Iker Antia margolariak eta Arteztu galeriako jabeak, bere lanak erakusteaz gain, aurrerapauso bat eman du. Galeria estudio bilakatu eta jendearekin partekatu du bere sormen prozesua. Zuzenean margo-tzen ekimena Antigua auzoko lokalean ikusgai izan da egunotan eta etzi bukatuko da. “Ideia hau eskakizun bat izan zen eta ikasleen, lagunen eta ingurukoen aldetik sortu zen nire obrak erakusteko eta nola lan egiten dudan ikusteko”, azaldu du Antiak. Gainera, ikasleek izan ditzaketen dudak argitzeko aukera ona dela uste du. “Esperientzia oso aberasgarria da”, dio.

Egiaztatu duenez, jendeari interesatzen zaio sormen prozesua ikustea. “Gauza batzuk galdetzen dizkidate gaiari edo motiboei buruz -esan du margolariak-. Bestalde, nik ere eurei galdetzen diet ea zer eragiten dien edo zer ikusten duten”. Bere ustetan, gai irekiak aukeratzen ditu eta interpretaziorako egokiak dira. “Alde batetik narratiboak dira, baina pintura oso presente dago. Pintatzeko era askotan abstrakziora gerturatzen da”. Izan ere, Antiak, Arte Ederrak ikasten ari zenean, abstrakziora jo zuen. “Ondoren, figuratiboa berreskuratu nuen, baina arte abstraktoaren inguruan ikasitakoa erabiliz”, azaldu du.

Lehenengo aldia da horrelako ekimen bat antolatu duela, baina jendearen aurrean lan egitea ez da arazo bat berarentzat. “Gustura margotzen dut bakarrik, baina jendeak entretenitzea ere positiboa da -dio-. Oso kontzentratuta egoteko momentua da baina, aldi berean, oso solte egotekoa”. Gainera, Antia ohituta dago konpainiarekin margotzera. Unibertsitatean masiboki egiten zuten lan, eta izan dituen estudioak partekatuak ziren.

“Inoiz ez dut hain gauza irekia egin, ez nuen gonbidapena zabaldu, eta asko ikasi dut esperientzia honekin”, adierazi du. Adibidez, margolan bati buruzko iritzi asko eman dizkiote. “Arte klasikoa gustuko dutenek an-tzematen dute koadroko hiru pertsonaiak Caravaggioren pintura batekoak direla, testuinguru berri batean -esan du-. Bestalde, irakurle amorratua den batek esan zidan hiruretako batek Tolstoien antza zuela”. Gainera, arteaz gain beste gai askoren inguruan hitz egiten ari dela azpimarratu du. “Literaturaz, zineaz, mintzatu naiz”, azaldu du. Hala ere, kanpoko kristaletik ere jendea begira aritu da. “Esker-tzekoa da interes hori”, dio.

Margolanak eraldatuz

Lehenengo esperientziaren ondoren, beste margolan bat egitea erabaki zuen, jende asko gerturatu dela aprobetxatuz. “Aldaketa handiak egin ditut euren iritziei esker”, onartu du Antiak. Batzuek asko lagundu diote eta jada bukatuta daukan margolana “erabat” aldatu da azkenerako. “Trabatuta nengoen, eta motiboa aldatutakoan, gusturago gelditu naiz”, azaldu du.

Lehenengo koadroarekin hasi aurretik, urduri zegoen eta ez zekien zer egin. “Batzuetan horrela hasten naiz, irudi batzuk harturik. Hemen hiru argazki daude: talde bat, hirukote bat eta mutiko beltz bat”, azaldu zuen. Konposizioa egin eta lanean hasi zen. Haurra busto bihurtu zuen, hirukotea bere testuingurutik atera eta taldea teknika abstraktoekin margotu. “Jendeak denetariko interpretazioak egin ditu: batzuen ustez, taldea bustoari buruz hitz egiten ari da, beste batzuek Afrikako harrotasuna dela esaten dute”. Bigarren koadroa hasi berri du eta estilo bera erabiliko du. “Oinarri figuratiboa du, baina teknika abstraktoa da”, esan du.

Hala ere, bere beste margolan ba-tzuk ere ikus daitezke galerian. “Hemen eginak dira, baina ez jendaurrean”, adierazi du. Adibidez, margolan batek El arca rusa pelikulako aktorearen aurpegia erakusten du. “Aurpegi bat egiteko aitzakitzat hartu dut. Margotzerakoan, atmosfera bat sortu nuen Mondrian gogorarazi dezaketen karratu batzuekin”. Bere emaztearen erretratu bat ere badago, baita antzerki batean ateratako argazki batetik egindako marrazkia ere.

Ekimena. Zuzenean margo-tzen ekimenean publikoak Iker Antia margolaria ikus dezake zuzenean lanean, baita galderak, iruzkinak eta iradokizunak egin ere. Astelehenetik ostiralera arituko da margotzen, goizero, Antigua auzoko Arteztu galerian, eta edonorentzat irekita dago atea.

Margolaria. Iker Antia margolaria da, Arte Ederretako ikasketak egindakoa. Gaur egun, Arteztu galeriaren jabea da eta bertako kudeaketa eta bere sormen prozesuak tartekatzen ditu.

2

Margolan egiten ari da ekimen honen barruan. Lehenengo koadroa jada bukaturik dago, eta autoreak dioenez, asko aldatu da jendeak egindako iradokizunei esker. “Uste nuena baino askoz ere hobeto gelditu da”, dio. Bestalde, bigarren margolana ekainaren 19an hasi zuen, eta orain egiten ari da, oinarri figuratibo batean, teknika abstraktoak erabiliz. Etzi bukatu behar du.