baiONA - Oragarren euskaldun jaio, bizitzaren zabuak Parisera eraman eta, neurri batean, hantxe frantsestu zen, hamabi urterekin berriz euskarara bueltatu zela, kontzien-tzia osoz. Itxaro Borda goitizenaren atzean ezkutatzen da Bernardette emakumezkoa, Maiatz aldizkariaren sortzaileetako bat, Seaskako presidente urte askoan, postaria gaur egun. 80. hamarkadan neskuts samar zegoen euskal literaturaren plazara jauzi egin ordutik lan gogoangarriak ondu ditu, narratiba zein olerkigintza jorratuz.
Hesi ideologikoen gainetik saltoka, periferiako idazle sentitzen da oraindik, bazterreko edo bakandu, baina ez dauka ohiko looser-aren jiterik. Hurbilekoa eta apala, gure literaturan erreferentzia ezinbestekoa bihurtu da Bernardette lotsatia.
Erotismoa da protagonista Gutun Zurian, eta zu gonbidatu zaituzte, beste gauza askoren artean, horretaz hitz egiteko. Pasa den asteburuan, Fernando Arrabalek esan zuen sexuaz berak ez dakiela ezer eta erotismoa ergelkeria iruditzen zaiola. Zuretzat zer da erotismoa?
-Agian arrazoi du Arrabalek; sexuaz ez daki eta ez dakigu ezer eta erotismoa izan daiteke jendarte kristauegietan sexuaren a-moralismoa, naturalegia delako, eufemizatzeko baliabide bat. Eufemizatuz literaturan, artegintzan, zineman erabil daiteke, natura kulturaren alorrean txertatuz. Niretzat ere erotismoaren gaia hizkuntza bat -alegia bizitza bat...- da; are urrunago, emateko, irauteko, plazer egiteko eta norbera kitzikatzeko modu bat da.
Edorta Jimenezek, ostera, idaztea bera ere plazer galanta dela dio. Badu punttu erotiko bat, beraz, izkiriatzeak?
-Bat nator berarekin: idaztea bada plazer iturria, lizuna da egoera erotikoak asmatzea eta paperean etzatea hitzak aukeratuz zehazki. Gurea bezalako jendarte batean, moralismoa nagusi zelarik, kontuz ibiltzekoa zen idazlea, testu erotikoak kometi-tzerakoan. Ikusi bestela nola hartuak ziren Jean Etxepareren Amodioaz ipuina eta Jon Miranderen izugarrikeria pornografikoak, biak gain-gainetik moralista-politikoak.
Edonola ere, zuretzat sufrimendua ere izan zen urte askotan? Lehenengoko lanak ezabatzera eraman zintuen horrek?
-Lehenengo lanak, aldizkarietan agertu gabekoak, sutan erre nituen hogei bat urte nituela. Uste dut sufrimenduaren erroan zegoela nire idazle izaeraren paradoxaltasuna, gure herrietan, baserritar jatorrikoa, hizkuntza gutxietsikoa eta emakumea izanez idazle haztea ezinezkoa zelako. Idazteko orduan luzaz ukan dut jatorriaren zama hori sorbaldan eta horri, saltsaren mintzeko, politika mailako nire ez-egokitasuna gehitu nion...
Kontu hori aldatu da. Zertarako baliatzen duzu orain izkiriatzea? Oroitzeko? Hausnartzeko?
-Beharrik aldatu zela, bestela askiko nuen desagertzea! Idazle gisa nire izaeraren asumitzeko tenorea etorri zitzaidan, izkiriatzeko beti, beldurrik eta ahalkerik gabe. Neurri batean bridak libratzean are hobekiago bete-tzen da idazle lana; lana baita hondarrean, amodioa eta askatasuna bezala. Oroitzeko, oparitzeko, hausnartzeko, gozatzeko...
Musika, maitasuna, periferiakoak, bakanduak, lekuak, langileria? Hori dena eta gehiago jorratzen duzu zure literaturan. Erotismoak zer nolako lekua hartzen du hor?
-Leku zentrala datxika erotismoak eta batzuetan egiazki pornografiak, nire maixua horretan James Ellroy delarik, hitzenganako izurik ez baitu sekula agertzen bere nobeletan. Nire begirada bazterrekoa da, periferiek interesatzen nautelako, jendeak halaber, eta guztiak dantzan jartzeko, fikzioaren mailan bederen, desioaren premia daukat, erotismoaren erakargarritasuna ala pornografiak sortu dezakeen goragalea. Erotismoak funtzio soziala dauka eta alde horretarik intimitate gutxi dago nire liburuetan.
Diot sarritan euskal literaturan erotismoa ‘atrezzo’ bat izan delako, edo aditzera eman izan den zerbait, beti erdi ezkutuan. Zergatik uste duzu hain gutxi landu dela erotismoa gure literaturan?
-Apezek eta notable klase sozial jakinak kontrolatu zuen euskarazko literatura, kasik 50.-eko hamarkadaraino. Morala zen nagusi, borti-tza, larderiatsua. Erotismo zantzuak hala ere agertzen dira bekatuak nolakoak diren dioten orrialdeetan, kontra adibide bezala.
