donostia - Ahozko kultur sorkun-tza bultzatzeko sortu ziren Ahoa bete hots jardunaldiak, eta aurki seigarren edizioa egingo dute uztailaren 1etik 3ra bitartean, Villabonako Subijana etxean. Aurtengo gaia “erakargarria” da, Nora Urbizu Amasa-Villabonako Kultura eta Euskara zinegotziaren ustetan. Emozioak eta umorea ahozkotasunean izenburupean, hauek nola lantzen diren eta transmititzen diren erakutsiko dute.

Beñat Gaztelumendik, Mintzola Fundazioko ikerketa arduradunak, hiru egunetan zehar egingo diren ekitaldien berri eman zuen. Hilaren 1ean, Amaia Vazquez psikologoak hitzaldi bat eskainiko du, Emozioen kontrola jendaurrean izenekoa. Ondoren, Itziar Zubizarretaren txanda izango da. Bularretik Mintzora proiektuaren arduraduna eta Galtzagorri elkarteko kidea ipuingintzaren emozioez mintzatuko da eta gero, Asisko Urmeneta marrazkilariak Euskal Irria izeneko hitzaldia eskainiko du. “Azkenik, bertso eta marrazkiak uztartzen dituen saio berezi bat izango dugu, Marrizkirratutako bertsoak”, azaldu zuen Gaztelumendik. Kantuzale Elkarteko Juan Luis Aranburuk aurkeztuko du.

Bigarren egunean, Bertsolaritza praktika emozional gisa aztertuko du Jone Miren Hernandez EHUko antropologia irakasleak. Ondoren, bertsolari txapelketen eta umorearen arteko erlazioa zein den azalduko dute Lorea Arburuak (Bardoak txapelketa), Imanol Epeldek (Pu-tzuzulo txapelketa) eta Oxan Altunak (Tabernetako txapelketa). Egunari amaiera emateko, Demodé Quartet taldeko Joli Pascualenak kantagintza eta umorea nahasten dituen esperientzia honi buruz hi-tzaldia eskainiko du. Itziar Irigoien, Ahoa Bete Hotseko batzorde kidea, izango da aurkezlea. “Azkenengo egunean tailerrak izango ditugu oinarri”, azaldu zuen Gaztelumendik. Lehenengoz, clown tailerra Iosu Florentinorekin eta ondoren, Nola landu emozioak antzerkian, Ander Lipus antzezlearekin. Eñaut Gantxegik, egun honetako auzkezleak, “emozioak zabaltzeko intentzioa” daukatela azpimarratu zuen. Izena emateko, Mintzolako web orrialdean dago informazioa.

ikerketari bultzada Bestalde, bertsolaritzaren ikerketa bultzatu nahi dute Mintzolatik eta, Mikel Laboa Katedrarekin batera, bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat eta hiru lan monografiko -master amaierako lanek izango dute lehentasuna- egiteko bekak emango dituzte. Deialdia atzo ireki zen eta irailaren 11an itxiko dute. Kasu guztietan, laguntza akademikoa eta ekonomikoa emango ditu EHUk. “Ziur gaude sortuko diren lanek ekarpen oparoa emango dietela gizarteari”, baieztatu zuen Isabel Elorzak, EHUko Gipuzkoako Kanpuseko Euskara zuzendariak.