Bera Nevada zen eta bere istorio guztiak Nevada ziren”. Esaldi horrekin abiatu du William Douglass antropologo, ikertzaile eta euskal gaietan adituak Bizi ondorengo herio-tza: Nevadako kontakizunak liburua. Bere azken sorkuntzan, hamahiru narrazio bildu ditu orotara Douglassek (Reno, Nevada, 1939), eta guztiei darie “Nevada usaina”, atzo Landakoko Ahotsenea gunean eginiko solasaldian Edorta Jimenezek agertu zuenez: “Nevadako lurretan, paisaia idor horretan barrena garraiatzen gaitu Billek, bere sustraiak bilatzeko ahalegina izan nahi duen lan honetan”, zioen Jimenezek.

Liburua euskaraz eta gazteleraz argitaratu du Pamielak, eta laster ingelesezko bertsioak ere argia ikusiko du Estatu Batuetan. Lana “erabat autobiografikoa” dela onartu zuen Douglassek; baina, era berean, “biografia guztiak fikzionatu” egiten direla iritzi zion. Hala, bere narrazioetan ere fikzioak baduela tarterik onartu zuen. Zentzu horretan, eta orain arte kaleratu izan dituen antropologia liburuekin alderatuz, liburu honek “askatasunez jarduteko” aukera eman diola adierazi zuen. “Askatasuna izan dut nire protagonistekin nahi dudana egiteko”, jakinarazi zuen. “Antropologia arloan oso modu desberdinean lan egitera ohituta nago. Hor bestelakoek agintzen dute: datuek, artxibategiek? Horrenbeste denboran horrela lan egitera ohitu den pertsona batentzat askatasun ia erabatekoa da fikzioa idatzi ahal izatea”, gehitu zuen.

nevada gerturatuz “Nevada hobeto ezagutzeko ipuin-liburua” ere bada Douglassen azkena, egileak berak aitortu zuenez. “Badut arrantxo bat han, desertuan; naturaz inguratuta bizi naiz, pozik. Niretzat, oso mundu berezia da, eta nahi nion irakurleari errealitate horren berri eman”, azaldu zuen. Hala, orrialdez-orrialde, irakurleak ezagutuko ditu Nevadako ibai luzeak, bertako kasinoak, autobideak, baina baita Ertamerikako oihana, Kaliforniaraino hedatzen dire rantxoak, meatzari-herriak, etab.

Bere sustraien bilaketa horretan, Nevadako bazterrak ez ezik, bere “mapa pertsonala” ere eraiki du Douglassek, bere arbasoen bizitza gogora ekarriz, batik bat: “Nire aurreko hiru belaunaldiak metzariak izan ziren”, gogoratu zuen. Horrez gain, Douglassek berak kasinoen munduarekin egun duen harremanaz ere hitz egin du bere azken lanean.

Bere ibilbidean Douglassek euskal gaiei lotutako argitalpen ugari kaleratu baditu ere, bere azken uzta ez dela “euskal liburu bat” argitu zuen egileak. “Irakurle askok, agian, hori esperoko dute nigandik, baina hau ez da euskaldunei buruzko lan bat; euskaldunei eginiko pare bat aipamen izango dira ipuin batean-edo, baina hau nire istorio pertsonala da”, agertu zuen.

Ongi irabazia du, halere, Mr. Basque ezizena Douglassek. Izan ere, lan oparoa egin du talde etnikoak eta diaspora bezalako gaiak iker-tzen. Eta, bereziki, Euskal Herrian zentratu izan du bere ikerlana. Are gehiago, “bizitza eman du Euskal Herriari emana”, Jimenezen esanetan. Besteak beste, hogeita hamahiru urte egin ditu Renoko Unibertsitatean, Euskal Ikasketen Programaren koordinatzaile lanetan. Errekonozimenduak ere makina bat jaso ditu. 1998tik hona, ohorezko euskaltzaina da, eta Eusko Jaurlaritzako Lagun Onari saria ere eskuratu du Euskal Herriaren alde eginiko lanarengatik. Durangon bertan, Argizaiola Saria jaso zuen, 2013an.

Orain dela bi urte sari hori jaso zuen plaza berean aitortu zuen atzo Douglassek Euskal Herrian “etxean” sentitzen dela. Era berean, eta erretiroa “ofizialki” duela 15 urte hartu bazuen ere, euskal gaiak lantzen jarraitzen duela ziurtatu zuen. “Adibidez, aurten, Kubako euskaldunei buruz Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen liburu baten koordinatzaile lanetan aritu naiz; eta, horrez gain, Ozeano Bareko euskal esploratzaileak izeneko liburu bat ere kaleratu dut”.

William Douglassek eta Jon Bilbaok 1975ean idatzitako Amerikanuak liburuaren 40. urteurrenaren harira Mondragon Unibertsitateak biharko antolatu duen solasaldian parte hartuko du Douglassek, Euskal Herrian egingo duen egonaldia biribiltzeko. Amerikanuak 40 urte. Vascos: imágenes y representaciones izenburua izango duen ekimen horretan unibertsitate desberdinetako ikerlariak eta euskal diasporako hainbat ordezkari izango dira. Ekitaldia irekia izango da eta Aretxabaletako campusean egingo da.