Bertso saio arrunt baten formatua du Testurak zirkuituko emanaldi bakoitzak: gai-jartzaile bat dago, bertsolariek bakarkako gaiei eran-tzun behar diete, ofiziotan aritu... Badira berezitasun esanguratsu batzuk, ordea. Batetik, protagonista guztiak emakumezkoak dira. Bestetik, gaien abiapuntua bertsolariek aukeratutako pasarte literarioetan dago. Emakume etxeetako giroak sortzen duen konplizitateari esker, gaiak norbere ikuspegitik lan-tzeko aukera da parte-hartzaileentzat.
Gogoeta sakon bat da Testurak ekimenaren aurrekaria. Bertako partaide diren Miren Amurizak eta Ane Labakak azaldu dutenez, orain dela urtebete inguru elkartzen hasi ziren, hilean behin, 15 bat emakume bertsolari. “Bertsolaritzaren eta genero ikuspegiaren inguruko kezka genuenok hasi ginen ba-tzen”, azaldu du Labakak. Ahalduntzerako bertso-eskola baten gisakoa dela zehaztu du, bere aldetik, Amurizak.
Horretan zebiltzala, Emakumeen Etxeen Saretik etorri zitzaien proposamena. “Emanaldiren bat egin nahi zutela eta lekua haiek jarriko zutela esan ziguten, guk nahi genuena egiteko”, gogoratu du Amurizak. “Ilusio handiz hartu genuen, aukera ona iruditu zi-tzaigun urtean zehar landutako hori plazaratzeko”, gehitu du Labakak.
Hileroko batzarretan dabiltzan bertsolariak ari dira Testurak ekimenean, baina beste ba-tzuentzat ere atea zabalik dagoela azaldu dute. Txandaka parte hartzen dute saioetan. Orain arte, bi emanaldi egin dituzte: Ainhoa Agirreazaldegi, Onintza Enbeita, Izarne Zelaia eta Saioa Alkaiza aritu ziren Eibarko Andretxean eta Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Ane Labaka Ermuko Emakumeen Topalekuan. Gai-jartzaileak Nerea Ibarzabal eta Maite Berriozabal izan ziren, hurrenez hurren. Hurrengo saioetan, Ainhoa Aranburu eta Amaia Agirre arituko dira zeregin horretan.
Emakume idazleen lanen pasarteak dira gaien oinarria (hortik dator Testurak izena). Bertsolari bakoitzak gogoko dituen testu zatiak aukeratu eta gai-jartzaileari pasatzen dizkio, honek landu eta bertsotarako abiapuntu bihur ditzan. “Saio bakoitzean irakurraldi laburrak egiten dituzte gai-jartzaileek eta, ondoren, hortik abiatuta ipintzen dizkigute bakarkako gaiak, ofizioak... “, azaldu du Amurizak. “Gai batzuk plaza guztietan dabiltzanak dira, baina ahalegina egiten dugu gai desberdinak ere sartzeko edo betikoari beste ikuspuntu batetik begiratzeko”, gaineratu du berriztarrak.
BEREZKO BEGIRADA Bertsolari guztiak emakumeak izanik, berezko begirada bat ematea da Testurak ekimenaren helburuetako bat, hau da, gaur egun bolo-bolo dabilen genero ikuspegia bertsoak egiteko moduan txertatzea eta plazan aldarrikatzea. “Badira urteak ahalegin horretan gabiltzala, gu eta beste asko”, dio Amurizak. “Horrek eskatzen du diskurtso bat eraikitzea, norberarena eta talde moduan”, bere esanetan. Testurak halako gogoetetarako leku aproposagoa den arren, gainerako emanaldietan ere ikuspegi hori lantzen ahalegintzen dira. Dena dela, Labakak ohartarazi duenez, beraiek ez doaz egia absolutuak botatzera, kontrakoa baizik: “Gure ikasketatik abiatuta, oso modu pertsonalean, gehiago arriskatzeko baimena ematen diogu geure buruari, horretarako egokia da Testurak”.
Orain arte, Eibarren eta Ermuan egin dituzte emanaldiak eta gustura geratu dira. “Desberdinak izan dira saioak, espazio txikietan antolatu direlako”, azaldu du Amurizak. “Kantatzeko plaza erosoak dira eta etorri den jendeak eskertu du zerbait desberdina en-tzun ahal izatea”. Amurizari “intimoa” iruditu zaio sortutako giroa. Plaza handietan baino entzule gutxiago eta mikrofonorik ez dagoela kontuan hartuta, ezohiko saioak dira. Labakak ere sentsazio hori du: “Giro goxoa sortu da, konplizitatea egon da gure artean”.
Bertsolariek elkar ezagutzeko eta oholtza partekatzeko aukera ere ematen du Testurak ekimenak. Izan ere, plaza arruntetan zail izaten dute andreek elkarrekin kantatzea, Labakak ohartarazi duenez: “Ermuan, lehenengo aldiz kantatu nuen nik Oihana Bartrarekin. Saioetan, normalean, emakumea bakarra izaten da eta ez da erraza elkarrekin kointziditzea”. Testurak zirkuituan, ordea, protagonista guztiak emakumezkoak dira. Haien ikuspuntuak eta jarrerak erdigunera eramaten ditu horrek. Labakak dioenez, “gure kezkak eta egia absolutu ez diren horiek plazaratzera ausartzeko lasaitasuna sentitzen dut”.