donostia - LAE. Lehen Aldiz Euskaraz. Garai batean liburuen atzealdean sarritan agertzen ziren sigla hauek baina, gaur egun, urriagoak dira ale horiek. Hala ere, atzo aurkeztutako James Joycen Ulises liburuaren kontraportadan handi-handian jar daitezke hiru letra horiek, Xabier Olarra (Tolosa, 1953) itzultzaileak kilo eta erdi baino gehiago pisatzen duen liburu hau euskaratu baitu. “Aldarrikatu behar da, eleberri hori euskaratzea proeza bat da”, azpimarratu zuen atzo Gotzon Egiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zerbi-tzuko buruak. Bere aburuz, Joycek etengabe harri kozkorrak jartzen dizkio itzultzaileari, bere idazkerak dituen berezitasunengatik.

“Ez da atzoko kontua, aspaldi hasi baikinen Ulises euskaratzeko intentzioarekin bueltaka”, aitortu zuen Olarrak, baina inork ez zuen ardura hori hartzen. Euskaratu beharreko liburuen zerrendan jar-tzea erabaki zuten eta Olarrak, 2012an, denbora pixka bat edukiko zuela uste zuela eta, itzulpenarekin hastea erabaki zuen. “Hamar urtetan zehar egitea espero nuen, egunean 500 bat hitz itzuliz, gutxi gora behera”, onartu zuen itzultzaile tolosarrak. Baina Europear Batasunari dirulaguntza eskatu zion Olarrak, eta hauek 2015eko ekaina baino lehenago argitaratzeko eskatu zioten. Beraz, gogor lan egin behar izan zuen hiru urtetan zehar data horretara iristeko.

“hurbilketa bat” Baina, zergatik itzuli Ulises? “Euskaraz egon behar zuen beste hizkuntzetan badagoelako”, adierazi zuen Olarrak. Frantsesez, alemanez eta gazteleraz hainbat edizio egin dituzte, noizbehinka berritu egin behar baitira, eta katalanak eta galegoak ere bere itzulpenak dituzte jada. “Itzulpen guztiak hurbilketa bat dira, eta ahal den hobekien egiten saiatu naiz”, gaineratu zuen. Hala ere, ez da lan samurra izan itzultzailearentzat. “Ez zuen erraztasunik eman bere idazteko erarekin eta modu honetan, bere lanak itzultzeko aurkitzen ditugun zailtasuni esker, hilezkortasuna lortu du”, jarraitu zuen Olarrak. Adibidez, Molly Bloomen bakarrizketa aipatu zuen, puntuaziorik gabe idatzitakoa, “arauak hausteko intentzioarekin”. “Zortzi esaldi horiek irakurtzeak ordu erdi ematen du”, azaldu zuen, baina hala ere, oso ondo ulertzen direla gehitu zuen.

Liburua hainbat ataletan banatu du Olarrak. Lehenengo, hitzaurre “xume” bat idatzi du liburuaren egitura pixka bat azaltzen duena. Ondoren, obra osoa. “Kapitulu bakoitza arte bati eskainitakoa da, adibidez, erretorikari buruzko bat dago”, zioen. Hala ere, Olarraren ustetan oso garrantzitsua da hiru eranskinetako bat, ohar guztiak biltzen dituena. “3.000 ohar inguru daude, baina guztiak ez dira nik idatzitakoak”, azaldu zuen. Liburuaren bukaeran jartzea erabaki zuen, modu horretan obra oztoporik gabe irakurtzeko aukera eskainiz. Bestalde, euskararen erabilerari dagokionez, batua erabili du, eta hizkuntza zaharra aipatzen duenean, Etxepare eta Axular bezalako autoreen idazkeran oinarritu da.

Liburua aurkezteko asmoz, gaur, 19.30ean, Moly Bloom, lur eta haragia antzezlana ikusteko aukera egongo da Koldo Mitxelena Kulturunean, Agerre Teatroaren eskutik. “Bakarrizketa interesgarri hori guk hiru ahotsetan egingo dugu kasu honetan”, adierazi zuen Maite Agirre zuzendariak.