donostia -Berrogei urte baino gehiago daramatza ilustrazioaren munduan murgilduta. Bere lanak eran-tzun ona du, duela gutxi Dabilen Elea Saria jaso baitu bere ibilbidea dela eta. Besteak beste, liburuak, diskoen azalak, komiki-tirak eta aldizkariak marrazkiz bete ditu Zabaletak.

Urte dexente daramatzazu lan honetan. Nola aldatu da? Zein bilakaera izan du?

-Gero eta lan gutxiago dago, gaur egun ez du oso egoera ona bizi ilustrazioak. Aurrera jarraitzeko arazoak dauzkagu, beste formatu batzuk asko zabaldu dira eta. Bestalde, teknologia aldetik aurrerakuntza asko egon dira ni hasi nintzenetik, eta lan egiteko modua aldatu da, gehienbat digitalki egiten baita lana orain.

Liburuak ilustratzeaz gain, diskoen azalak, kartelak, etabar egin dituzu. Zer da gehien gustatzen zaizuna?

-Sakon-sakonean, marraztea gusta-tzen zait. Lan egiteko orduan gauza desberdin askorekin topatu naiz. Adibidez, kartelak egin ditut, baita komiki-tirak ere, eta arlo guztietan aritu naiz gustura, guzti hauen oinarria marrazkia baita. Gaur egun, nire lan gehienak ikastoletan egiten ditut, haurrekin eta gaztetxoekin. Publiko hau beste mundu bat da, eta beren beharretara egokitu behar naiz, baina egiten dudan hau ere oso gustuko dut.

Zein da zure lan egiteko metodoa? Zein teknika erabiltzen dituzu?

-Lehenik eta behin, informatu egiten naiz, ahal dudan informazio gehiena biltzen dut. Irudiak edo argazkiak jaso behar baditut lan honetarako, hori egiten dut lehendabizi. Behar dudan informazio guztia daukadanean, paperean marrazkiak egiten hasten naiz. Batzuetan, bozeto horiek hobetu eta paperean marrazten dut, akuarelekin. Beste batzuetan, ideia ordenagailura pasatzen dut. Gaur egun, tablet oso onak daude, zehaztasunez marrazten laguntzen dutenak, baina nire ustez, eskuz egitea erosoagoa da.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

-Oso zuzena iruditzen zait, eta oso garbia. Bestalde, gaia gogorra izan arren, samurra izaten saiatzen naiz. Marra garbia erabiltzen dut. Hau da gaur egun ezagutzen den nire estiloa. Izan ditut aldaketak, ordea. Siluetak egiten hasi nintzen, eta garai iluna eduki nuen, beltza asko erabiltzen nuen.

Zer behar da ilustratzaile on bat izateko?

-Nire iritziz, garrantzitsuena marrazkia da. Hala ere, gaur egun marrazkilari oso onak ez direnek ere oso lan txukuna egiten dute. Teknologiari esker truku asko daude, ez da hain beharrezkoa marrazkilari ona izatea. Hala ere, nik marrazkiarekin harrapatuta jarraitzen dut. Gazteek kontrolatzen dute gehiago teknika berrien inguruan, unibertsitatean tresna desberdin asko erakusten dizkiete.

Ilustrazioaren bidez, euskal kulturaren aldeko gauza ugari egin duzu, adibidez, Olentzeroren irudia ezagutzera ematen lagundu zenuen.

-Hemengo mitoak, jainkoak, festak? bultzatzeko ahaleginak egin genituen garai batean. Gai hauek hartu eta borobiltzea zen helburua. Horretarako, modernizatu egin genituen figura batzuk, gaur egungo gizartearekin bat etorriko direnak.

Orain dela egun batzuk jaso zenuen Dabilen Elea Saria. Zer esan nahi du honek zuretzat?

-Ez nuen jada horrelako onarpenik espero, eta honi esker ikusi dut jendeak babesten nauela. Susmoa neukan batzuek gustuko zutela nik egiten dudana, baina ez nuen espero denek era honetan erakustea, elkarte guztiek batera. Duda bat baldin baneukan gainean, kendu didate. Nolabait berpiztu egin naiz. Beti barruan uste izan dut horrela izango zela, baina jada gertatu da. Gainera, ekitaldia oso maitagarria izan zen.

Sari honekin, gehienbat ibilbidea sarizen du, baina zuk izango dituzu zure lan kuttunenak...

-Disko azalei dagokienez, gehienak gustatu zaizkit, adibidez, Haizea taldearena eta baita Kantarirena, ikastoletako haurrekin egindakoa. Garai batean egin nituen bineta batzuk oso onak dira, nire ustez. Ipurbeltzen, denak ez, baina badaude marrazki oso on batzuk. Liburuei dagokienez, oso gustura gelditu nintzen Salsalpika aleekin. Lehenengoan egindako lana bereziki ona iruditu zitzaidan. Bestalde, Atxagari egindako lehenengo ipuina dut gogoan, edo Euskara 5 liburua, nire lehenengo lanetako bat.

Ilustratzailearen lana oso lotuta dago idazleei. Zer moduzko erlazioa daukazu hauekin?

-Dabilen Elea Saria jaso nuenean ikusi zen idazleek estimatzen nautela, oso gustura sentitu nintzen. Baina egia esan, autore desberdinekin lan egin dut, ez dut asko errepikatu, liburu bat edo bi egin ditut bakoitzarekin.

Orain, Aieteko Ilustratzailearen Txokoko protagonista zara. Bertan, lan egiteko orduan erabiltzen dituzun objektuak daude ikusgai. Zein objetu eman dituzu?

-Argizariak, pastelak eta rotrinak eman ditut, asko erabiltzen baititut, eta baita urarekin nahasten diren tintak ere. Horiek dira eraman ditudan material nagusiak. Amuleto funtzioa betetzen duen ezer ez daukat, beraz, ez dago horrelako objektu bitxirik. Edozein lekutan marrazten dut. Enkargu bat jasotakoan, urrutira joaten nintzen askotan, inor ez zegoen tokietara, restop batera, mendira... Zeharo kontzentratzeko hori behar dut, ez material berezirik, batzuetan argazkiak eta beste irudi batzuk erabili ditudan arren.

Zeintzuk dira etorkizuneko planak?

-Beti bezala, edozein lanetara irekita nago. Gaur egun muga asko daude, eta oso zaila da lana lortzea, baina nik amesten jarraitzen dut. Adibidez, lehengoan mural bat egin nuen Aieten, eta oso gustora sentitu nintzen. Hala ere, normalean ikastoletatik deitzen didate, eta horrela jarraitzen badute, ni joango naiz. Haurrekin eskulanak egiteko prest nago.