NAFARROA. Jorge Javier Vázquez kazetari eta telebistako aurkezleak Baluarten Iba en serio musikala aurkeztuko du heldu den uztailaren 9an eta 10ean (21.00etan), eszenatokian Kiti Mánver bere amaren rolean lagun izango duela. Vázquez-entzat antzerki debuta den hau La vida iba en serio bere eleberrian oinarrituta dago eta Laboratorio de la Voz ekoizpen etxeak aurkezten du.
Iba en serio bizitzari egiten zaion gorazarrea da, musika-ikuskizun ausarta, Juan Carlos Rubiok idatzia eta zuzendua, Julio Awaden musika zuzendaritzapean. Ikuskizun honetan Jorge Javier Vázquezek kontatuko ditu, edo hobeto esanda “kantatuko” ditu, bere bizitza pertsonal nola profesionalaren norabidea, bai eta bere izaera bera markatu duten pasadizo, gertakari, lagun eta etsaiak. Sarrerak 36 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.
Aktore talde bikain batek lagunduta, bere bizitzako soinu-banda ezagutaraziko du: musika-koktel nabar eta txinpartatsu bat, zeinaren helburu nagusia baita publikoa dibertitzea eta publikoari sinetsaraztea ezen, zernahi gertaturik ere, aurrera jo beharra dagoela. Izan ere, Chaplinek esan zuen bezala, “bizitzaren kontu honetan entseguetarako lekurik ez dago”. Horregatik, beraz, kanta ezazu, egizu dantza, negar, eta bizi instant bakoitza bete-betean, ze kontua benetan da, hots, kontua ‘Benetan zen’.