Hikaren, Kabia Teatroaren eta 6. Pabilioiaren Gau arabiarra antzezlana berriki ikustera joan direnak harrituta geratu dira soinu-bandarekin. Izan ere, erritmo-kutxa bat antzeratzen duen musika sortzen du gazte batek zuzenean, ahotsa baino ezer gehiagorik erabiliz. Gazte horrek Iker Vergara du izena, Mufasah ezizena, eta beatboxerra da.

Beatbox korrente musikala 80-90. hamarkadetan sortu zen Estatu Batuetan, rap-arekin batera. Gaur egun, kontinente guztietan egiten da, eta Italia, Frantzia, Hong Kong edo Chicago bezalako lekuetan nahiko herrikoia da. Eztarriarekin bapateko abestiak sortzen dira, giro-soinuak edo atmosferak eraikitzen dira edota beste musika-tresnak lagundu, soinu-kuxa baten modura. Bakarlari gisa ibiltzeaz gain, Vergarak (Bilbo, 1988) rap eta hip-hop artista ezagun asko lagundu ditu eszenatokian: Violadores del Verso, Tote King eta Sotta, Jeru da Damaja, Markooz eta Lytos, etab. 2009an, Estatu mailako beatboxing lehiaketa batean hirugarren postua lortu zuen eta 2012an, Euskadiko bigarrena izendatu zuten.

Nola bihurtu zinen beatboxer? Non ikasi zenuen?

Hip-hop-ari esker ezagutu nuen beatboxa. Abesti bat entzuten ari nintzen eta liluraturik geratu nin-tzen soinuarekin. Ahotsarekin egiten ari da hori guztia? Nola egingo du?, galdetu nion nire buruari. Eta saiatzen hasi nintzen, nire kabuz praktikatzen. Nire diafragman eta birikietan bilatzen, soinu berriak deskubritu nituen. Beraz, autodi-dakta naiz, zeren beatboxa ez da kontserbatorio batean irakasten, oraingoz, behintzat! Gainera, beatbox joerak ez du mugarik eta aldakorra da guztiz. Hortaz, zaila da horren lekukotasunik geratzea.

‘Gau arabiarra’ zure antzerki munduko lehenengo esperientzia da? Nolakoa izaten ari da?

Bai, nire lehenengo aldia da. Egiten nuena ikusi zuten eta gustatu egin zitzaien. Proiektuan parte hartzea proposatu zidatenean, zergatik ez? pentsatu nuen. Eta entsaiatzen hasi ginen. Egitasmo berria da niretzat, egiten dudan performance musikararekiko oso desberdina. Oso pozik nago, oso esperientzia aberatsa izaten ari da niretzako, bai pertsonalki, baita profesionalki ere.

Nolakoa izan da soinu bandaren egokitzapen prozesua?

Aktoreak entsaiatzen ikusten garatu dut soinu banda, edozein ikus-entzunezko produkziotan egiten den bezala, baina ordenagailurik gabe. Denboran zehar garatu ditudan soinuak egokitu ditut obra honetarako, eta beste berri batzuk asmatu egin ditut okasiorako. Gero, emanaldian integratu eta... Voila, beatboxer bat eszenan!

Jarduera hau zure ogibidea da edo beste lanbiderik baduzu?

Boladaka doa. Orain gutxi arte, ikasten eta praktikak egiten ibili naiz. Lan batzuk izan ditut, baina gazteok ditugun lan-egoerak ez dira batere onak. Enpresa munduan, berria denaren eta ezezagunaren beldur dira eta ez dakite etorkizuneko belanauldiei onurarik ateratzen. Bestalde, beatboxer bezala bolo dexente egiten ditut. Iaz, Shintoma, Dj Zeus eta Julen raperoekin batera hip-hop inguruko proiektu bat burutu genuen, beatbox eta koroak batzen zituena. Gainera, T.R. Mystery, Kasper y dj Maher eta Kloy musikarien kontzertuetan parte hartu nuen. Orain, Gau arabiarra antzezlanaz aparte, tailerrak ematen ditut eta ekitaldiak ere antolatzen ditut.

Zer behar da beatboxer on bat izateko?

Ez dago bertute idealen zerrendarik. Norberak bere bertuteen ekarpena egiten du. Batzuek soinu berezi bat ateratzen dute, beste batzuek beste bat. Ez dago errezetarik. Informazioarekin, esfortzuarekin eta dedikazioarekin edozein gauza lor dezakezu. Baina hori ez bakarrik beatboxing egiteko, edozertarako.

Nolakoak izaten dira beatbox lehiaketak?

Lehiaketetan, beatboxer bakoitzak bere teknikarik eta errutinarik hoberena erakusten ditu, denbora tarte mugatu batean. Epaileek alde ezberdinak ebaluatzen dituzte: teknika, musikaltasuna, trebetasuna, etab. 2006an, Elorrion, Estatu mailako lehenengo txapelketa egin zen. Hemen egin den azken lehiaketa orain dela hiru urte izan zen, Edenika ekoizpen-etxeak eta Orodrethek antolatuta. Bertako epai-mahaikide izan nintzen.

Euskal Herrian badago beatbox-arekiko zaletasunik?

Euskal Herriko auzo eta herrietan jende asko dabil honetan. Baina eremu nahiko berria da, nahiz eta apurka-apurka ezagutzera ematen ari garen. Une honetan, oso ona den jende berria ateratzen ari da. Mugimendua hazten doa eta denbora gutxian bereziki nabarituko da.