Hego haize edo ero haizeaz hitz egiteko “andraizea” hitza erabiltzen dute leku askotan. Hala ere, Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984) argi utzi nahi izan du hasieratik: Andraizea ez da ez eromenari buruzko liburua. “Zoroaldi txikiz osatutako ipuinak dira, niretzat bizi-tza zoroaldi txiki horiez osatzen delako”, argitu du.

Liburua osatzen duen ipuin bakoi-tzari pertsona baten izena eman dio egileak; eta, gehienetan, emakumezko izenak dira. “Ez dakit hautu honen zergatia azaltzen, baina izan daiteke emakumea ausartagoa, koloretsuagoa edo eroagoa denaren sentsazioa dudalako”, azaldu du.

Halere, ipuinen izenburuetakoak ez dira istorioetako protagonistak, Goikoetxeak azaldu duenez. “Izen horiei begira daudenak dira benetako protagonistak. Izan ere, nik begiradetan sinesten dut, begiradetatik sortzen diren pentsamenduetan batez ere. Sarri esan ohi dugu ‘begiratzen du, baina, ez du ikusten’, baina nik esango nuke ‘ikusten du, baina ez daki begiratzen’. Eta niretzat begiratzea da lepoa okertu behar bada, lepoa okertzea, hankaz gora jarri behar bada, hankaz gora jartzea, eta begiratzen asmatzeko begiak itxi behar badira, begiak ixtea”, azaldu du.

Ohiz kanpokoak Liburuko pertsonaia gehienak bereziak dira, edo berezitasunak dituzte: bihotza falta zaie, hildakoak daramatzate ipurdian, hodeiak arrantzatzen dituzte? “Ohiz kanpoko zerbait egiten dute, eta ohiz kanpokoari ero deitzen diogu sarri”, iritzi dio Goikoetxeak. “Nik, ordea, erotasun horri ikuspegi positiboa eman nahi izan diot. Horregatik egin nuen izenburu honen aldeko apustua, besteak beste”, gehitu du.

Elkarrizketek pisu handia dute ipuinetan. Zenbaitetan, absurdoak dirudite, eta badago surrealismorako joera ere. Goikoetxearen ustez, egunerokoan egoera askotan izaten ditugun elkarrizketen isla dira. “Arrazoi ezberdinengatik, esan nahi dugun hura esaten ez dugu asma-tzen sarri, eta horrek gaizki ulertuak eta harremanetan zailtasunak sor-tzen dizkigu. Elkarrizketak hankamotz gelditzen zaizkigu batzuetan, eta horiek ezkutatzen dutena agerian jartzeko aukera izan beharko genukeela uste dut”.

Zer bururatu, hura idatzi Bere buruari mugarik jarri gabe eta maiz eskuari libre joaten utziz idatzi du liburua Goikoetxeak. Izan ere, ba-tzuetan pentsamenduari libre joaten utzi behar zaiola uste du beasaindarrak. “Halako marko formal eta mugatu batean bizi garela iruditzen zait askotan, eta horrek pentsamenduak mutilatu eta kanpora irtetea galarazten du. Baina niri hitz eta pentsamendu ez formal horiek interesatzen zaizkit, hain justu”. Hala, pertsonaien pentsamendua irakurri eta irakurritako hori idatzi du Goikoetxeak, “pentsamendua askatuz, alegia; zer bururatu, hura idatzi”.

Literaturaren munduan berria ez bada ere, Andraizea lehen liburua du Goikoetxeak. 2010-2013 urteen artean idatziriko ipuinekin osatu du bere aurreneko liburua. “Idatzi nuen lehen ipuina Carmen izan zen, 2010ean. Garai hartan ez nuen ipuin-liburu bat osatzeko asmorik, baina ipuin horretan erabili nuen estiloak harrapatu ninduen, eta ondorengoak ere molde berean idaztea erabaki nuen”, kontatu du. Lehiaketa batean saritua suertatu zen ipuin hori, eta, gerora, liburuko beste hiru ipuin ere sarituak izan dira sariketa desberdinetan. Lehiaketetan zentratu ordez, baina, ipuin guztiak proiektu berean biltzea erabaki zuen Goikoetxeak.

Ikasketaz matematikaria eta ogibidez irakaslea bada ere, literaturak “pisu handia” dauka Goikoetxearen egunerokoan. “Larunbatero literatur saio bat egiten dut Segura Irratian, eta horrek testu txikiak sortzera eta irakurtzera bultzatzen nau. Horrez gain, hiru irakurle talde dinamizatzen ditut eta herrian sortzen diren ekimen ezberdinetan ere parte hartzen dut. Niretzat beti dago ai-tzakiaren bat sormenari heltzeko”, dio. Bertsoak eta poemak ere idazten ditu, baina ipuinak idazten “erosoago” sentitzen dela dio Goikoetxeak. Dena den, bere idazketan bilakaera bat eman dela sumatzen du, eta horrek bide berriak lantzera animatzen du: “Neure buruari erronka berriak ezartzea gustatzen zait, eta polita litzateke orain arte egindakotik aparte beste zerbaiti heltzea. Egia esan, aurrera begira, badut burua proiektu zurrunbilotsu batean murgiltzeko gogoa”.