BILBO. Museo bilbotarrarekin lankidetzan Municheko Haus der Kunst museoak antolatutako erakusketa honetan, ikusleek "barruko eta kanpoko munduak bereiziko dituzte" eta, kasu bakoitzean, "mikrokosmos berezi bat irudikatzen duten emozioz betetako 28 gune arkitektoniko ezagutu eta esperimentatu ahal izango dituzte". Erakusketa BBVA Fundazioaren babesari esker egingo da.

Museo bilbotarreko arduradunek adierazi dutenez, Louise Bourgeoisen (1911, Paris - 2010, New York) ideiak eta berrikuntza formalak, besteak beste, artelanetan psikoanalisiaren eta feminismoaren inguruko nozioak txertatzea, lanen kopapena ingurumen instalazio gisa taxutzea eta antzezpenarekin lotutako formatuak lantzea, "gaur egungo artearen funtsezko elementu bihurtu dira". Horren adibide bikainak dira "Gelak". Serie hau 1986an "Artikulatutako gordelekua" (Articulated Lair) piezarekin hasi zuen artista frantsesak, eta 60 artelan berezi inguruz osatua dago.

Bilboko erakusketa dela eta, Ietik VIra zenbatutako "Gelak" lehen aldiz elkartu dituzte 1991tik, Pittsburgheko Carnegie International erakusketan lehen aldiz bildu zirenetik. "Cell" terminoa Carnegien erakusketa hura prestatzen ari zirenean sortu zen, eta Bourgeoisentzako ingelesezko "cell" hitzak hainbat esanahi ditu, organismo bizidun baten zelula biologikoa zein espetxe edo monasterio bateko banakako ziega esan nahi baitu.