hotz esnatu zen atzo Durango. Azokak ateak irekitzearekin batera, ordea, hasi zen giroa berotzen. Inurrien antzera, Landakoko karriketan gora eta behera ibili ziren euskaltzaleak egun osoan zehar, Euskararen Egunean Durango euskaraz betetzen.

Egunaren amaieran, Gerediaga elkarteak gauari argia jarri zion urtero antolatzen duen Argizaiola sariaren 25. edizioaren ospakizunean. Aurten inoiz baino beteago egon zen San Agustin Kulturguneko eszenatokia, euskararen eta euskal kulturaren alde aritu diren guztien “inurri lana” omentzen duten honetan.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetara joan zen errekonozimendua atzokoan, baina baita euskal mugetatik kanpo bizi diren milaka eta milaka euskaldunentzat ere. Horien guztien artean banatu da aurtengo Argizaiola, omenaldiak sei aurpegi izan bazituen ere: Justo Alberdi (Bizkaia), Jaime Albillos (Gipuzkoa), Carmen Belaza (Nafarroa), Patxika Erramuzpe (Iparralde), Kepa Mendia (Araba) eta Jose Ramon Zengotitabengoa (diaspora).

Harridura. Horixe zen oraindik ere saria jaso baino tarte bat lehenago omenduen artean nagusitzen zen sentimendua. “Inoiz ez duzu uste zu izango zarenik. Orain arte saritu izan dute jende ezaguna, jeneralak, eta aurtengoan tropari tokatu zaigu”, dio, barrezka, Alberdik. Inurrien irudiaren edertasuna azpimarratzen du iurretarrak, “jende asko baitago omenaldi hau merezi duena”. Erramuzperen kasuan, telefono deiak Argentinara joateko zorian zegoela hartu zuen, maleta eskuan, eta sinesteko denborarik ere izan ez zuela aitortzen du. “Etorri nintzenean berehala pentsatu nuen ez nuela sari hori nik bakarrik atxikiko; nire partea hartuko dut, noski, eta pozik gainera, baina eskaini egin nahi nuen”, kontatzen du Angelun bizi den olerkariak. Esan eta egin. Egun hauetan nola egin pentsatzen ibili ondoren, atzo goizean bertan aurkitu zuen modua: Angelun ireki berri duten kultur etxean utziko du bere Argizaiola, Manex Goienetxe historialariaren izena daraman eraikinean, herritarretatik hurbil. “Sariarekin argazki bat egingo dut eta horixe da etxean izango dudan oroigarrena”, dio Erramuzpek.

Itsasoaren bestaldera egingo du salto Zengotitabengoaren garaikurrak, Estatu Batuetara. Han igaro izan ditu hiru hamarkada zaldibartar honek, sorterritik kanpo bizi diren euskaldunen artean komunitatea osatzen. Orain, Euskal Herrira bueltan, emozioz gogoratzen du bidaia hori. “Ameriketara joan nin-tzenean harrituta geratu nintzen; nire herrian baino gehiago egiten zuten han euskaraz. Mexiko, Argentina, Venezuela... euskaldun asko dago hor. Unibertsitate bi ditugu euskarazko liburutegia dutenak; udan jaiak antolatzen dira eta euskaldunek milaka eta milaka kilometro egiten dituzte bertan egoteko... komunitatea sortzen da”, azaltzen du.

Carmen Belaza nafartarrak ere errekonozimendu hau “pozez eta sorpresaz” hartu duela kontatzen zuen atzokoan: “Asko eta asko izan dira ezkutuan lanean ibili izan direnak eta sari hau orain heltzea oso pozgarria da guztiontzat, esfortzu hori ezinbestekoa izan delako”.

Meritu handia du Bezalak, euskaraz jakin gabe ere, bere seme-alabek hizkuntza honetan ikasteko aukera izan dezaten gogor borrokatu baitu urte luzez.