Gutaz asko esaten du ‘ezkutatu’ behar horrek?
-Erran zaharrak ederki dio: harria bota eta eskua gorde. Literatura zen alorrik kontrolatuena. Bertsolaritza, aldiz, herrikoiagoa zen. Zer nahi en-tzun zitekeen, aski da oroitzea zein berdeki ari ziren Lazkao-Txiki eta Mattin adibidez. Jendeari irria ebatsiz, emazteena barne. Baina Euskal Herritik kanpo euskalduna erotismo maixu bihurtu daiteke, benetakoa izateko premiazkoa den sadismo puntta batekin gainera, hala nola Anais Nin-en Euskalduna eta Bijou ipuin genialean.
Azken urteotan, kendu ditugu pisu horiek gainetik?
-Bai, lasaiago gabiltzala ematen du, hitzekin, gorputzarekin eta sentimenduekin askeago. Baina helburua ez da dena agertzea eta erratea deblauki, deus gorde gabe. Sekretuekiko jokoak baitu hain zuzen ere erotismorako jaidura pizten.
“Erotasun maskulinizatzaile olde batek gatibatzen du Lurra”. Erotasun horrek gatibatuta egon da erotismoa ere gurean?
-Nabaritzen da maskulinitate ero horren oldea gurean ere, gizonezkoa beldur balitz bezala boterearen galtzeko. Maskulinitatea orokorrean feminismo erasokorraren aurka altxatzen da. Emazteak etxean nahi dira, abortatzeko eskubiderik gabe, gizonezkoaren menpe ekonomikoan.
“Nire perpausa lesbikoa da naski”. Zuk esana. Hastapenetan (1986eko ‘Klara eta biok’ ipuinean, esaterako) modu metaforikoagoan, ondoren ageriago, baina homosexualitatea beti egon da present zure obran. Esanez izateko modu bat?
-Klara eta Biok ipuinean, 1986an, GALen garaiko Baiona hartan gara-tzen zen bi nesken artean izenik aitortzen ez zitzaion harreman homosexual bat kontatzen nuen. Erotika lesbianaren ezaugarriak baziren eta badakit orduko iparraldeko lesbiana isilek beraien gustuko desio zantzuak ezagutu zituztela.
Dena den, intimitatea eta gogoeta soziala uztartzea ez da inoiz erraza izanen. Zuretzat bai?
-Erraza ez da, irakurleak testu zeha-tzak nahi dituelako, gai bat, hiru pertsonaia nagusi, giro sozial bat eta berrehun orrialde. Ez dugu pazien-tziarik, demagun Dostoievskiren Deabruak bezalako nobela mardul, nahasi eta burbuilatsu baten irakur-tzeko. Nire irudiz intimitatea soziala da, eraikuntza kolektibo bat, eta askotan intimitatea literaturan egoera orokorraren argitzeko metafora bat baino ez da.
‘%100 Basque’n generorik bako kapitulu bat idatzi zenuen, eta ‘Ezer gabe hobe’n muturrera eraman zenuen kontu hori. Zer nahi zenuen lortu horrekin?
Desafio bat bezala idatzi nuen kapitulu hori eta nobela oso hura. Generoaren kontuak ezabatzeko saio horretan ohartu nintzen zein garran-tzitsua zen gramatika. Ezaugarriak ezabatzen joan nintzen, pixka bat egitura neoliberalak eskubidez gabetuak nortasunez biluzten dituen bezala; gizonezkoaren eta emakumezkoaren gainean jende soila geratuko baili-tzan. Testuinguru horretan ezin dira gorputzak erotizatu eta hori nahikoa frustrantea da idazlearentzat.
Behin, Gabriel Arestiri buruz hitz egiten entzun zintudan, gorputzari ematen dion tratamendua aipatuz, baina ez nuen ondo ulertu orduko hura. Zertaz ari zinen zehatz-mehatz?
-Arestik emaztearen gorputza preseski erabiltzen du herriaren metafora ontzeko, baina gorputz horri plazera ukatzen zaio, gorputz mutilatua eta abandonatua delako. Borrokari abertzaleek behialako apezen pare egin zuten, gorputza tresna gisa eta gudarien atsedenerako erabili.
Erromantikoa zarela aitortu duzu inoiz. Baina, ba omen dago maitasunaren ‘erotikarik’? Badago biak lotzerik edo desioaz hitz egin beharko genuke ezinbestez?
-Lotura zuzena dagoela uste dut. Idatzi erotikoak egin dituztenak askotan moralista indartsuenak izan baitira, irudimen handikoak, ametsak bururaino eramaten zituztenak. Fikzioan bederen maitasuna eta erotika uztartzen ahal dira; bizi-tzan ere zenbaitetan.
Zer iruditzen zaizu ‘pornografiko’ gaur egungo gure gizartean?
-Gizarte kontsumista erabat pornografikoa iruditzen zait gaurko egunean; dena erakusten eta dena salerosten du.
Eta, kontrara, erotikoa iruditzen zaizun zerbait?
-Musika, edozein kategoriakoa. Paisaia batek ukitzen ahal nau, karrikan gurutzatzen dudan pertsona batek edo bakartasunak, sinpleki.