Euskarazko jarduera ludiko batekin ondo pasa-tzeko asmo xumearekin jaio zen 1980an ALBE, Algortako Bertso Eskola. Orduan ereindako haziak emaitza bikaina eman du eta adar ugariko zuhaitz sendo bihurtu da. ALBEren baitako lagun giroan, bertsoaren sekretuak ezagutzeari ekin dioten ume zein helduek bat egiten dute eskolatik irtendako txapeldun ezagunekin, etenik ez duen katean. 35 urte igarota, Bizkaiko bertsolaritzan ezinbesteko ardatza da eta Uribe Kostako euskalgintzari ekarpen mardula egiten dio.

1980ko hamarkadaren hasierak ilusioa zabaldu zuen Bizkaiko bertsogintzan: Xabier Amuriza etxanoarrak Euskal Herriko txapela jantzi berri zuen, ikuspegi berritzaile batekin. Trino Azkoitia eta Andoni Iriondo gipuzkoar getxotartuek Algortara eraman zuten olatu haren aparra. Haiek sortu zuten ALBE eta berehala batu zitzaien lagunarte ederra, Joseba Santxok gogoan duenez. ALBEko kidea eta 35. urteurreneko ekitaldien arduraduna da bera. “Hasierako helburua ezin apalagoa zen: euskal giroan ondo pasatzea”, dio Santxok.

Denboraren joanean, baina, ALBEren helburuak egokitzen joan dira. Azkoitia eta Iriondo Algortako Zabala ikastetxean hasi ziren bertsogintzaren oinarrizko teknikak neska-mutilekin lantzen eta, pixkanaka, bertsolari gazteen harrobia osatzen hasi ziren. Bertso-tradizio luzea duen eskualdea da Uribe Kosta eta orain dela hamarkada batzuetako tradizio horri lotu zaio berriro eskualdea. Joseba Santxoren esanetan, eskualdeko eskoletan bertsolaritza irakasteko ekimena arrakastatsua izan zen, “gaur egun ALBEren inguruan dabiltzan asko orduko taldeetan hasitakoak dira”. “Bertsolariak sortzea dugu xede, baina bestelako helburu apalagoei muzin egin barik”.

BAT-BATEKOAREN MAGIA

Eskualdeko eskoletan ehunka ikasle ditu ALBEk gaur egun. Laupabost irakasle ari dira umeei bertsogintzaren oinarriak irakasten. Beste alde batetik, bat-bateko taldeak dituzte, hiru multzotan banatuta: Hasiberriak, aritutako gazteak eta aritutako helduak. Bertsotan inprobisatzearen magia ezagutzera dei egin du Santxok: “Inork mikrofono aurreko inprobisazioaren zirrara adiktibo hori probatu gura badu, datorrela gurera”. Bertso-puenting, edo bat-bateko jardunerako jauzia egiteko laguntza eskaintzen dute. “Ingurukoen babesa garrantzitsua da hasierako urratsetan, hori ere eskaintzen diogu plazan hasi nahi duen bertsozaleari”.

Uribe Kostako herritar, elkarte eta erakundeekin harreman estua dauka Algortako bertso eskolak. Esate baterako, Joseba Santxok nabarmendu du 35. urteurreneko egitarau oparoa antolatzea ez zela posible izango eskualdeko eragileen elkarlanik gabe. Hitzaren Dantza ikuskizun berezia gogoan dute ALBEko guztiek, inguruko dantza talde eta musikariek lan izugarria egin baitzuten. “Elkarlanaren aldekoak gara, eta izango gara beti”. ALBEk berak ere, bertsoetatik harago doan ekarpena egiten dio Uribe Kostako ondareari, antzinako bertso tradizioa berreskuratu eta aisialdian euskara hedatuta.

Gainerako kultur elkarteen moduan, ALBE ere militanteen lanak atera du aurrera. 35 urtera sasoi betean iritsi diren arren, garai latzak igaro behar izan dituzte. Horregatik, “ilusioz eta harrotasunez” ospatu dute urtemuga. “Makalaldiak gainditzeko gai izan gara eta haietatik indartuta irten gara”. Beraz, etorkizunari sendo heltzeko kemenez ikusten du ALBE Santxok, orain dela 35 urte ereindako haziak fruitu gozoak ematen jarraitu dezan. “Bertso-familia bat osatzen dugu, kolore desberdin asko dituena, eta horixe da luze irauteko egiturarik sendoena”.