Koloreak sentimendu eta sentsazioekin lotzen ditu hainbatek. Kolorearen psikologia. Gorria da maitasuna, beltza heriotza. Beltza baina baita zuria ere, begiratzen duten begien jaiolekuak eta kulturak markatuta.

Zazpi kolore ditu Jon Arretxeren libururik kuttunenak, azalean izenburu bera daramanak: beltza, grisa, horia, gorria, berdea, urdina eta zuria. Zazpi kapitulu eta zazpi kolore, zazpi istorio erreal, zazpi bidaia: “idatzi ditudan liburu guztietatik horixe da biribilena, eta oso berezia da niretzat; kolore eta kapitulu bakoitzak mota ezberdinetako istorioak izkutatzen ditu”, kontatzen du idazle bizkaitarrak Goienkaleko erakusmahaian.

Laugarren eguna du Arretxek Landakon, lau eguneko iraupen-lasterketa. “Hasi dira jada lehenengo datu ofizialak plazaratzen eta aurreikuspen guztiak hautsi omen dira”, dio ageriko poztasunez, eta eurek ere “oso sentsazio ona” izan dutela azpimarratzen du. Goizetan igarri du batez ere irakurleen bertaratze nabarmenena, arratsaldeak atzean geratu ez badira ere, baina neke guztiak alboratuta baikorra da aurtengo edizioari botatzen dion atzerako begirada.

Afrika txikia Ahotseneako karpa txikian hasi zuen atzoko eguna, aurtengo bi liburu berriak aurkezteko: Hutsaren Itzalak eta Beti Iparralderantz. Nobela beltza da lehenengoa, bere ohiko generoa; bigarrena, berriz, publiko gazteari zuzendutako istorioa. Harresi Handirantz argitaratu zuenetik 17 urte igaro direnean, bere eskutik helduta abenturazko bidaian murgiltzera animatzen ditu irakurleak, Mali hasiera-puntu gisa hartuz.

“Egunon, sinatuko didazu?”, dio norbaitek lotsati. Begirada bihurria eta irribarre zabala ditu Sarek. “Gaur bertan hasiko naiz irakurtzen”, konta-tzen dio ilusioz 12 urteko neskatoak Arretxeri. “Harrapatuko zaitu, ikusiko duzu, behin irakurtzen hasita ezin izango duzu gelditu”, erantzuten dio.

Egun hauetan gazte ugarik erosi du Drissa protagonistarekin batera Afrikan zehar bidaiatzeko txartel berezi hori. “Selfia egingo dugu elkarrekin? galdetu didate horietako askok eta grazia izugarria egin dit, duela lau egun arte ez nekielako zer demontre zen hori”, aitortzen du, barrezka.

Afrikatik ere asko du Hutsaren Itzalak lanak, Bilboko San Frantsizko auzoa eszenatoki nagusia bada ere. Afrika txikia. Hala deitu dio idazleak Toure protagonistaren bizileku bilbotarrari. Azken hiru urteak bertako pisu batean igaro ditu, auzoko atmosfera arnasten, bilduma honen hirugarren abentura gorpuzten. “Beltzagoa da azkeneko hau, gogorragoa eta aldarrikapen sozial nabariagoa duena”, abisatzen die erakusmahaira bertaratutakoei.

“Durangora oso irakurle fidelak datoz, eta askok Azoka heldu arte itxaroten dute liburu berria erosi eta sinadura eskatzeko”. Sinadura baino gehiago eskaintzen die Arretxek, ordea, eta guztiekin solasaldi txikia izaten du. Tartean, Heziketa Fisikoko lizentziaturan harekin egondako ikaskide bat eta bere alaba, bere istorioetan lehen aldiz murgiltzen zen Deustuko bikotea, Finlandiaraino bidaiatuko duen liburu bat...

“Irakurle bakoitza altxor txiki bat da, bere denbora nire liburua erosi eta irakurtzen erabiltzen dutelako, horregatik oso interesgarria irudi-tzen zait beti euren iritzia zuzenean edo email bidez jakitea: nire beste libururik irakurri duten, zergatik aukeratu dituzten edo zein gustatu zaien gehiago eta zergatik”.

Aurtengo lau eguneko euskal kulturaren bidaia amaitzear zegoela, Azokako nobedadeak begiratu eta eskuratzeko astirik izan ez zuela zioen atzo Arretxek: “Nire asmoa zen tartetxo bat ateratzea erakusmahaietan zehar lasai ibiltzeko, baina jendea etengabe animatzen ari da erostera eta oraindik ezinezkoa izan zait, agian arratsaldean lasaiago ibiliko gara eta aukera edukiko dut erosketa batzuk egiteko”. Gatiburen Euritan Dantzan diskoa eta liburu batzuk erostekoa zen aurten, “eta ziur begirada bat bota ondoren zeozer gehiago hartuko dudala”.

Urtero hurbiltzen da Landakora, “lan txipa soinean” azken edizio hauetan. “Azoka askotan ibilia naiz, baina niretzat ez dago Durangokoaren xarma berezi hori duenik”.