoritxarrez, bertako agintariek oso gutxi egin zuten Nafarroako errealitatea zein den adierazteko. Historia ukatu dute, geografia ukatu dute, eta noski, bertako hizkuntza eta kultura ere bai. Aldaketa eman da egun, ez nahiko genukeen bestekoa, baina tira?
Nola eragin du Nafarroako aldaketa politikoak euskararen arloan?
Nik esanen nuke zerbait aldatu dela, baina gehienetan asmo eta intentzioetan gelditu da. Errealitatean baino, batez ere giroan suma-tzen da aldaketa. Egia da agintearen aldetik jarrera desberdina dela eta aldaketa batzuk izan direla, baina presa dugu euskaldunok; gure hizkuntza arrisku bizian dago eta neurriak lehenbailehen hartu behar dira. Beharbada gero beranduegi izanen da. Gobernu honek ausardia izan behar du eta orain arte hartu dituen baino neurri gehiago hartu behar ditu. Gainera, gure egitekoa da hau. Gobernua behartu behar dugu euskararen inguruan neurriak har ditzan.
Euskara gizarteko arlo guztietan sustatzeko plan estrategikoa aurkeztu du Nafarroako Gobernuak orain dela gutxi. Nola baloratzen duzu?
Lehen esan bezala, neurri handi batean inten-tzio erakusketa bat dela uste dut. Zehaztasun handiagoa behar du plan horrek. Egia da ekarpenak hartu dituela, bai Kontseiluaren aldetik eta baita IKAren aldetik ere. Planean euskararen egoera aztertzea asko aipatzen da, baina hori baino gehiago nik uste dut adostu behar duela, neurriak hartu eta irizpideak jarri. Bestetik, administrazioa bera euskalduntzeko neurriak aski zehaztuak ez daudela uste dut, eta lehenbailehen egin beharrekoa da hori.
Euskararen legea traba izan daiteke plan hau aplikatzeko?
Ez dakit plan honetan zenbat joko duten aurrera eta zenbat zehaztuko duten. Legea beti da traba. Nafarroa osoan euskara ofiziala onartu beharko luke legeak. Beraz, hori onartzen ez den bitartean trabak izatea oso erraza da. Egin daitezke gauzak legea aldatu gabe, noski, baina legea aldatzea beharrezkoa da. Izan ere, legeak gutxi esaten du: irakaskuntza, administrazioa bera, toponimia, komunikabideei buruzko zerbait eta beste ezer ez. Legea alda-tzea beharrezkoa da.
Zu egon zinen Nafarroako Euskararen Legea onartu zutenean, 1986an. Gobernuaren aldetik gehiago espero zenuten?
Onartu baino lehenago, Madrilgo irakasle bati eskatu zioten Nafarroako azterketa bat egiteko eta, egia esan, ez zuen ezertarako balio izan. Geroago Jesus Azkona antropologoak azterketa aski serioa egin zuen, baina hark esan zuenetik urrun ibili zen gobernua. Gomendioak ez zituzten kontuan hartu. Talde sendoa sortu zen legearen aurka, bai Iruñean eta baita beste herrietan ere. Aldaketa txiki batzuk egin zituen gobernuak, nik uste dut pentsatuz giroa baretuko zutela, eta 1986an onartu zuten. Lege txarra, aurrekoa bezala. Ez da lege egokia inondik inora. Egia esan, zerbait gehiago espero genuen eta behin eta berriz salatu genuen. Bitxia da, Nafarroako Parlamentuan 1981ean euskara ofiziala izendatu zuten lurralde osoan. Gero atzera bota zuten.
Iruñeko Udalean ere egon zinen, 1982tik 1987ra, HBko zinegotzi bezala. Udalean zu zinen euskaraz aritzen zinen bakarra.
Garai horretan ni nintzen euskaldun bakarra, kakotxen artean, nire taldeko beste bik zerbait bazekitelako eta gero beste zinegotzi euskaldun bat sartu zelako. PSNko zinegotzi batek zerbait ulertzen zuen, eta idazkariak berdin. Nik erabakia hartu nuen euskaraz egiteko beti osoko bilkuretan. Zergatik? Euskaldunok badakigu bestela zer gertatzen den. Bi hizkuntzetan egitea pentsatzen badugu, azkenean boteretsuena gailenduko da. Nik uste dut hori dela euskaldunok hartu behar dugun erabakia, bai garai horretan eta baita orain ere. Adierazpen publikoak euskaraz egitea beti. Txillardegi dut gogoan. Berak esaten zuen euskaldunok euskaldun elebakar bezala joka-tzen ez dugun bitartean zaila izanen dugula benetan erabilera handitzea. Garai horretan paretara hitz egitea bezala zen. Orduan eskatu genuen euskara teknikara eta langile bat hasi zen lanean.
Joan den urtean Nafarroako Gobernuak mapa soziolinguistikoaren datuak plazaratu zituen. Atzeraldia ageri da eremu euskaldunean, bai ezagutzan eta baita erabileran ere. Eremu mistoan eta ez euskaldunean, aldiz, handitu egin dira ezagutza eta erabilera. Zergatik gertatu da hau?
