Hirurok elkarrekin bost urte jadanik, gure barrenak askatzen oholtzatik, Eratu dugu mezua bihotzetik. Bidea kantuaren hitz hauek definitzen dute Eratu hirukoaren azken urteotako ibilbidea. Lan berriaren seigarren pieza dugu honakoa, diskoari izena eman diona. Hamaika abestik osatzen dute lan berria, “denak desberdinak”, taldekideen arabera, “Metal ukituak eta gitarra pisutsuak bere horretan jarraitzen dute hainbat abestitan, baina disko erdiak, edo gehiagok, ukitu desberdina du”, azaldu du taldeko abeslari eta gitarra-jotzaile den Unai Olaldek. Melodiari gehiago erreparatu diotela eta sinpletasuna bilatu dutela ere aitortu du. “Naturalagoa da, esentziara jo dugulako”.

Melodiak asko landu dituzten arren, musikalki disko berriak oso zati gogorrak, kañeroak dituela onartu dute. Joseba Luzuriaga taldeko baxu-jotzailearen ustez, diskoa “guztiz heterogeneoa” da. “Oso zaila da estilo batekoa edo bestekoa dela esatea, taldeak ez baitizkio ateak itxi ezeri”, jakinarazi du. Hein handi batean, heterogeneotasun hau diskoan kolaboratu duten hiru musikariei esker ere izan da: Fer Apoa (Kuraia, Estricalla...), Juantxo Arakama (Glaukoma) eta Keu Agirretxea (Etsaiak, Uek, Governors?). Bakoi-tzak bere ukitua eman diola nabarmendu du Olaldek. “Ferrek duen ahots bortitzarekin abestiari ukitu berezia eman dio; Juantxok, bere aldetik, rap esentzia eman dio eta bere egin du kantua; azkenik, Keuk instrumentalki hiru abestiri kolorea eta freskotasuna eman diolakoan gaude”, iritzi dio abeslariak. Hiruko honek Eraturena ez den “kutsu desberdina” erantsi duela uste dute taldekideek.

GOZATZEKO DISKOA Abestien gaiei dagokienez, “aniztasuna eta gaurkotasuna” aipatu dituzte. Oso argi zuten, oraingoan ere, inguratzen dituzten kontuez aritu nahi zutela, aurreko diskoetako estiloari eutsiz. Dena den, aitortu dute lan berrirako nahiago izan dutela gertuko jendeari gusta-tzen edo gustatzen ez zaizkion kontuak abestien letretan islatu. Heldu nazazu abestia aukeratu dute diskoko aurkezpen kantu gisa, “Eraturen betiko estilotik gehien aldentzen dena delako”, diote. “Ez da besteak bezain gogorra eta, gainera, hurbileko jendearen artean harrera ona duela ikusi dugu”, azpimarratu du Olaldek. Hala ere, Luzuriagaren ustez, ez da erraza guztien artetik abesti bakar bat nabarmentzea. “Entzuteko eta gozatzeko disko bat da Bidea, dituen ñabardura guztiez konturatzekoa”.

Taldeko partaideek diskoz-disko aldatu dute grabazio estudioa eta baita lan egiteko modua ere. “Oraingo honetan, grabaketa prozesu osoan elkarrekin egon nahi genuela oso argi genuen eta, Oiartzungo Mecca estudioetako Igor eta Mikelekin egon ostean, konturatu ginen hirurok aldi berean eta zuzenean grabatzea zela momentuak eskatzen ziguna”, kontatu du Olaldek. Hirukoa izanik, esentziara jo nahi izan dute, “taldea berez den horretara, bere akats eta bere naturaltasun guztiarekin”. Azken emaitzak beraiek ere harritu dituela onartu dute hirurek aho batez. “Hasieran beldur ginen, baina harturiko erabakia zuzena izan dela ikusi dugu azkenean”, agertu du abeslariak.

GARAPEN ARGIA Eguneroko bizitzan ez dago denborarik egiten ari garen guztiaz hausnartzeko. Hala uste dute Eratuko kideek. Horregatik, hain justu, une batez gelditu eta orain arte egindako bidean pentsatzen jarri ziren. “Bidea motza izan arren, gauza pila bat egin ditugu urte hauetan, ez gara geldi egotekoak”, aitortu du Olaldek. Hiru disko kaleratu, bilduma desberdinetarako hainbat kantu ondu eta kilometro eta kontzertu asko pilatu dituzte honezkero bizkar gainean. Eta, bide horretan zehar, taldeak izan duen garapena “begi bistakoa” dela diote, “argi ikusten delako hiru disko oso desberdin egin ditugula”. Izan ere, errepikatzea ez dute gustuko Eratukoek. Pertsona eta talde bezala asko hazi direla eta asko ikasi dutela diote eta, nahiz eta euskal musikaren panoraman lekutxoa egitea erraza ez dela aitortu, pixkanaka eta lan askorekin bidea egiten dabiltzala nabari dute. “Gaur egun, zaila da zerbait berezia egitea eta jendearen arreta zeureganatzea, baina lana eta jarraitzeko ilusioa dauden bitartean aurrera egingo dugu”, diote.

Kontzertu mordoa eskaini ditu taldeak bost urte hauetan, bai Euskal Herrian eta baita gure mugetatik at ere, eta pozik daude jendearen harrerarekin. Zuzeneko kontzertuetan egin duten urtebeteko etenaren ostean, Eraturen helburua oholtzaz-oholtza ibiltzea da orain, eta horretan ari dira dagoeneko. Hurrengo hitzordua martxoaren 12an izango dute, Olaztiko Gaztetxean. Apirilaren 9an, berriz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko dute zuzenekoa, Elorrioko Iheskide taldearekin batera.