donostia - Euskal Jaietan festa giroa oso garrantzitsua bada ere, kulturak ere leku esanguratsu bat du. Horregatik, eta Donostia hiri euskalduna delako, jarduera “berritzaileak” antolatu ditu Donostiako Udal Liburutegien Sareak Euskal Idazleen Elkartearekin batera. Poesia Orduak ekimenak bi hitzordu izango ditu aurtengo Euskal Jaietan, eta irailaren 7an eta 8an egingo dira Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, 20.30ean. Bi emanaldietara sarrera doakoa izango da, baina 17.00etatik aurrera, gonbidapena jaso beharko da antzokiko leihatiletan.

“Literatura liburuekin lotzen dugu, baina oraingoan, berrikuntza modura, taula gainera jauzi egin dugu, oso aberasgarria iruditzen baitzaigu”, azaldu zuen atzo Jasone Osoro Euskal Idazleen Ekarteko lehendakariak, ekimenaren aurkezpen prentsaurrekoan.

Ixiar Rozas idazlea eta Maite Arroitajauregi -Mursego bezala ezaguna- musikaria izango dira lehenengo eguneko hitzordua eskainiko dutenak. “Bi obra uztartuko dituzte euren ikuskizunean”, adierazi zuen Osorok. Beltzuria izeneko emanaldi honetan, izen bereko Rozasen liburua eta bi artistek batera sortutako Plastika proiektua uztartu dituzte, musika eta soinuen bitartez sortutakoa. Oraingoan eskainiko duten lana, berriz, publikoak lehenengo aldiz ikusiko du Poesia Orduetan. “Oso berritzailea da, esperimentatzea gustatzen baitzaie, eta nahiko proiektu abstraktua dela esan daiteke, aurreko bien batuketa”, gaineratu zuen Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak.

Hurrengo egunean Karmele Jaio idazle eta kazetaria izango da protagonista. Eleberriak, ipuinak eta artikuluak idazten aditua -eta aski ezaguna- bada ere, poesian eman berri ditu lehen pausoak. Bihar argitaratuko du bere lehen olerki liburua, Orain hilak ditugu izenburua duena, eta hauxe taularatuko du Klub aretoko ikuskizunean. “Zuzeneko musika eta ikus-entzunezkoak ere edukiko ditu berarekin, eta emozioei lotutako emanaldia eskainiko du”, azaldu zuen Osorok.

Hilak 7, astelehena. Beltzuria, Ixiar Rozas eta Mursego. Rozasen Beltzuria liburua eta bien Plastika proiektua batuz sortutako ikuskizuna aurkeztuko dute. Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoa. 20.30ean. Doan.

Hilak 8, asteartea. Orain hilak ditugu, Karmele Jaio. Idazle eta kazetariaren lehen poesia liburua oinarri duen emanaldia, musikaz eta ikus-entzunezkok lagundutakoa. Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoa. 20.30ean. Doan.