Lide Hernando izan zen gerora Liher bilakatu den proiektuaren lehen hazia jarri zuena. Txikitatik datorkio donostiarrari musikarekiko zaletasuna, “bai telebistan, bai irratian, edonon norbait kantatzen ikusi edo entzuten nuen bakoitzean paralizatuta gelditzen nintzen”, kontatu du. Duela bost urte, Liher proiektua pixkanaka mamitzen hasi zen abeslari honen buruan, “gitarra jotzen eta kantak sortzen hasi nin-tzenean”, zehaztu du Hernandok. Pasa den urteko maiatzean, aldiz, zazpi kantez osaturiko maketa grabatu zuen lagun batzuen estudioan, bakarlari gisa. Handik hilabete gutxira, Ez dok amaitu jaialdian parte hartzeko gonbita jaso zuen, baldintza batekin: Liherrek taldea behar zuen izan. Hala, bakarlari izatetik taldea izatera pasatu zen Liher.
Hilabete eskasean pasatu zen Liher laukotea izatera. Hernandorekin batera, Joshka Natke zaldibiarra (baxua), Iñigo Etxarri pasaiarra (gitarra) eta Ekaitz Otxoa bergararra (bateria) dira taldea osatzen duten gainontzeko musikariak. Laukotea osatzearekin batera, proiektuaren izaera bera ere aldatu zela diote, akustiko izatetik rock estilo handiagoa edukitzera igaro baitziren hasierako kantak. Aldaketa, berez, abestiak entseguetan har-tzen joan ziren itxuraren ondorioa dela dio Hernanok, Etxarrik eta Natkek “talde kañeroetan jotzeko ohitura” baitzeukaten, abeslariaren esanetan. “Rockaren erreferentziak genituen eta soinua modu naturalean sortzen hasi zen”, dio Natkek. Pixkanaka, abesti berriak sortu zituzten, eta aurtengo udan estudiora sartzeko erabakia hartu zuten. “Esperientzia bezala, musikagin-tzak duen fase garrantzitsuenetariko bat da estudiokoa, gogorra, baina benetan maite dugu laborategi lan hori”, aitortu du Etxarrik.
AUTO-EKOIZPENAREN ALDE
Estudioan igarotako bi hilabeteak atsedenik gabekoak eta oso intentsuak izan zirela azpimarratu du Etxarrik, baina, era berean, egindako lana “oso aberasgarria” izan dela gehitu du. Diskoaren auto-ekoizpen guztia euren gain hartu dute taldekideek; naturalki hartutako erabakia izan dela diote, gaur egun talde batek duen “biderik duinena” auto-ekoizpenarena dela irizten baitiote. “Era honetan, zure lanaren jabe zara prozesuaren etapa guztietan: konposizioan, grabaketan, ekoizpenean, nahasketan, diseinuan... Hasieran bertigo apur bat ematen du, buruhausteak ere bai askotan, baina lan hori aurrera ateratzeko gai ikusten genuen gure burua hasieratik”, kontatu du Etxarrik.
Kanten hitzei dagokienez, “hausnarketarako gonbita” egiten dute diskoko piezek, taldekideen esanetan: “Kultura kontsumitzaile izanda, beti gustatu izan zaizkigu hasiera batean ulerterrazak ez diren pelikulak, liburuak edo kantak. Baina guk kultura helburu pedagogikodun gauza bezala ulertzen dugu, kontzientziak astintzeko eta gizartea eboluziona-tzeko helburua duena, iraultzak eragiteko boterea duena. Beraz, letrak egiterakoan ere jendea deseroso senti dadin bilatzen dugu”, azaldu du Hernandok. Hauts abestia da diskoari izena ematen dion pieza eta aurkezpen kanta gisa hautatu dutena. Izan ere, estilo aldetik “kanta guztien arteko balantzea egiten duen abestia” dela iruditu zitzaien, diskoaren esentzia nolabait laburbiltzen duena.“Ez da horren gogorra, ezta horren mantsoa ere”, uste du Hernandok. “Gainera, kantaren gaia beste hainbat kantatan errepikatzen dena da: denboraren joana, desager-tzearen beldurra? disko osoan errepikatzen den mantra moduko bat proposatzen du”.
AGENDA BETEA
Talde gaztea da Liher, ibilbide laburrekoa, baina agenda betea dauka dagoeneko. “Ezin dugu geldirik egon”, aitortu du Hernandok. Proiektu hau lau haizetara zabaldu nahi dutela diote eta gustuko dute hara eta hona ibiltzea, “leku desberdinak eta pertsona berriak ezagutzea, mota guztietako eszenatokietan jotzea. Liherrek bizitza betetzen digu momentu honetan eta horrela izaten jarraitzea espero dugu”, dio taldeko abeslariak.
Laukotea Euskal Herri osotik dabil jada kontzertuak ematen. Datozen egunetan Bizkaia aldean izango dituzte hitzorduak: Azaroaren 12an Gorlizeko Xurrut tabernan arituko dira eta 13an, Larrabetzuko gaztetxean. Natkeren ustez, “taldea harrera ona izaten ari da; normalean, jendeak abesti gehiago eska-tzen ditu eta diskoak saltzen ere ari gara, beraz ezin dugu gehiago eskatu. Gainera, bidean jende interesgarri eta jator asko ezagutzen gabiltza”, azpimarratu du. Diskoa zuzenekoetan eskuratzeaz gain, euren webgunean daukate salgai eta baita Elkar dendetan ere.