donostia - Kolorez betetako abesti sorta “indartsua” da Esna, Esne Beltzaren azken proiektua eta euren estudioko bosgarren lana. Bikoitza da: abenduaren 11tik aurrera -lehenago Durangon salgai izango da- talde hernaniarraren lana eskuratzen dutenek euskarrian beste disko batentzat lekua dagoela egiaztatuko dute. Izan ere, maiatzean proiektu honen beste erdia kaleratuko dute. “Udan lan asko izaten dugu eta 15 kantuko disko bat prestatzea zaila egiten zaigu; baina zortzi abestiko lana sortzea posible izan da”, azaldu zuen Zigor Lampre DJak atzo. Horrez gain, urtean zehar “biziago” egoteko aukera dute. “Orain, bi hilabetetan, diskoak zaharrak gelditzen dira eta, modu honetan, ez da asko itxaron beharko gure lan berria ezagutzeko”, gaineratu zuen.
Lehenengo zatia, datorren hilabetean kaleratuko dena, estilo ezberdinetako abestiez osatuta dago, eta hainbat kolaboratzaileen laguntza izan dute, Zoo talde valentziarrarena, Green Valley, El Canijo de Jerez eta La Pegatina taldearena, besteak beste. “Orokorrean, reggae kutsu bat daukala esan daiteke”, azaldu zuen Xabi Solano abeslari eta trikitilariak, eta diskoa irekitzen duen abestia, Sorterritik, estilo horretakoa dela gehitu zuen (Rude abeslariaren laguntzarekin egin dute). Diskoaren izena daraman Esnak ere estilo berbera du, baina kasu honetan Green Valley taldeko Ander aritu da Solanorekin kantuan. Bestalde, Argentinan oso ezaguna den kuarteto estiloko abesti bat ere badago. Beste kantu batean, Shakirak berak du bere lekua, eta emakumeen aldeko kunbia ere ageri da diskoan. “Hala ere, bereziena agian singlea da, Sueños de color izena daramana, El Canijo de Jerez eta La Pegatina taldeko Rubenekin egindakoa”, azaldu zuen Solanok. Kantu hau taldearen lehenengo runba da. Baina euren sustraiak ez dituzte ahaztu eta azkeneko abestia porrusalda bat da, udan zendu zen euren manager Amaia Apaolazari eskainia.
mezu indartsuak Letrei dagokienez, estudioan bertan sortu zituzten eta horrek “freskotasuna” eman dio Marcos Esteban Pini abeslariaren ustez. “Disko introspektiboa da, gure kezkak, bizipenak eta izaera islatzen dituena”, gaineratu zuen, betiere Euskal Herria ardatz dutelarik. “Mezu argia zabaltzen saiatu gara, floritura gutxirekin eta testu indartsu eta zuzenak erabiliz”, esan zuen Pinik. Adibidez, deserria aipatu zuen gai bezala: “Denek bizi izan dugu zein gogorra den gure herria uztea”. Bere iritziz, kantu ausartak dira, amesteko, desia-tzeko eta borrokatzeko esna daudela erakusten dutenak.
Diskoaren izenak, berriz, bi arrazoi ditu. Solanok azpimarratu zuenez, “ametsik gozoenak esna egiten ditugu”. Bestalde, taldea “esnatzen” lagundu duen jende berria sartu da Esne Beltzan. “Aldaketa asko izan ditugu taldean azkenaldian, eta azken taldekide berriek talde bezala esnatzen lagundu digute”, gehitu zuen, eta orain oso gustura daudela nabarmendu zuen.
Diskoaren euskarria ere berezia da, aurreko lanetako kolore zuri-beltzak eta behiaren irudia utzi baitituzte, La Prima Matako Luis Toledo diseina-tzaileak aholkatu dien bezala. “Ezagutzen ez gaituztenei gure indarra, musika beltzaren kutsua eta aniztasuna islatu nahi dizkie, eta horretarako kolore asko eta lehoiaren irudia erabili ditu”, azaldu zuen DJ Zigorrek.
Durangoko azokan, abenduaren 7an eskainiko dute kontzertua eta hilaren 12an Viana Rocken arituko dira. Zuzenekoetara martxoan itzuliko dira.