Jakin eta Ortzadar. Horiek izan ziren Durangoko Azokaren azken hondarrean Deia-k eta Noticias Taldeak antolatutako ekitaldiko protagonistak. Duela bi urtetik, Ortzadar gehigarriak ale berezi bat kaleratzen du urtero Durangoko Azokarekin batera, eta, ale horretan, euskal kulturgintzan azpimarratzekoa den norbaiti egiten zaio gorazarre. Orain dela bi urte Joxe Azurmendi pentsalari eta idazlea izan zen aukeratua; iaz, Ramon Saizarbitoria idazlea; eta, aurten, Jakin aldizkariaren txanda izan da. Noticias Taldea osatzen duten lau egunkariekin batera larunbatean kaleratu zen ale hori argitaratzeaz gain, omenaldi xume bat egitea ere erabaki zuten arduradunek. Eta, gainera, omenaldi hori Durangoko Azokan egitea adostu zuten, euskal kulturgintzak atzorarte bertan eratu zuen plazaren begietara.
Ekitaldian izan ziren Bingen Zupiria Deia-ko Zuzendaria eta Iñaki Mendizabal kazetaria eta Ortzadar-eko arduraduna, Jakin-eko Joan Mari Torrealdai eta Lorea Agirrerekin batera. Jakin-i gorazarrea egiteko arrazoiak aipatu zituen Zupiriak lehenik, “azken 60 urteetan euskal kulturgintzan berezko lekua izan duen aldizkaria” dela azpimarratuz. Gaur egun Jakin-en gidari-tza daraman Lorea Agirreri meriturik kendu gabe, “orain arte jakinkide izan direnei” egin nahi izan zieten omenaldia atzokoan. Eta, zen-tzu horretan, nor hobeto azken 42 urteetan Jakin-en zuzendari izan den Joan Mari Torrealdai baino. Hala, solasaldiaren amaieran, oroigarri berezi bat jaso zuen Torrealdaik, Zupiriaren eskutik.
1956. urtean sortu zenetik gaur egunerarte, etapa asko eta askotarikoak bizi izan ditu Jakin-ek. Bide luze eta emankor horretan, euskarari hauspoa ematea izan du, eta du, xede nagusi. Helburu horretan, baina, hainbat izan dira bidean gainditu behar izan dituen zailtasunak, frankismoan aldizkaria gogor kolpatu zuen zen-tsura, kasu. Bidean gainditu beharreko une zailetaz galdetuta, baina, 1967an Jakin-en zuzendaritza hartu eta taldea osatu behar izan zuen sasoia ekarri zuen gogora Torrealdaik, “garai hura etiketen garaia” zelako, “horrek taldea osatzeko suposatu zuen zailtasunarekin”.
1977. urtetik aurrera, Jakin-ek lau lemazain nagusi izan ditu: Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Torrealdai bera. Mendizabalek hainbeste urte lanean elkarrekin jarduteko formulaz galdetuta, “sekreturik ez dagoela” onartu zuen Torrealdaik. “Proiektu baten inguruan erroturiko harremana izan da gurea. Gainera, oso talde irekia izateak lagundu digu, izan ere, Jakin-en lanean aritu diren kideak, ni izan ezik, bestelako zereginetan ere aritu izan dira, eta agian horrek eman digu askatasun handiagoa eta baita beste dimentsio bat ere”.
Mendizabalek “euskal produkzioaren notario” moduan definitu zuen Torrealdai, alor honetan egin duen lan andana gogoan. Durangoko Azokaren harira mahaiaren bueltan bildurik, euskal kulturgintzak egun bizi duen sasoia ere izan zuen hizpide Jakin-eko zuzendari ohiak. “Gorpuztuta eta egonkortuta” ikusten du euskal kulturgintza Torrealdaik. Euskarazko sorkuntzak kezkatzen ez badu ere, euskarazko produktuen kontsumoan ikusten du arazoa: “Hain justu, iazko produkzioaren azterketa egiten ari naiz oraintxe, eta agerian geratzen dira gabeziak, euskaraz kontsumitzen diren eta kontsumitzen ez diren produktuen arteko aldean, batez ere”. Giza eta Gizarte Zientzietako lanak eta aisiari buruzko liburuak jarri zituen adibide moduan Torrealdaik, arlo hauetako euskarazko lanen kontsumo urriak kezkatuta.
1977. urtetik aurrera Jakin-en gidari izan den laukoak lekua utzi zion belaunaldi gazteago bati, maiatzean. Geroztik, Lorea Agirrek zuzendutako eta hamalau lagunek osatutako lantaldeak darama Jakin-en gidaritza, nahiz eta oraindik Jakin Fundazioko Zuzendari izaten jarraitzen duen Torrealdaik.
Torrealdaik berak oraintsu adierazi du “konfidantza osoa” duela talde berriarengan, “gogoa eta borondatea” ikusten baitu beraiengan. Are gehiago, talde berriak “hobekuntzak” ekarriko dituela ere uste du, “ideia berriak” ikusten baititu kide berrien artean. Hain zuzen, horixe da Agirrek talde berriarengandik espero duena: proiektuari begirada berri bat eransteko aukera. “Jakinkide berriek aukera edukiko dugu garai bateko gaiei beste ikuspuntu bat eransteko. Baina, era berean, belaunaldi berria gai izan beharko da erronka beregain hartu eta jende berria erakar-tzeko ere”, adierazi zuen.
Edonola ere, Agirrek “erronka moduan” hartu du jardun berria, eta inola ere ez “zama gisa”. Gainera, jaso duena “urrats bat aurrerago eramatea” gustatuko litzaiokeela adierazi zuen. Aldaketa ez du “eten baten moduan” ikusten zuzendari berriak, “trantsizio moduan” baizik, eta fase horretan Torrealdai ondoan izatea “ohore bat” dela gaineratu zuen.