Ikerketek badute bere interpretazioa eta irakurketa. Etxaleku jarri dezaket adibide bezala. Nire garaian euskalduna zen, euskaraz bizi ginelako. Orain ez dakit hori benetan egia den. Erdalduntzeko tresna asko daude herri euskaldunetan. Aski dira gutxi batzuk etortzea alderantzizko fenomenoa emateko. Askoz ere erdaldun gehiagorekin aritu behar gara herri horietan. Erabilera, orduan, erdaldunagoa da. Eremu euskalduna deitzen dioten horretan fenomeno hori gertatu da. Aldiz, Bera, Elizondo edo Doneztebe bezalako herrietan seguru nago gure garaian baino gehiago erabiltzen dela euskara. Alde batetik, ondoko herrietako jendea hara bizitzera joan delako eta, bestetik, euskarak bestelako prestigioa duelako egun. Iruñean oso bestelakoa da egoera. Bizitza erdaraz egiten da. Erabilera handitu da, baina ez da arnasgunea. Galdu dira garai bateko arnasguneak. Txillardegik matematikoki konprobatu zuen erabilera beti ezagutza baino gutxiago izanen dela. Eta hala da. Hala ere, berak esaten zuen euskalduna oso fidela zela eta erabilera hobea espero zitekeela. Gustatuko litzaidake orain horrelako azterketa matematiko bat egitea ikusteko egun dagoen ezagutzarekin eta euskaldun kopuruarekin matematikoki espero litekeen erabilera txikiagoa edo handiagoa den. Hau da, euskaldunok leialak garen ala ez jakitea.
Euskalgintzak zer rol behar du izan?
Euskalgintzak jarraitu behar du bere eguneroko lan horretan, oso garrantzitsua delako. Bilgunea osatze dugu euskalgintzako hainbat taldek, eta elkarturik hainbat lan aurrera eraman behar ditugu. Hala ere, gobernuarekin eta alderdiekin jarraitu behar dugu lanean. Elkarlana sustatu behar da. Baina kontuan hartu behar dugu agintean daudenak zirikatu ere egin behar ditugula, euskara lehentasuntzat har dezaten.
Euskaltzaindiak ere zeresana du honetan. Euskaltzain oso izendatu zintuzten 2007an. Nola hartu zenuen berria?
Ikara, ohorea eta beldurra sentitu nuen aldi berean. Oraindik ere beldurra dut zenbaitetan. Euskaltzaindian gabiltzan guztiok esperientzia desberdinak izan ditugu. Batzuk adituak dira hizkuntzan, baina ni ez naiz aditua. Uste dut akademian linguistak eta sustatzaileak egon behar direla. Biak dira oso garran-tzitsuak. Sustapen Batzordean nago ni. Euskara batuaren lehenengo oinarria jarri zen momentutik sustatzeari eta zabaltzeari ekin zion Euskaltzaindiak. Euskarari indarra emateko sortu baitzen euskara batua. Handik elikatu dira aldizkariak, literatura, irakaskun-tza? Hasiera-hasieratik, adibidez, bertsolari-tza eta helduen euskalduntzea eta alfabeta-tzea sustatu zituen. Gero mugimendu bakoi-tzak bere bidea egin du baina indarra eman zion akademiak.
Sarrera hitzaldia zure herrian egin zenuen, Etxalekun. Bi arlo jorratu zenituen: euskaraz bizi-tzea eta helduen alfabetatze eta euskalduntzea.
Bai, bi bide daudelako euskarara iristeko eta euskaraz bizitzeko. Alde batetik, familian eta herrian jasotzen duguna. Gurasoengandik jasotzen dugu euskara. Nik zortea izan nuen. Beste bidea helduen euskalduntzea da eta betidanik horretan aritu naizelako hartu nuen mintzagai. Gainera, uste dut izugarrizko ahalegina egiten dutela ikasleek, eta zinez esker-tzekoa da.
Horrez gain, momentu honetan inflexio puntuan gaudela uste dut. Uste dut ez dela egoki ulertu noizko eta zertarako diren euskalkiak eta euskara batua. Euskararen iraupenak kezkatzen bagaitu, hizkuntza batua behar dugu. Garai batean oso argi genuena beharbada galdu egin dugu orain. Beste akats bat irakaskuntzan ematen da. Idatziaren bidez irakasten digute mintzatzen. Hizkuntza sar-tzen zaigu begietatik eta ateratzen dugu eskuetatik. Eta esan behar da hizkuntza, zerbait baldin bada, belarrietatik sartzeko eta mingainetik ateratzeko dela.
Zer eman dizu euskarak?
Nire izaera da, ni naiz. Nolabait, euskararik gabe ez nintzateke ni izanen, eta esan dezaket nire izaeraren parterik handienetakoa dela. Neurri batean, nire bizimodua izan da. Asko zor diot euskarari. Lanbide dut eta hobeki edo okerrago bizitzeko aukera eman dit. Hainbat jende ezagutzeko aukera, hainbat jenderekin euskararen inguruan aritzeko bidea... Haiengandik asko ikasi dut. Markatu izan didate zenbait pertsonen pentsamenduek, iritziek eta ekarpenek. Hori dena eman dit euskarak.
Eta zuk euskarari?
Dudana ematen saiatu naiz, transmititzen. Ikasleak oso garrantzitsuak dira niretzat. Haiengandik asko ikasi dut. Dudan maitasuna ematen saiatu naiz. Eman eta jaso. Izugarrizko poza ematen dizu gero ikustea ikasle ohi bat halako tokian ala bestean euskaraz hitz egiten. Edo irratia euskaraz jarria izatea. Transmititu diegu euskalduna izatea zer den. Eta euskaldun izatea euskara erabiltzea da.