BILBO - Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoaren 21. edizioa hasi da motorrak berotzen. Aurten, nazioarteko 13 film luze (iaz baino bi gehiago) jasoko dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu dute -horietatik bost lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estatu espainolean-. Horrez gain, lehiaketara aurkeztuko diren 22 film labur eskainiko dira, horietatik erdiak euskal zinegileen lanak. Aurtengo FANT maiatzaren 8an abiatuko da eta 15ean proiektatuko dira azken filmak, beti legez, Golem-Alhondiga zine aretoetan emango direla piezarik gehienak.

“Atzerriko ekoizleek gogoan dute FANT, eta gero eta estreinaldi gehiago ditugu, bide onetik goazen seinale”, azpimarratu zuen atzoko agerpenean Justo Ezenarrok, Bilboko Udaleko kultura zuzendariordeak. Ibone Bengoetxea Udaleko kultura zinegotziak ere FANTek azken urteetan irabazi duen “pisua” nabarmendu zuen: “Genero honetako munduko ehun jaialdi onenen zerrendan sartu dute aurten lehenengoz”.

Keeling anaiak izango dira FANT berria inauguratuko dutenak, euren lehenengo film luzea den The House on Pine Street-ekin. Beldur psikologikoko drama horren Europako premierea maiatzaren 8an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian ospatuko den FANTen inaugurazio ekitaldian eskainiko da.

Horrez gain, zinemaldiak leku berezia gordeko die genero honetako izen handiei. Esaterako, Hayao Miyazaki zinegile japoniarrak edo duela denbora gutxi hil den Álex Angulo antzezleak omenaldi bana izango dute (azken honek Álex de la Iglesiaren El día de la bestia lanaren emanaldiarekin, filma areto komertzialetan estreinatu zenetik bi hamarkada betetzen diren honetan).

Azken edizioetan gertatu den bezala, film laburrek leku azpimarragarria izango dute FANTen. Zinegile berrien lana bultzatu nahi duten -hori da Zinemaldiaren xede nagusietakoa- film laburren alorreko bi sariei (3.000 eurokoak), Euskal Laburmetraiarik Hoberenari ematen zaion 2.000 euroko saria gehitu behar zaie. “Mundu osotik etorritako 800 film labur baino gehiago jaso ditugu, iaz baino askozaz gehiago”, aitortu zuen atzo FANTeko arduradun Eugenio Puertok. - I. Mendizabal