Otsailaren 7an Iruñean hasitako Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala ospatuko da gaur Elizondoko Baztan pilotalekuan. 17.00etan ekingo diote finala osatzen duten zortzi bertsolariek, Julio Soto, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Julen Zelaietak, txapelketaren azken lehiari. Denak hala denak esperientzia luzeko bertsolariak eta finalaren oholtza dastatutakoak dira, beraz, pilotalekuko bertso-partiduan lehia ziurtatuta dagoela dirudi. Zor-tzikotearen artean, gainera, badaude txapela jantzitako bi: Soto eta Zelaieta.
oZortzi hauek izan dira azken oholtzara iritsitakoak, orain artean jokatu den Nafarroako Bertsolari Txapelketarik jendetsuenean. Izan ere, aintzinetik jokatutako saioetan, baita txapelketara sailkatzeko egindakoetan ere, 33 izan dira parte hartu duten bertsolariak. Aunitz Nafarroako bertso lehia nagusian aritutakoak, estrainekoz aritutakoak beste batzuk. Otsailaren 7tik martxoaren 15era bitartean jokatutako saioen ondotik, gaur erabakiko da, azkenik, nor izanen den Xabier Silveira egungo txapeldunaren ondorengoa.
Finala, erran bezala, arratsaldeko 17.00etan hasiko da eta pilotalekuko ateak ordu bat lehenago irekiko dira. Oraindik sarrerak geldituz gero, antolatzaileek pilotalekuko takila 15.00etatik aurrera zabalduko dutela adi-tzera eman dute.
Final "baztandarra" Iruñeko eszenatokia atzean utzita finala Elizondora buelatzeko erabakia hartu duten aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketako antolatzaileek. Nafarroako Bertsozale Elkartetik azaldu moduan, Iruñean azken saio handia ospatzeko aski babesik ez eta "bereziki egoera ekonomikoak bultzatuta" aukeratu da leku berria. Bestalde, bertan final gogoangarriak jokatu izan direla ere azpimarratu dute, tartean Zelaieta txapeldun bilakatu zuen hori.
Antolatzaileen hitzetan, gainera, "azken urteetan bertsolaritzaren transmisioan eta indartzean lan handia egin da Baztanen", eta final honekin "beste urrats bat eman nahi da bertsolaritzaren sustapenean".
Oholtza gainean bertako bertsolaririk egonen ez den arren, saioak ku-tsu baztandar nabarmena izanen du. Izan ere, ingurua kontutan hartuta, irabazleari txapela jantziko dioena Juanjo Atxa almandoztarra izatea erabaki dute antolatzaileek. "Baztan Ikastolako irakasle izanik, urte luzeetan zehar eskola orduetan bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean eginiko lan isil eta etengabea nabarmendu nahi dugu horrela", adierazi dute. "Ekimen pertsonal horri esker, milaka gaztek bertsolaritzarekiko lehen ezagupenak Juanjoren bitartez jaso dituzte".
Aurkezle lanetan Fernando Anbustegi elizondarra arituko da, Alaitz Rekondorekin batera; eta bertsolariek honako lanei egin beharko diote aurre: ofizioka, zor-tziko handian, zor-tziko txikian eta hamarreko txikian aritu beharko dira; eta bakarkako lanetan puntuari erantzuna eman eta gai-jar-tzaileek emandako gai baten inguruko bertsoak egin beharko dituzte, doinu eta neurria aukeratuz. Puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolarien artean, azkenik, buruz-burukoa jokatuko da, ofizioka zortziko txikian eta sei puntuko motzean; eta kartzelako lanarekin bakarkakoan. Soilik orduan jakinen da nor izanen den 2015eko txapeldunaren izena.