DONOSTIA - Kostata, Lourdesen larruan jarri behar izan zuen Itziar Ituñok (Basauri, 1974) Loreak-en, eta, kritikoen arabera, goitik behera asmatu zuen. Pelikula Oscarrei begira dago eta bera, bitartean, otsailetik langabezian. Edonola ere, ezin du poza disimulatu. “Istorio txiki bat Loreak, baina detaileetan handia”, nabarmendu du.

Zati bat irabazi da, baina beste zati bat falta da oraindik, ezta?

-Hori da. Oscarretara pilo bat pelikula bidaltzen dira, eta aukeratuen artean egotea zaila da, baina tira, Espainiako Akademiak hautatu du, eta ez da gutxi. Orain, Hollywood-en erantzuna falta da, eta bigarren urrats hori gaindituz gero...

Zerura. Edonola ere, zeru erdi irabazita duzue.

-Garai batean ez genuen honelakorik pentsatuko. Goyetara ailegatzea ere... Eta orain edozein gauza espero dezakegu. Zergatik ez egin amets?

Inoiz aipatu izan duzu, pelikula egin ostean konturatu zinetela zerbait berezia ondu zenutela...

-Bagenekien zerbait polita eta oso zaindua egiten genbiltzala, baina emaitza ikusi arte... Gero bai, pelikuloi bat egin duzue, esan ziguten. Eta urte honetan denetarik entzun dugu, baina nire inguruan kritikarik gehienak onak izan dira: oso hunkituta geratu direla, pelikula gogorra dela, tristea ere bai... Egon dira asko-asko gustatu zaienak eta jasan ez dutenak ere bai.

Oso euskalduna da, gainera, pelikula kontatzeko modua, hots, hitz gutxirekin.

-Euskaldunok bagara berba gutxikoak eta lotsatiak. Eta sentimenduak adierazteko orduan, apur bat baldartxuak. Eta hori ondo islatuta dago pelikulan, baina hitzekin esaten ez dena begiekin esaten da.

Pelikulako zure pertsonaia ez da erraza. Nola prestatu zenuen?

-Nigandik oso urrun zegoen pertsonaia bat egitea erronka izan zen; pertsona moduan ni ez naiz horrelakoa. Zuzendariekin berba pilo bat egin nuen eta gero nire lagun ba-tzuen izaera kopiatu nuen, eta saiatu nintzen ulertzen zergatik egiten zituzten gauzak horrela. Ariketa polita izan zen.

Eta zuzendariekin izandako harremana, nolakoa izan da?

-Kuriosoa. Gauzak oso garbi dituztelako, baina gero auzolanean egiten da dena beraiekin. Esaterako, testuak moldatu dira guretzako, naturalago irtetzeko, erosoago egiteko... Jon eta Jose Mari beti daude proposamenei zabalik. Gero, egia da, gauza bat garbi ikusten dutenean, eska-tzen dute hori bera, eta ondo atera bitartean errepikatu eta errepikatu egiten da. Zorrotzak dira.

‘Goenkale’n hasi zinen, gero ‘Agujeros en el cielo’ pelikulan parte hartu zenuen, antzerkia egin duzu, pelikula gehiago... Baina, denetatik, zein diziplina duzu gustuko?

-Nik antzerkia maite dut, hori gustatzen zait gehien, eta gero zinea, guztiz kontrakoa delako; hor dena egon behar da oso neurtua, emozioak beste era batera azaltzen dira, eta telebista ba... telebistak dirua emoten du. Nik gehien egin dudana da, eta gustura ibili naiz, baina, aukeran, antzerkia eta zinea nahiago.