bilbo - Elkarrekin esnatzeko ordua ez da Karmele Urrestiren biografia bat, baina bera da eleberri honen ardatz. Erizaina izan zen Basurtun, Gerra Zibilak harrapatu zuen eta Ondarroara bueltatu zen gurasoak zaintzera. Gero, Parisera joan zen Eresoinkarekin-erebesteratuen euskal enbaxada- eta han Txomin ezagutu zuen. “Oso emakume independientea eta indartsua izan zen”, azaltzen du Uribek.

Eleberrian, bikotearen semeak bere aitari galdetzen dio: Nor da indar-tsuagoa, Joe Garson ala zu? Eta Txominek erantzun: Zalantzarik gabe ama da indartsuena.

-(Barreak) Ikaragarrizko emakume indartsua zen. Bakarrik gelditzen denean, umeak uzten ditu hemen eta Venezuelara bueltatzen da bera bakarrik han lan egitera, ahalik eta azkarren familia han biltzeko eta gurasoen isunak ordaintzeko. Ikaragarria da bere presentzia nobela osoan.

Eta nolakoa da Txomin?

-Artistagoa, bohemioagoa. Bilboko giro kulturalean oso sartuta zegoen; Manu Sota eta Antonio de Gezala lagunak zituen... sinisten zuen Euskal Herrian, horregatik hartu zuen erabakia gudari izateko. Agirrek esan zionean hona bueltatu behar zuela Zerbitzu Sekretuetan sartzeko, ez zuen zalantzarik izan.

Ez da lehenengo mailako pertsonaia baina atentzioa ematen du beste emakume batek: Eleanor Roosevelt, euskal kulturari aupada eman ziona.

-Eta euskal ume bat ere adoptatu zuen. Berak Churchilli aurpegiratzen zion gehiago egin zezala Errepublikaren eta euskararen alde. Baina Churchillek ez zuen hainbeste pieza mugitu nahi, Francorekin ere ondo eraman nahi zuelako bada ez bada. Eleanor izan zen gaur egun ezagutzen dugun Giza Eskubideen Karta idatzi zuena. Oso emakume berezia eta interesgarria da.

Pertsonaia eta herrialde asko daude. Zaila egin zaizu holako mapa bat osatzea?

-Pentsatzen dut era naturalean sortu dudala eta hartzen duela irakurleak. Txomin eta Karmele historiaren mende daude. Hasieran dago Bilbo eta Ondarru, gero exilioa: Paris, Londres, New York, Caracas. Baina irakurlea ez da galtzen. Zorionez ia toki gehienak ezagutzen ditut Caracas izan ezik, baina hori ere ondo erretratatuta dagoela iruditzen zait.

Elementu bisualekin asko jolasten zara. Horiek batzuetan kontakizunaren ildo bihurtzen dira.

-Txomin Letamendiren tronpeta, Antonio Gezalaren 1927ko Artisten gaua mihisea, hasiera ematen diona kontakizunari. Koadro horren historia ere agertzen da eta horrek nobela osoa egituratzen du. Horietatik ateratzen da istorioa.

Ezra Pounden poema bat erabili duzu izenbururako. Maitasunaz ari da, baina kontzientziak pizteko momentua ere badela erakusten du.

-Bi irakurketa ditu, bai. Alde batetik, adierazi nahi nuen poeta horrek Hermes aldizkarian kolaboratzen zuela. Indarra zuen garai hartan Bilboko kulturak, Nobel saridunek eta lehen mailako poetek idazten baitzuten hor. Era berean, maitale bi agertzen direlako aukeratu dut. Horretaz gain, eleberria idazten ari nintzen neurrian konturatu nintzen izenburu horrek bazuela zentzua orain bizi dugun garai batekin. Uste dut elkar ulertzeko garaia izan behar dela hau.

Niaren presentzia nabaria da: zuk bideratzen duzu kontakizuna. Hasieratik horrela egitea otu zitzaizun?

-Ez. Hasierako ideia zen hiru seme-alabek kontatzea, eta ez zen txarra (barreak). Baina iruditzen zitzaidan ohikoegia zela eta ahotsek arazoak sortzen zituztela.

Istorio erreal bat idaztea zailagoa da zure imajinaziotik edaten duen istorio bat egitea baino?

-Istorio erreal bat ondo kontatzea eta norbere burua kontrolatzea zaila da. Oso irudimentsua naiz eta ez daukat arazorik gauzak asmatzeko. Baina esaten dizutenean: “Hau da istorioa eta ahalik eta modu zehatzenean kontatu behar duzu”, hori erronka da. Oso modu garbian eta lauean kontatzen da dena, nahiz eta nobela askotarikoa den. Hau da, beti ez naiz ni kontatzen duena; batzuetan barne bakarrizketa dago, beste batzuetan gogoetak, prosa poetikoa, zientifikoa, periodistikoa... Kolore askotakoa da nobela baina saiatu naiz birtuosismotik ihes egiten. Kontatzea da inportantea eta ez idazlearen ahotsa nobela honetan.

Lau hizkuntzatan publikatu da ia momentu berean. Egin da noizbait horrelakorik?

-Uste dut Atxagak egin zuela eleberri batekin baina bi argitaletxerekin egin zuen. Kasu honetan, lau argitaletxe dira. Horregatik oso zaila izan da koordinatzea eta aldiberekotasun hori lortzea.

Marko historiko zabala islatu duzu zertzeladen bitartez.

Nire kontatzeko modua da, gustuko dut xehetasunak ematea, eta ez dena kontatzea. Gertakari gehiago kontatu izan banitu, akatsa izango zatekeen. Familiaren eta euskal nazionalismoaren garapena irudikatu nahi nuen.

Nolakoa da hemengo egoera, euskal kulturari dagokionez?

-Garai aldaketa badatorrela uste dut. Baikorra naiz eta transmisioa bermatu nahi dut eta batez ere, euskara duindu. Nik uste dut euskal sortzaileak erdian jarri behar direla. Hori da bidea.